Sabeletik Mundura, gurasoentzako txokoa, euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko urr. 5a, 02:00

Haurdunaldia, erditzea, edoskitzea…, haurra izan nahi duten edo izan berri dutenei beharrezko informazioa euskaraz emateko sortu zen Sabeletik Mundura ekimena. Nahia Alkorta da sustatzailea.

Hutsune bat betetzeko asmoz abiarazi zuen Nahia Alkortak Sabeletik Mundura ekimena: “Haurra izan nahi edo dagoeneko izan duen familiarentzat euskarazko informazioa eskaintzea”. Hiru sustrai ditu ekimenak: “Sabeletikmundura.eus webgunea da ardatz nagusia, bertan biltzen baita informazioa. Horrez gain, herriz herriko hitzaldi eta tailerrak ere eskaintzen ditut, eta azkenik, etxez etxeko zerbitzua legoke. Familia bakoitzari egokitutako zerbitzua izaten da; batzuetan ni joaten naiz haien etxeetara, eta bestetan gure etxeko ateak irekitzen dizkiet. Era berean, haurra soinean eramateko produktuen on-line denda, osagarri gisa”.

Informazioa bilatzetik, eskaintzera
Hiru urte dira Nahia Alkortak Sabeletik Mundura webgunea martxan jarri zuela. Aurretik, ordea, bide luzea zuen egina ekimenak: “Haurdun geratzea erabaki genuenean, informazio bila hasi ginen, eta euskarazko informaziorik ez zegoela ikusi genuen. Zenbait gairen inguruko ikerlanak bazeuden, baina ez informazio osatua bilduko zuen ezer. Horrek bultza ninduen gure esperientzia bilduko zuen blog bat sortzera. Blogaren ondoren etorri zen webgunea”.
Atal ezberdinetan sailkatuta aurki daiteke informazioa Sabeletik Mundura webgunean; haurdunaldi aurrea, haurdunaldia, erditzea, erditze-ostea, edoskitzea, soinean eta nora joan. Atal bakoitzaren barruan, informazio sorta zabala eskaintzen du Nahiak. “Haurraren berezko beharrak ikusaraztea da webgunearen helburuetako bat. Horregatik erabaki nuen, besteak beste, txikiak soinean eramateko haur-eramaileen inguruko atala txertatzea. Izan ere, haurrarentzat guztiz beharrezkoa da kontaktu fisikoa izatea. Eta familien behar ezberdinak asetzeko aukera eskaintzen duten profesionalen loturak ere biltzen ditut nora joan izeneko atalean”.

Ikerketatan oinarrituta
Familien artean, informazio beharra handia dela sumatu du Nahiak urteotan: “Hasieran erabat harrituta geratu nintzen. Oso ekimen xume gisa jaio zena, geroz eta tamaina handiagoa hartzen joan zen, jendeak behar zuelako. Oraindik ere mezu asko iristen dira, euskarazko informazioa eskaintzea eskertuz. Bestalde, zenbait osasun-profesionalek gure webgunea gomendatzen die familiei, eta horrek aurrera jarraitzeko indar eta babes handia eman digu”. Izan ere, Sabeletik Mundura webgunean biltzen den informazioa ez da “asmatutako ezer, ezta nire esperientzia propioetan oinarritutakoa ere; ikerketa zientifikoek babestutakoa baizik”, azpimarratu du Nahiak.
Etengabeko formakuntzan murgilduta dabil Nahia. Gai ezberdinen inguruan sakontzen, eta “ahal dudan neurrian, azken ikerketara iristen saiatzen. Formakuntzako saio horietatik iristen zaidan informazioa lortu, irakurri, filtratu, euskarara ekarri, eta guztiok ulertzeko moduan jartzen dut webgunean”. Webgunearen atzean dagoen lana, beraz, handia da.

