Fernando Uribesalgo musikari ekintzailea zendu da

Bart gauean hil da musikari beteranoa, 67 urterekin. Pertsona aski ezaguna zen herrian, ekintzailea, eta mina eragin du bere heriotzak. Bihar, osteguna, arratsaldeko 18:30ean izango da bere aldeko hileta elizkizuna.

Bere ibilbideko zenbait argazki:

[Argazkiak]

Los Rubi taldeari omenaldia 2014an:

[Bideoa]

Fernando Uribesalgo musika pieza, berak zuzenduta:

[Bideoa]

Musika zainetan berarekin eraman zuen musikaria izan zen Fernando Uribesalgo Edo. Musika eta kalea maite zituen zehazkiago esanda, eta biak maisuki uztartzen jakin izan zuen beti. Konta ezin ahala musika emanaldietan hartu zuen parte, herri eta auzoetako jaiak alaituz, dantza taldeekin zein txarangekin.  

Gaixotasun larri bat jasan behar izan zuen azken urteetan, baina bere borondate irmoa gorputzeko indarrek erantzuten zioten arte musikari eustea izan zen. Aurtengo Goizuetako Ama Birjinaren jai aurreko Auroratan, abuztuan, irten zen kalera azkeneko aldiz. Orduan saxoa jotzen aritu zen, Jexus Ibañezekin (esku soinua) eta Luziano (perkusioa) anaiarekin batera, Hernani eta Goizuetako abesbatzei konpainia eginez. Musika jo eta jo aritu zen Nafarroako herri horretan, kalean gora eta kalean behera; bere saltsan aritu ere, halako txandetan sentitzen baitzen zoriontsu. Baina pattal samar geratu zen ilunabarrerako, eta ohean pasa ditu azken egunak. Gertukoek aipatu dutenez, heriotza heldu bezpera arte musika partiturak eskuetan zituela aritu zen, abesti bat instrumentuetarako nola edo hala moldatzeko ahaleginetan.

Fernando txiki-txikitan murgildu zen musikagintzan, Luziano anaiarekin batera. Oraindik orain Kaletxikiko jaietan omendu duten Luis Fracarekin ekin zion musika ikasketari hain zuzen, eta laster integratu zen Udal Musika Bandan. Musikarako oinarrizko ezagutzez jabetu, eta saxoa eta bajua jo zuen batez ere harrezkero. Zuzendaritza lanak ere ederki bete izan zituen hurrengo urteetan, txarangekin esaterako.

Gaztetan, Los Rubi mitikoa sortu zuen Luziano anaia eta Enrike Rubiños, Pako Perez eta Julian Zinkunegirekin batera, 1964an. Sasoi hartan moda-modan ziren diskoteketan talderik ospetsuenetakoa bihurtu zen, Euskal Herrian zein inguruetako herrialdeetan. Taldeak, gazte jendeak gehien entzuten zituen abestiak jotzen zituen oholtza gainean. Aldi berean, rantxera estiloko errepertorioari ekin zion; musikari mexikarrek bezain ondo edo hobe jotzeagatik nabarmendu zelarik. Sasoi hartan utzi zuen Uribesalgok bigote erraldoi hori, eta harrezkero betidanik eraman zuen berarekin; bere itxura bereziki markatu eta identifikatu zuen elementua izan zen bigote hori.

Los Rubik aldaketa ugari jasan izan ditu bere ibilbide luzean, taldekideei dagokionez. Pako Perezek, anaiak eta hiruak izan dira oholtza utzi ez dutenak, eta gaur arte iraun dutenak. 2014an taldean partaide izan ziren musikari guztiei omenaldia eskaini zitzaien Basteron egin zen emanaldi batekin, Santa Krutz jaien atarian.

Aurtengo Etxeberrietako jaietan jo zuen azkeneko aldiz Los Rubirekin Fernandok. Jesus Ibañez eta Luis Treku eta (teklatuak), Luziano Uribesalgo (kantaria), Pako Perez (Tronpeta) eta berak osatu dute azken etapako Los Rubi taldea.

 

Beste zenbait proiektuan bultzatzaile

Musikari nekaezina izan da beti Fernando, eta azken urteetan, musikari lotutako beste hainbat proiektuen sorreran eta sustapenean hartu izan du parte. 2004an, gaur egun Andoaingo musikaren panoraman ezinbestekotzat jotzen den Gora Kaletxiki txaranga sortu zuen herriko beste zenbait musikariekin batera. Txarangak hasieratik eutsi dio Fernandok buruan zeukan gogoari: musika eskolan musika jole egiten diren gazteei irtenbidea eskaintzea, eta, Andoaingo bazterrak musikarekin alaitzea.

2014an, hain zuzen, Kaletxikiko jaietan omenaldi hunkigarria eskaini zieten txarangako sortzaileetako biri, Jesus Ibañezi (lehendakaria) eta berari (musika zuzendaria). Joxe Mari Oiartzabalek Fernando Uribesalgo izenburuko pieza ere sortu zuen.

Andoaingo Errepublikanoen Bandako zuzendaria ere izan zen urtetan; hasierako bere bultzadizoari esker, egun, Errepublika garaiko doinu borrokalariak lau haizetara zabaltzen jarraitzen du banda horrek, bai herriko kaleetan eta baita frankismoak zapaldutakoen omenez Etxeberrietan urtero antolatu ohi den ekitaldian.

Bestalde, gogoratu behar da Kaletxikiko Kaldereroen azken aldiko berreskurapenean ere buru belarri ibili zela, musika taldeko zuzendari gisa.

 

Jenio eta figura

Hara nola definitu duen Jesus Ibañezek, bere ondoan makina bat urte egin dituen lagunak: “Jenio eta figura zen Fernando. Ezagutzen ez zuen edonork, harekin hizketan jarri, eta jasoko zuen aurreneko inpresioa seguru ez zela zuzenena izango. Baliteke kaskagor, erretxinatu eta jenio biziko pertsonaren irudia transmititzea; baina pixka bat bere nortasunean sakontzen hasiz gero, pertsona bihozbera eta eskuzabala zela jabetuko zinen agudo. Lagunentzat edozer egiteko kapaz zen horietakoa zen; eta zer esanik ez tartean musikarekin lotutako proiekturen bat bazegoen. Pasioz bizi zuen musika, eta zerua ere jaitsiko zizun, baldin eta kontua bazen musika kalera eramatea eta jendearengana hurbiltzea. Hori bai, bere ironia maltzurra sekula ez zuen galduko”.

 

Gaur, osteguna, hileta

Bihar, osteguna, Goikoplazako San Martin parrokian egingo da hileta elizkizuna, arratsaldeko 18:30ean hasita. Senideak, adiskideak eta ezagunak ez ezik musikari zein musika zale ugari bilduko dira azken agurra emateko gogoz. Heriotzaren berri zabaldu denetik Gora Kale Txikiko musikariak erabat atsekabetuta dauden arren, Fernando musika doinuez agurtzeko asmoa azaldu dute, elizan barruan zein kanpoan abestiren bat edo beste interpretatuz; zehazki, koroan, Joxe Mari Oiartzabalek konposatu berri duen "Gogoan zaitugu" abestia joko du, eta plazan, berriz, kalejira erritmoko "Fernando Uribesalgo" abestia. 

Hernani eta Goizuetako abesbatzak ere parte hartzekoak dira hileta elizkizunean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!