Otabardiko ateak zabalik daude

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 5a, 02:00

Martxoan ireki zuten Otabardi landa aterpetxea. Taldeentzako bilgune, jendearen topagune, turistentzako txoko…, aterpe goxoa osatu dute Larraitz Alkortak eta Alfredo Aranburuk.

Urte erdi pasatxo dira Asteasuko Otabardi landa aterpetxeak ateak ireki zituela. Larraitz Alkorta eta Alfredo Aranburu dira ekimen berri honen sustatzaileak, eta pozik daude orain arte egindako bidearekin: “Oso gauza politak pasa zaizkigu hilabete hauetan. Hasi aurretik pentsatu ere egingo ez genituenak. Esaterako, zabaldu genuenetik, hainbat ekintza hartu ditu Otabardik; trikitilari gazteen topaketak, yoga talde baten jarduera, elikadura makrobiotikoa lantzen duen jendea, musika talde baten egonaldia, txoko ezberdinetatik etorritako turistek kontatutako istorioak, film labur baten grabaketa…, denetarik hartu du, dagoeneko, Otabardi etxeak. Gure helburua horixe zen; talde, elkarte, norbanako edota familientzako topagune izatea, eta hasiera ederra eman diogu gure ekimenari”. Lanez gainezka pasa dituzte udako hilabeteak, eta udazkenari begira ere, ikuspegi onak dituzte. “Asteburuetarako eskaerak baditugu eta oso gustura gaude”, azaldu du Larraitzek.

Lau logela, hogeita hamar ohe
Lau logela ditu Otabardik: hamar pertsonentzako gela bat, hamabi oheko beste bat, eta launa ohe dituzten bi gela. Jangela handia, egongela eta ganbara zabala ere baditu, sukalde eta guzti. Taldean, lagunartean edota familiarekin joateko toki aproposa da, beraz. Larraitz Alkortak azaldu duenez, “landa aterpetxe turistikoa da Otabardi. Eskaintza berria da, izan ere, gurea ez da ohiko agroturismoa, ezta ohiko aterpetxea ere. Gure baserriaren egiturari ondoen egokitzen zen modalitatea zen horixe eta gainera, aukera zabala eskaintzen du. Bikotean, familian edo talde handian etor daiteke hona. Nahi duenak, sukaldea erabil dezake eta nahiago izanez gero, guk presta ditzakegu otorduak. Datozenen beharretara moldatzen dugu gure eskaintza eta prezioz, gainera, ez da batere garestia”.

Turismotik haratago
Turistak izan dira, gehienbat, udan gerturatu zaizkienak. Datozen hilabeteei begira, ordea, inguruko talde, familia eta norbanakoei luzatu nahi diete, gehienbat, eskaintza. “Otabardi ez da gune turistikoa soilik, ez da hori gure helburua. Bilerak egiteko, entsaiatzeko, otorduak egiteko, bertso-afarietarako, kantu-afarietarako, lotarako…, erabilera asko eman dakioke Otabardiri eta horixe da gainera gure helburua; toki bizia izatea, jendeak erabil dezala eta goza dezala etxea. Gure inguruan sor daitezkeen ekimenei bultzada eman nahi diegu”, azaldu du Alfredok.

Tokikoa
Bertako produktuei ere garrantzia berezia ematen diote Larraitzek eta Alfredok. Udan, esaterako, hegaluzea egosi eta poteetan sartzen aritu ziren elkarlanean, eta urrian, piperrak erreko dituzte Egiatik datorren talde batekin. “Garaian garaiko produktuak erabiltzea gustatzen zaigu. Otorduetarako, esaterako, gure baratzeko produktuak prestatu izan ditugu uda honetan, eta jendeak ikaragarri estimatzen du hori. Hamabost metro eskas daude baratzetik sukaldera, eta balioan jartzen dugu kontsumitzeko modu hori”, dio Alfredok.  
Horrez gain, Euskal Herriko produktuak erosteko aukera ere eskaintzen diete gerturatzen direnei. “Lur-Lanekin harremanetan jarri ginen, eta handik ekartzen ditugu produktuak, guztiak ere Euskal Herrian ekoitzitakoak. Jende gutxik jakingo du, esaterako, Mendabian bertan egindako txanpaina badenik ere, edota olioa, ardoa…, hainbat produktu ekoizten da hemendik gertu. Produktu horiek jendeari eskainita, ezagutarazi egin nahi ditugu”, azaldu dute. “Kontsumitzen dugunean, erraza da aukera baten edo bestearen alde egitea, eta hemengoaren aldeko hautua egitera bultzatu nahi dugu jendea”, gaineratu dute.

