Nondik datorkizu antzinako autoekiko zaletasuna?
1992. urtean hasi nintzen. Aurrena Seiscientos auto bat ekarri nuen eta Rolls-Royce bat gero. Pixkanaka auto gehiago ekartzen hasi nintzen…, bukatzen ez den festa! Txiki-txikitatik gustatzen zait motorra eta bide horretan egin dut lan ere. Tailer mekaniko bat dut Iruran eta bertan egin nuen lan urtetan. Azken urteotan lan horiek utzita dauzkat; urtetan aurrera goaz eta orain artean egin ez duguna ez baitugu hortik aurrera egingo. Orain osasuna daukagunez, orain da aprobetxatzeko garaia; eta ez gero, zahartutakoan.
Zure zaletasuna lantzeko denbora duzu modu horretan… Antzinako auto zaharrak ekarri eta zerorrek berritzen dituzu!
Behetik hasi eta autoa ahalik eta gehien neronek berritzea gustatzen zait, modu horretan bai baitakit nola dagoen egina eta segurtasuna ematen dit horrek. Gainerakoan, arazoren bat balu, ez da erraza izaten hura konpontzea. Nahiago dut zaharragoa izanagatik autoa neronek moldatzea, berria ekarriz gero ez baita jakiten zer dagoen azpian. Autoen originalitatea mantentzen ahalegintzen naiz, gainerakoan ez baitute ezertarako balio. Auto hauek, azken batean, aitona xaharrak bezalakoak dira, alde batean edo bestean izaten dute mina eta ondorioz, aurretik ahalik eta gehien zuzentzen saiatzen naiz.
Nondik ekartzen dituzu?
Kanpotik ekarri izan ditut beti. Azkena, Buick deskapotablea, Tenerifetik. Gainerako gehienak Estatu Batuetatik ekarritakoak dira. Ingalaterra edo Marsellatik ekarritakoren bat ere badut. Kosta egiten da autoa kanpotik honaino ekartzea, baina hemengo merkatuan daudenak baino originalagoak dira, beste kontu bat da. Hori bai, kanpotik ekarritako autoa ez da sekula %100ean egoten, baina puskatuta egonagatik, bere pieza originalak izan ditzan ahalegintzen naiz beti, pieza berria erosi behar izanez gero, ikertu egin behar baita bestela zein modelotakoa den eta eromena izan daiteke.
Aurkeztuko al diguzu auto dotore horietakoren bat?
Ezkontzetarako eskatu egiten zidaten eta 1928 urteko Buick deskapotablea berritzen bukatu berri dut. Zazpi lagunentzako lekua du eta oraindik ez ditu 100 kilometro. Orain, 1936ko Rolls-Roycea egokitzen ari naiz pixkanaka. Badu historia: Gary Cooper aktorearena izana baita. Dokumentatuta daukat datu hori eta bere historia mantenduz eraberritu nahi dut. 1937, 1959 eta 1960 urteko hiru Rolls-Royce ere baditut; azken biak karrozeria berekoak, baina motor ezberdinekoak. Guztien artean, 1913ko Overland autoa da niretzat bereziena, Ingalaterratik ekarria. Urtean behin erabiltzen dugu Barcelona-Sitges antigualeko autoen rallyan parte hartzeko. Antzinako 60 autotik gora biltzen gara, denak 1928 urtetik beherakoak; ikusgarria izaten da. Atzealdean bakarrik ditu frenoak eta kontuz ibili beharra dago, bustian batez ere. Eta gurpil estuak dituenez, hobe poliki ibiltzea, baina 60 bat kilometro orduko abiaduran primeran ibiltzen da. Hortik gora kosta egiten da zuzen eramatea. Aurrealdeko kandil eta argiak parafina eta karburoa erreta pizten zaizkio. Aurten arte 1903ko beste auto zahar bat eduki dut, karruajearen ondorengoa, oraindik bolanterik ere ez zuena. Baina ez dut denak egokitzeko denborarik eta penarekin, baina saldu egin dut azkenean.
Antigualeko autoak gidatzeko baimen berezirik behar al da?
Ez, ohiko autoentzako gida-baimena nahikoa da. Hori bai, abildadea behar da. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta ezagutu egin behar dira. Hasiera izaten da zailena, baina pixkat ikasitakoan normal-normal ibiltzen dira.
Zein errepidetan ibil zaitezkete auto horiekin?
Bigarren mailako errepideetan ibiltzen gara auto zaharrenekin. Autopistetan ez gara sartzen, enbarazu egin dezakegulako, baina errepide nazionaletatik lasai ibiltzen gara gure erritmora. Overlanda, esaterako, ezin da gauez gidatu, baina egunean zehar, nahi den garaian. Auto berriagoekin, berriz, lasai ibil gaitezke autobidean. Rolls-Royceetako batek oso motor ona du eta 160 kilometro orduko erraz har ditzake, gaurko kotxe modernoei egurra emanez. Abiadura hartu bai, baina gasolina erre ere bai. 140 kilometro orduko hartuko ditu beste Rolls-Royceak, mantxoxeagoa da.