Sanmielak 2016

Jokin Lizeaga ‘Urnietar Prestu’

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 6a, 02:00

Urnietako euskaltzaleek Iñistor jaian bilgunea izaten dute Sanmieletan. Eguna toka txapelketarekin hasi ohi da, herri bazkariarekin jarraitu eta irrintzi lehiaketarekin amaitu. Bazkalostean “Urnietar Prestu” omenaldi ekitaldia egiten da, zeinean aurtengo protagonista nagusia Jokin Lizeaga mendi lasterkari handia izan den. 

Maila bikainekoa, Euskal Herriko eta munduko onenen pare dabil. Azken urteetan lesioak edota amaren galera medio, etenak egin behar izan ditu bere kirol ibilbidean.

Hain zuzen ere urteotan egindako balentriak eskertu nahi izan zizkioten Iñistorrak eta haren gertuko eta lagunek. Iñistor jaiaren protagonista bilakatuta, haren hitzak kontuan hartzeko modukoak izan ziren. Hasteko eta behin eskerrak eman zizkien Iñistorra elkarteari eta omenaldira hurbildutako guztiei. Baita animoak eman dizkioten zaletu horiei guztiei, Urnietan eta Gipuzkoa osoan. Ezin ahaztu Maritxu eta Martin gurasoak “mendira hurbiltzeagatik”, Pirinioetara gaztetxo zirela eraman zituen Iñaki Aranzadi apaiza, Sarrioak eta Zanpatuz mendi elkarteak. Eta horra iritsita hausnarketa egin nahi izan zuen jendaurrean: “Mendia Urnietak eta Euskal Herriak duen altxor preziatuena da eta gutxietsi egiten dugu. Guztion neurrira egindako espazioa da..., batzuk korrika eta beste asko oinez, familian ibiltzen dira. Inbidia den gaixotasun handiena gainditzeko sendabidea da mendia. Ez baita inorera, eta era berean guztiona da. Goza dezagun mendiaz, kontsumoaren ikur diren taberna, merkatalgune handi edota telebista saihestuz”.
Azken hitzak esker ona adierazteko izan ziren: “Eskerrik asko urte polit eta era berean gogor hauetan animoak eman dizkidazuen guztioi”.

IÑISTOR JAIA

Toka txapelketa, 10. edizioa:
1. Jose Antonio Calvo.
2. Antonio Amundarain.
3. Roberto Ostolaza.
Partaide kopurua: 32 tiratatzaile.

Partaide guztiek egin zuten lehenengo botaldi txandan Antonio Amundarain tolosarrak eta Jose Antonio Calvo urretxuarrak berdindu egin zuten, bosna aldiz jo baitzioten burdinari. Berdinketa hori hausteko bi txandatan 12 botaldi berri egin zituzten eta azken horretan Jose Antonio Calvok berriro ere bostetan jo zion, baina Antonio Amundarain tolosarrak hirutan. Hirugarren saria Roberto Ostoloza zarauztarrak lortu zuen.

Irrintzi lehiaketa, 8. edizioa:

1. Nerea Arriaga    151 puntu.
2. Itziar Sarasua    149 puntu.
3. Ana Gabirondo  145 puntu.
Haur eta gazteak:
1. Andoni Zumeta.
2. Jone Izagirre.

Helduen atalean irabazlea Nerea Arriaga Azkue izan zen, 151 punturekin. Bigarren beste oriotar bat, Itziar Sarasua Alberdi, 149 punturekin, eta hirugarren, urnietarra, Ana Gabirondo Balda, 145 punturekin. Puntuazioan ikus liteke lehia estua izan zela, baina hiruetan doinu gozoena, musikalena, Arriaga oriotarrarena izan zen. Urnietan hainbatetan izan da irabazle.

14 urtetik beherakoen artean bost lagunek hartu dute parte aurten. Lehenengo saria Larraulera joan zen Andoni Zumeta Ugartemendiaren eskutik. Bigarren saria Urnietan bertan gelditu zen, Jone Izagirre Goenagak irabazi baitzuen.

San Juan plaza jendez beteta eta Egan taldearen doinuak lagun, irrintzi eta irrintzi artean partaideak egindako lanarekin gustura gelditu ziren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!