‘Candido Saseta eta armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen’ liburuaren aurkezpena

‘Candido Saseta eta armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen’ liburua aurkeztu dute gaur goizean Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo alkateek, Javi Buces eta Karlos Almorza liburuaren egileek nahiz Maribel Vaquero Foru Aldundiko Giza Eskubideen saileko zuzendariak, komunikabideen aurrean:

Beste hainbat lekutan bezala, Aiztondo bailaran, 1936ko Gerrako altxamendu faxistaren kontrako erresistentzia guneak bazeudela jakin bazekiten Aduna, Asteasu nahiz Zizurkilen. Baina urte hauetan guztietan ez zela halakorik aztertu adierazi du gaur goizeko prentsaurrekoan Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo alkateen izenean, Adunako alkate Josu Amilibiak. “2013 urtean Adunako udaletxetik azterketa bat jarri genuen martxan, herritarren laguntzarekin. Gerora Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan jarri ginen eta ordura arteko emaitzak ikusita, azterketarekin aurrera egitea erabaki genuen. Azterketa horren ondorioz, gaia Adunako udalerriko mugetatik haratago zabaltzen zela konturatu ginen eta gerora, Asteasu eta Zizurkilgo Udalek ere proiektuarekin bat egin zuten”. Aranzadi elkarteari eta hainbat udatan zehar antolatu dituzten auzolandegiei esker egin dute hainbat aurkikuntza: “Candido Sasetaren defentsa sistema eta euskal erresistentziari lotutako lubakiak berreskuratzen aritu gara hiru urte hauetan. Memoria historikoa berreskuratzea izan da helburu nagusia. Diktadura frankistak eta trantsizioa izeneko ahaztura kalkulatuak ezkutatzen saiatu ziren iragan hura, alegia. Alde batetik, erresistentzia nolakoa izan zen argitu nahi genuen. Orain arte, gure bailaran, ez dugu ezagutu herrikide haien balentria, ia armarik gabe nola Oria ibaiaren ezkerraldean, milaka militar kolpista eta paramilitar ultraeskuindarrak 34 egunez geratu zituzten. Bestalde, bailarako biztanleek jasan zuten errepresioa azaleratzea guztiz beharrezkoa iruditzen zitzaigun”. Galtzaileen ausardia azaleratzeak eta duintasuna berreskuratzeak sekulako poza eragin die hiru udaletxeetako ordezkariei, “hala agerian geratzen da egia ezagutzearekiko, faxismoaren zapalkuntzaren aurka eta Euskal Herriaren askatasunaren defentsan borroka egin zuten pertsona guztiekiko gure konpromiso  irmoa”. Helburua bakearen eta askatasunaren bilaketa aldarrikatzea dela gehitu du Josu Amilibiak eta bide horretan aurkeztu dute gaur ‘Candido Saseta eta armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen’ liburua Plazida Otaño Aiztondoko liburutegiko aurkezpen aretoan. “Honekin, egia, justizia eta erreparazioa printzipioak sustatu, gure aitona-amonak oroitu, borroka egin eta ondorengo diktadura frankistaren errepresioa jasan zutenak eta gerra galdu ostean, lubakiez haratago, beren etxeko bakardadean eusteko gai izan ziren haiek oroitu nahi ditugu. Umiliatu eta isilarazi zituzten haiek, baina beraiek memoriarik gabe uztea lortu ez zutenak”. Liburuari aipamena eginez, “izan zirelako gara eta garelako izango dira” aipuarekin amaitu du Adunako alkateak bere aurkezpena. Baina ez aurretik eskerrak eman gabe, “urte hauetan gurekin parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Bai Foru Aldundiari, urtero oroimen historikoaren lerroan laguntza emateagatik, bai Aranzadi Zientzia Elkarteari beren lan paregabeagatik, liburuaren idazle Karlos Almorza eta Javi Bucesi eta gurekin auzolandegietan hiru urtez parte hartu duten gazte guztiei”.

Gonbidapena ere luzatu du, datozen egunetan, herriz herri egingo dituzten aurkezpenetara:

• Urriak 4, asteartea. Asteasuko ikus-entzunezkoen gela. 19:00etan.

• Urriak 5, asteazkena. Adunako udaletxea. 19:00etan.

• Urriak 6, osteguna. Zizurkilgo udaletxeko batzar aretoan. 19:00etan.