Kontsultak
Egunerokotasunean familietan sortzen diren kezka eta zalantzei erantzuteko prest egoten da Nahia, eta horren lekuko egunero iristen zaizkion 30 kontsulta inguru. Sare sozialen bidez jartzen dira nirekin harremanetan, whatsapp eta facebook bidez gehienbat. “Kasu batzuetan nik ezin ditut iristen zaizkidan zalantza horiek argitu, erabaki pertsonalak sartzen direlako barruan. Kasu horietan, informazioa non aurki dezaketen esaten diet. Beste batzuetan, berriz, osasun arazoren bat tartean denean, laguntza egokia non topatu azaltzen diet” azaldu du Nahiak.
Haurraren loa eta edoskitzearen ingurukoak izaten dira familien kezka eta zalantza iturri ohikoenak: “Gauez lo gutxi egitea izaten da guraso izatearen errealitateak ematen duen lehen kolpea”, gaiaren inguruko aholkuak ematen dizkie Nahiak familiei. Horrez gain, “edoskitzearen inguruko galderak egiteko ere gerturatzen zaigu jendea. Erditze ostean oso galduta sentitu ohi da familia asko, eta edoskitzearekin lotutako gaiez gain, beste hainbat zalantza eta kezka azaleratzen joaten da horrelakoetan. Izan ere, krisi garaia izaten da erditze ostea. Hormonalki garai gora-beheratsua da, eta 24 orduz behar gaituen pertsonatxoa etortzen da gurera, eta familiako kide bakoitzak bere tokia bilatu behar du berriz ere. Inork ez gaitu prestatzen horretarako, eta iristen denean, zalantza eta kezka asko sortzen da”.
Edoskitzearekin batera, elikadura osagarriaren inguruko informazioa ere aurki daiteke Sabeletik Mundura gunean. “Haurrek ez dute birrindutako janaririk behar. Bularra hartzen duen bitartean, gainerako guztia osagarria da. Pixkanaka elikagai ezberdinak eskaini behar zaizkio haurrari, baina zatietan. Berak erabakiko du zer, noiz eta zenbat jango duen. Garapen psikomotorea errazteaz gain, aurpegiko giharren garapen egokia izaten edota bizitza osorako elikadura ohitura onak hartzen ere laguntzen die elikatzeko modu horrek. Gurasoentzat, gainera, oso erosoa da eta haurrak gozatzen ikusteko aukera ematen die”.

Erditzea
Erditzearen inguruko zalantzak ere iristen zaizkio Nahiari, “bereziki bigarren edo hirugarren haurdunaldia denean. Lehendabiziko erditzerako, beldurra izaten du jendeak, baino baita profesionalenganako konfiantza ere. Askotan konfiantza hori galduta iristen dira hurrengo haurdunaldietara. Izan ere, datuek diotenez, erditzeen herena traumatikoa izaten da eta hori izugarria da. Indarkeria obstetrikoaz ez da hitz egiten, baina errealitatea oso bortitza da. Zenbait profesional ari da indarkeria eta jarrera horren aurkako pausoak ematen, baina protokoloak oso zaharkituta daude eta gainera, ez dira beti errespetatzen. Sistema bera da gaizki dagoena, eta loteria izan daiteke zure erditzea nolakoa izango den. Zure erditzea bakarra izango da, eta ezinbestekoa da errespetua izatea”.

Ordutegirik gabe
Ordutegirik gabeko lana da Nahiarena. “Gauetan telefonoa itzaltzen ikasi dut, baina sare sozialetan bizi naizela esan daiteke, beti telefonoari begira. Tarteka guardiak ere izaten ditut; erditzeko garaian telefonoaren beste aldean egotea eskatzen baitit zenbait familik, zalantzarik sortuko balitz niregana jotzeko”. Bi seme ditu Nahiak, eta haien beharren inguruan moldatzen ditu lan orduak, “siesta garaietan edo gauez egiten dut atzetik dagoen lana”, azaldu du.
Telefonoa itzaltzen ikasi du Nahiak bide honetan, eta baita beste ikaskizun handi bat ere: “besteen motxilak nire gainean ez eramaten ikasi dut. Zoritxarrez, esperientzia izugarriak iristen dira niganaino; erditze gogorrak, sendagileen aldetik jarrera desegokiak… Historia horiek guztiak entzutea gogorra da eta distantzia pixka bat hartzen ikasi dut”.

Online denda
{{IMG-36102}}
Haurra soinean eramatearen garrantzia azpimarratzen du bereziki Nahia Alkortak, eta aipatu duenez, geroz eta familia gehiagok egiten du haurra soinean eramatearen aldeko hautua. “Kontaktu fisikoa behar-beharrezkoa du haurrak eta hori errespetatzeko, oso egokiak izaten dira haur-eramaileak, gurasoei ere askatasun pixka bat ematen dietelako. Familiaren ezaugarriak hartu behar dira kontuan haur-eramailea erosi aurretik: gurasoek edo haurrek arazo fisikorik baduten edo ez, haurra goiztiar jaio den edo ez, denbora luzean erabiliko den edo ez, mendirako edo kalerako erabiliko den.. etab”. Erosi aurretik, eramaile ezberdinak probatzea gomendatzen du Nahiak eta aholku orokor gisa azaldu duenez, “oso zurrunak direnak, normalean ez dira egokiak izaten”.
Bere gunean, haur-eramaileen denda ere badu Nahiak. Fularrak, bandolerak, motxila ergonomikoak…, aukera zabala du. Alokairurako bidea ere eskaintzen du, erosketa egin aurretik froga egiteko aukera eskainiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!