Txoko ezberdinetatik etorriak
Andaluzia, Madril, Katalunia…, jatorri ezberdinetako jendea izan dute udako hilabetetan. “Lehen hilabeteak izanik, ez genuen espero horrenbeste jende etorriko zenik. Helmuga bertsuak izan dituzte gehienek; Donostia, Zarautz, Zumaia, Hondarribia… Hemen inguruko txokoak erakusteko saiakera ere egin dugu; Tolosako azoka, Pagoetako parkea, Asteasuko Muskerraren bidea…, jendeari asko gustatu zaizkio proposamen horiek”, azaldu du Larraitzek. Etxe inguruarekin eta etxearekin berarekin ere harrituta geratzen dira Otabardira gerturatzen direnak: “Paisaiaren berdetasunarekin liluratuta geratzen dira. Euskal kulturaren inguruko interesa ere azaldu dute askok. Kataluniarrek, gehienbat, hemengo errealitatea gertutik jarraitzen dute eta bertatik bertara ezagutzea gustatzen zaie. Haietariko batzurentzat, gainera, ez zen Euskal Herrira etortzen zen lehendabiziko aldia”.

Mendi ibilaldiak
Otabardira iristen diren bisitariek, eskaintza zabalagoa jasoko dute epe laburrean. Izan ere, mendi ibilaldi ezberdinak prestatzen ari baitira Larraitz eta Alfredo, adiskide baten laguntzarekin. “Hemen inguruan, zailtasun ezberdina duten ibilbideak prestatu dizkigu. Umeekin egiteko modukoak izango dira batzuk, luzeagoak beste batzuk. Gerturatzen direnei gure ingurua ezagutarazteko modua eskainiko dute guztiek ere”, azaldu du Alfredok.
Ahoz ahokoak ekarri du jende asko Otabardira, nahiz eta internet bidez ere beste asko gerturatu diren. “Ekainean, Toprural gunean jarri genuen Otabardi eta udako turismoa bide horretatik etorri zaigu gehienbat. Nolanahi ere, ahoz ahokoaren indarra azpimarratu nahi nuke. Gure etxean egondakoen lagunak eta senitartekoak etortzen joan zaizkigu. Oso berezia izan da hori”, azpimarratu du Larraitzek.

Erortzear zegoen baserritik, landa aterpetxera
{{IMG-36105}}
Donostiarrak dira Larraitz eta Alfredo. Duela 11 urte, ordea, Asteasura etortzeko erabakia hartu zuten. Erortzear zegoen Otabardi baserria erosi, eta eurentzako etxebizitza antolatu zuten lehendabizi. Baserri handia da Otabardi, eta denbora behar izan zuten libre zegoen alderdiarekin zer egin erabakitzeko.
Larraitzek bulego batean egiten zuen lan, eta lantegi batean aritzen zen Alfredo, “baina argi nuen ez nuela nire lan ibilbidea lantegi hartan amaitu nahi. Ez nekien zein bide egingo nuen, baina pixkanaka, Otabardin landa aterpetxea jartzeko ekimena forma hartzen hasi zen, eta aurrera egiteko erabakia hartu genuen”. Ez zen erabaki erraza izan: “Etxea egokitzeko lanek inbertsio handia eskatu digute, eta hasieran, halako bertigo sentsazioa sentitu genuen. Gastua pixka bat arintzeko, guk geronek egin ditugu lan asko, eta bigarren eskuko gauza asko eskuratu dugu. Horrez gain, laguntza ere izan dugu. Senitartekoek, esaterako, laguntza handia eman digute”.
Bigarren eskuko gauzak izateari bere balioa eman nahi dio Alfredok: “Behar duzun hori bilatzea eta lortzea ez da beti erraza eta asko saiatu gara horretan. Balio ekonomiko txikia dute bigarren eskuko gauza horiek, baina guretzat badute balio erantsia. Laudion itxi zutean taberna batetik lortu genituen, esaterako, jangelako mahaiak, lanparak, platerak, etab. Horrela egin ezean, ezinezkoa izango zatekeen guretzat horrelako ekimen batean sartzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!