Garagorri-Goikoplaza ibilbidea, primerakoa

Joan zen igandean, irailaren 25ean egin zen aurrenekoz Garagorritik Goikoplazaraino ibilbidea, Andoaingo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturik Europako Ondarearen Jardunaldiak egitarauaren barruan. Zehatz esateko, antolatzaileek izen honekin iragarri zuten ibilbidea: “Bi andoaindar, eliza bat: Jujuytik Goikoplazara Garagorrin barrena”.

Andoaingo Udalak eta Aldundiak Larramendi Bazkuneko eta Olagain eta Bertxin Jubilatuen Elkarteetako kideen laguntza izan zuten ibilbidea antolatzeko.
Ibilbidearen helburua, Andoainen jaio baina atzerrira jo zuten bi andoaindarren, Manuel Larramendi eta Agustin Leitzaren bizitza eta ibilbidea ezagutzea zen eta, azkenik, bi andoaindar horien esku hartzeaz eraikitako Toursko San Martin eliza ezagutzera ematea.
Goizeko hamarretarako 50 lagundik gora elkartu zen Garagorri baserriaren atarian, batzuk autobusez igota, besteak oinez. Bertan bi talde osatu ziren: talderik handienak ibilbidean zehar egin beharreko azalpenak euskaraz entzun zituen; besteak, berriz, gazteleraz. Larramendiren jaiotetxe izandako Garagorrin Larramendi Bazkuneko kideengandik lehenengo azalpenak entzun ondoren, ibilaldia hasi zen Goikoplazarantz, bidean beste hiru geldialdi eginez Aita Larramendiri buruzko azalpenak entzuteko: Etxabe, Argi-argi eta Baltzusketa baserrietan.
Baltzusketan amaitu ziren Manuel Larramendiren bizitza eta obrari buruzko azalpenak eta partaideek Goikoplazara jo zuten, bertan Olagain eta Bertxin Jubilatuen Elkarteko kideengandik Agustin Leitzari buruzko azalpenak entzuteko, berau izan baitzen Argentinako San Salvador de Jujuytik dirua, diru mordoa, bidali zuena andoaindarrek, Larramendiren gidaritzapean, bere eliza berri dotorea egin zezaten Goikoplazan, Goiburukoa alde batera utzita.
Goikoplazan lehenengo azalpenak entzunda, elizara sartu eta bertako ezaugarriak ezagutzeko aukera izan zuten ibiltariek. Amaitzeko, korura igo eta bertan Nemesio Olariagak herriari oparituriko J. Merklin & Cie. organo bikaina bertatik bertara ezagutu zuten Ana Belen García irakasle eta organo jotzailearen eskutik. Ezin buka ibilaldia organo horren soinuak entzun gabe, guztien gozagarri.
Esti Mujika Kulturako zinegotziak partaide guztiei eskerrak eman ondoren, hamaiketako txikia egin zuten kontzejupean.
Parte hartu zutenak, bai euskarazkoan bai gaztelerazkoan, oso gustora ibili ziren ibilaldian barrena, egurastuz eta, aldi berean, bi andoaindar handi horien berri jasoz. “Luzexeagoa ere egingo genuke gustora!” zioen batek, laburregi egin zitzaiolakoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!