Gutuna, oroimen historikoa berreskuratu nahian

Josu Amilibia Adunako, Pili Legarra Asteasuko eta Joxe Mari Luengo Zizurkilgo alkateek oroimen historikoa berreskuratzeko egiten ari diren lanen baitan, ondorengo gutuna igorri dute:

CONTRA EL OLVIDO: CANDIDO SASETA ETA ARMATUTAKO ERRESISTENTZIA ANTIFAXISTA ADUNAN, ASTEASUN ETA ZIZURKILEN

Duela hiru urte, Adunak, Asteasuko eta Zizurkilgo udalek memoria historikoa berreskuratzeko lan egiteko erabakia hartu zuten. Bere historiaren iragan gertukoena ezagutzea zuen horrek helburu; hamarkada askoan, diktadura frankista eta trantsizio izeneko ahanztura kalkulatua ezkutatzen saiatu ziren iragan hura.

2013. urtetik, Aranzadi Zientzia Elkartearen talde teknikoari eta hamarka gazte boluntariori esker, gure udalerrietako inguruko mendietan, faxismoaren aurkako euskal erresistentziarekin lotutako lubakiak berreskuratzen aritu gara. Candido Saseta hondarribiarrak sortu zuen defentsa sistema da.

Askok ezagutzen genituen, besteak beste, Intxortan edo Larrabetzuko eta Lemoako borroketan jazotako gertaerak. Euskal Herritik kanpo, zinemak eta liburuek erresistentzia belikoaren ehunka gertakari gerturatu izan digute askotan; kopuruari dagokionez gutxiago izanda ere, arerioari, inbaditzaileari, beren herriaren askatasunaren defentsan aurre egin zioten pertsonen gertakariak dira. Dena den, orain arte, euskaldunok ez dugu ezagutu herrikide haien balentria; ia armarik gabe, Oria ibaiaren ezkerraldean milaka militar kolpistek eta paramilitar ultraeskuindarrek aurrera egitea 34 egunez geldiaraztea lortu zuten.

Horregatik, ahanzturari galtzaileen ausardia kentzea eta duintasuna berreskuratzea sekulako poza da guretzat. Hala, agerian geratzen da egia ezagutzearekiko eta faxismoaren zapalkuntzaren aurka eta euskal herriaren askatasunen defentsan borroka egin zuten pertsona guztiekiko gure konpromiso utziezina. Helburua, beraz, ez da jarrera belikoa goraipatzea; bakearen eta askatasunaren bilaketa aldarrikatzea baizik. Aurrean armada faxista izanda, bake eta askatasun haiek gure herriaren bidezko defentsaren bidez bakarrik aldarrikatu ahal izan zituzten.

Hitz gutxitan esanda, datorren urriaren 4, 5 eta 6an, Asteasun, Adunan eta Zizurkilen,  hurrenez hurren, aurkeztuko dugun liburuaren bidez, Egia, Justizia eta Erreparazioa printzipioak geure egin nahi ditugu. Gure aitona-amonak oroitu nahi ditugu: borroka egin eta ondorengo diktadura frankista jasan zuten haiek. Hau da, gerra galdu ostean, lubakiez harago, etxeko bakardadean, eusteko gai izan ziren haiek. Umiliatu eta isilarazi egin zituzten haiek, baina inoiz memoria kentzea lortu ez zuten haiek.

Izan zirelako gara. Izango garelako izango dira.

JOSU AMILIBIA ALSUA (Adunako alkatea)

Mª PILAR LEGARRA CORTAJARENA (Asteasuko alkatea)

JOSE MARI LUENGO ZAPIRAIN (Zizurkilgo alkatea)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!