Imanol Lasa Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio arduradunak adierazi duenez, “informazioa zabaltzera, iritziak jasotzera eta kontu ematera etorri gara gaur Andoainera. Lehenengo eta behin aurrekontu irekiak direla adierazi nahi dugu: alegia, Gipuzkoa zer den, zeintzuk diren gure politikak, zeintzuk aurrekontuetan diru lerroak. Bigarren helburu gisa, ideiak, proposamenak eta hausnarketak jaso, aintzat hartu horiek eta ahal dugun neurrian 2017ko aurrekontuetan txertatzea nahi dugu. Eta azkenik, hitza eman nahi diegu herritarrei; ondo adierazi nahi diegu zer sartzen den aurrekontuetan eta zer ez, eta beraz, kontu ematera gatoz”.
Aldundiak herriko zenbait gizarte, kultur eta kirol arloko zenbait elkarte gonbidatu ditu karpara, beren proposamenak zuzenean egin ditzaten; Leizaran eskubaloia eta Euskalduna futbola taldea, Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, Salkin dendarien elkartea, Caritas eta Bisitarien Etxea izan dira horiek.
Parte hartzeko moduak
Karpan, besteak beste, panela jarri dute nahi duenak nahi dituen ekarpenak idatzi ditzaten. Goiz partean hiru eskakizun irakur zitezkeen: Leizotz auzoan ur sarea, erraustegiari buruzko galdeketa eta parkea Nafarroa Plazan.
Gaur Goikoplazara bertaratu eta ekarpena utzi ezin duten herritarrentzat, Aldundiak beste bi kanal ireki ditu: webgunea da bata (gipuzkoa.eus/irekia/partaidetza) eta Aldundiaren erregistroan ala tokian tokiko erregistro publikoetan. Urriaren 14ra arte zabaldu da iritzia emateko aukera.