3000 aleko tirada argitaratu dute guztira eta Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo etxe guztietan banatzeko asmoa dute, doan. Aurkezpen horietara gerturatzen denari, ordea, aurrez banatuko zaio liburua.

Testigantza hunkigarriak

Javi Bucesek hartu du hitza segidan, Karlos Almorzarekin batera, liburuaren egileak. Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo mendietan 1936ko Gerra garaian zer gertatu zen jakitea helburu, orain hiru urte abiatu zuten proiektuaz mintzatu da. “Urte hauetan zehar gazte boluntarioak etorri dira memoria leku hau erreskatatzera. Auzolandegi hauei esker urtero pixkanaka-pixkanaka, gudarien trintxerak, haien defentsa sistema izan zena berreskuratu dugu. Gudari horiek gazte boluntarioak ziren, euskal gazte boluntarioek eraiki zuten, beraz, defentsa sistema hori. Laurogei urte geroago, euskal gazte boluntarioek berreskuratu dute haien borroka eta duintasuna”. Auzolandegiez haratago, liburua osatzeko ikerlan asko egin dute eta artxibo ezberdinetan aritu dira lanean dokumentazio historiko bila, Karlos Almorza bereziki. “Lan hori positiboa izan da, dokumentazio hori oso baliagarria izan delako, batez ere auzolandegien bidez berreskuratutako aztarnak ulertzeko. Baina dena ez dago artxiboetan eta ezta lurperatuta ere. Leku horietan ez dira sentimenduak gordetzen eta horregatik, urte hauetan zehar testigantza hunkigarriak jaso ditugu hiru herrietan, proiektu hau ondo atera zedin nahitaezkoak”, azaldu du Javi Bucesek. Dokumentazio historikoarekin, testigantzekin eta auzolandegietatik jasotako emaitzarekin osatu dute, beraz, liburua. “Orain artean denok erresistentzia leku batzuk ezagutzen genituen: Lemoa, Larrabetzu, Bilboko burdin-hesia…, baina gaur egun arte, jende gutxik –historialariak barne–, ez genekien hemen gertatu zenaren inguruan ezertxo ere. Gaur, lan honi esker, Candiso Saseta komandanteak mendi hauetan defentsa sistema bat antolatu zuela badakigu kolpistei aurre egiteko eta gaur badakigu, gudariek kolpisten aurrerapena 34 egunez geldiaraztea lortu zutela, ia-ia armarik gabe, ejerzito profesional baten aurrean”. Azkenik, nazioarte mailan giza eskubideei lotuta finkatu ziren hiru printzipioak izan ditu hizpide: egia, justizia eta erreparazioa. “Guk Aranzadi bezala egiaren printzipioa bete nahi dugu lan honen bidez. Hau da gure lana, gure konpromisoa. Egiarik jakin gabe ezinezkoa baita beste printzipioak betetzea”.

Arbasoei aitortza

Maribel Vaquero Diputazioko Giza eskubideen saileko zuzendariak, bere aldetik, Foru Aldundiaren intentzioa azaldu du. Javi Bucesek esandakoaren haritik, “egiarik ezagutu gabe ezinezko egiten da bai justizia eta bai erreparazioa. Justizia, memoria historikoari buruz ari garenean, batzuetan oso urruti geratzen zaigun terminoa dela esaten da, baina erreparazioak badu nolabaiteko justizia egiteko aukera; ez justizia osoa, baina erreparaziorako bide ematen du egia horrek. Erreparazioa eta gero berriro ez gertatzearen bermea dator eta behar-beharrezkoa da memoria inklusiboa izatea, berriro halakorik gerta ez dadin”. Arbasoei, zer egin zuten, zeukaten gutxi horrekin nola borrokatu zuten eta egun daukaguna beraiei esker lortu zela aitortu behar zaiela adierazi du Maribel Vaquerok. “Hemen, kolpistei eusten 34 egun igaro zituztela aipatu da; hemengo egun horiez gain, Intxortan edota Andatzan igarotako egun haiei guztiei esker Eusko Jaurlaritza sortzea lortu zuten. Jaurlaritza sortzeak garrantzia handia izan zuen gure herri honetan, daukagun instituzioa delako”. Amaitu aurretik, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalerriei nahiz Aranzadi elkarteari eskerrak eman dizkie urte askoan zehar memoria historikoaren inguruan lanketa polita egiteaz gain, eta herritargoa inplikatzen ari direlako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!