Geroz eta gazte gehiago erakartzen du robotikaren munduak, eta zaletasun hori ikusita, ikastaroa antolatzea erabaki dute Larraulen. Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu du, eta Doplay enpresako irakasleak izango dira arduradunak. Alberto Asin donostiarrak jarri zuen martxan Doplay enpresa, 2012an. “Eskolaz kanpoko jarduera gisa erakusten dugu robotika, eta azken urteotan, eskola-orduetan ere aritzen gara, zenbait ikastetxetan. Izan ere, eskola-kurrikulumarekin oso bateragarria da robotika, arlo ezberdinetan trebatzeko aukera handia ematen du, eta gazteek asko gozatzen dute, gainera”.
Norberaren proiektua
Ordu eta erdiko saioak izango dira Larraulen egingo dituztenak: “Ikasturtea aurrera doan heinean, interes ezberdinak azaleratzen joaten dira normalean. Guk ez ditugu gazteak gehiegi bideratzen. Euren proposamenak entzuten ditugu, eta egiteko modukoak direla iruditzen bazaigu, aurrera egiten dugu. Geroz eta zailtasun handiagoko erronkak jartzen dizkiete euren buruei. Robota sortzeko bide horretan, gazteek hartzen dute euren proiektuaren ardura eta guk lagundu egiten diegu. Modu horretan, eskuartean dutena oso berea dutela sentitzen dute eta, amaitzea lortzen dutenean, asebeteta geratzen dira; pozik”, azaldu du Albertok”.
Ikastaroan zehar, lehiaketa txikiak ere antolatuko dituzte, hala nahi dutenek parte har dezaten. “Gustura aritzen dira elkarren arteko lehia horretan. Pizgarri izaten dira”. Horrez gain, robotika lehiaketa handiagoetara joateko aukera ere zabalik dute partaideek: “Erronka handia izaten dira lehiaketa horiek. Tentsio puntu bat ere izaten dute, robotek ez dutelako beti nahi bezala erantzuten. Zenbait gazteri asko gustatzen zaio giro hori”, azaldu du Albertok.
Hezigarria eta dibertigarria
Robotak muntatzen ikasteko, hainbat arlo lantzen dute gazteek. Hala azpimarratu du Albertok: “Informatika edota programazioa ikasten dute, baina horrez gain, beste hainbat gaitasun ere garatzen joaten dira: sormena lantzen dute eta talde-lanean ere asko trebatzen dira. Era berean, fisikako nahiz matematikako kontzeptu ezberdinak barneratzeko ere oso egokia izaten da; grabitatea, indarrak, distantziak… Bestalde, robota muntatu ondoren gerta daiteke espero bezain ondo ez ibiltzea. Kasu horietan, zer gertatu den ikertu behar du gazteak, irtenbide bat bilatu ahal izateko. Oso garrantzitsua da prozesu hori ere”. Albertok argi du robotak egitea “oso dibertigarria” dela, “eta gazteek ikaragarri gozatzen dute. Ez da jolas hutsa, ordea, benetako robotak dira eta saiatu egin beharra dago guk nahi dugun hori egin dezaten. Ikaragarri ikasteko aukera ematen du jardun honek”.
Eskulanak
Eskuekin lan egitearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Albertok: “Asko ikasten da gauzak ukitzen ditugunean. Gaur egun geroz eta gauza gehiago egiten ditugu modu digitalean, eta hori ikastea ere beharrezkoa da, baina eskuekin lan egitea oso aberasgarria da. Robotak muntatzeko garaian ezinbestekoa da eskuekin lan egitea, eta hori oso onuragarria dela iruditzen zait”.
Bideo jokoak sortuz
Robotak sortzeaz gain, bideo jokoak egiteko aukera ere izango dute ikastaroko partaideek. “Programa ezberdinak erabiltzen ditugu gure jokoak egiteko. Gazteek asko gozatzen dute euren irudimena erabiliz, eta geroz eta gauza gehiago txertatzen joaten dira”, azaldu du Albertok. Bere ustez, pentsamendu logikoa garatzeko oso aproposa da bideo jokoen sorrera. Programatzeko erabiltzen den hizkuntza barneratu behar du gazteak lehendabizi. Sortu nahi duenaren arabera erabiliko du programa hori, logika erabiliz. “Zenbat eta gauza konplikatuagoak sortu nahi dituen, orduan eta hizkuntza garatuagoa erabili beharko du, gainera”.
Neska-mutilei eskainitako ikastaroa da, “nahiz eta normalean mutil gehiago gerturatzen zaigun. Orain arte beste herrietan egin ditugun ikastaroetan parte hartu duten neskek ikaragarri gozatu dute”. Albertok animatu egin nahi ditu eskualdeko neskak robotikaren munduan lehen pausoak ematera.
Robot eta bideo jokoez gain, dron txikiak edota 3-D inprimaketa ere gertutik ezagutzeko aukera izango dute ikastaroko partaideek. “Baita hain modan dagoen minecraf-a ere. Horiek, ordea, ikasturte amaierarako utzi ohi ditugu”, amaitu du Albertok.