Gipuzkoaren lehentasunak erabakitzeko aukera

Gipuzkoako Aldundiak arratsaldeko 19:00ak arte irekita egongo den karpa jarri du Goikoplazan. Herritarren lehentasunen eta proposamen berri jakin nahi du Aldundiak, Gipuzkoarako proiektu berriak definitzeko. Eta era horretan, 2017ko aurrekontuari begira andoaindarrek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute bertatik bertara Goikoplazan.

Imanol Lasa Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio arduradunak adierazi duenez, “informazioa zabaltzera, iritziak jasotzera eta kontu ematera etorri gara gaur Andoainera. Lehenengo eta behin aurrekontu irekiak direla adierazi nahi dugu: alegia, Gipuzkoa zer den, zeintzuk diren gure politikak, zeintzuk aurrekontuetan diru lerroak. Bigarren helburu gisa, ideiak, proposamenak eta hausnarketak jaso, aintzat hartu horiek eta ahal dugun neurrian 2017ko aurrekontuetan txertatzea nahi dugu. Eta azkenik, hitza eman nahi diegu herritarrei; ondo adierazi nahi diegu zer sartzen den aurrekontuetan eta zer ez, eta beraz, kontu ematera gatoz”.

Aldundiak herriko zenbait gizarte, kultur eta kirol arloko zenbait elkarte gonbidatu ditu karpara, beren proposamenak zuzenean egin ditzaten; Leizaran eskubaloia eta Euskalduna futbola taldea, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, Salkin dendarien elkartea, Caritas eta Bisitarien Etxea izan dira horiek. 

 

Parte hartzeko moduak

Karpan, besteak beste, panela jarri dute nahi duenak nahi dituen ekarpenak idatzi ditzaten. Goiz partean hiru eskakizun irakur zitezkeen: Leizotz auzoan ur sarea, erraustegiari buruzko galdeketa eta parkea Nafarroa Plazan.

Gaur Goikoplazara bertaratu eta ekarpena utzi ezin duen herritarrentzat, Aldundiak beste bi kanal ireki ditu: webgunea da bata (gipuzkoa.eus/irekia/partaidetza) eta Aldundiaren erregistroan ala tokian tokiko erregistro publikoetan. Urriaren 14ra arte zabaldu da iritzia emateko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!