Sanmielak 2016

“Ondo pasatzeko egunak dira Sanmielak”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 29a, 02:00

Alex Rodrigues urnietarrak herriko jaiak txarangarekin kaxa jotzen igarotzen ditu. Sanmielez gain, bere proiektu pertsonalei buruz solasean aritu da aiurrirekin. 

Jaiak gainean ditugu, gogotsu al zaude?
Urte asko dira ezin dudala Sanmieletan aktiboki parte hartu. Urtero txarangarekin jotzen dut kalejiran, txupinazoan, danborradan... Aurtengo jaietarako ere asmo bera dut. Ilusioarekin nago, herrian egongo naizelako nire jendearekin. 

Gogoan duzu jaiei buruz duzun lehen oroitzapena?
Gogoan dut 1998. urtean, bost edo sei urte nituela, plazan kalejira zegoela buruhandi eta erraldoiekin. Bestalde, nire etxe aurrean jartzen zituzten barrakez ere gogoratzen naiz. 

Txarangarekin parte hartu duzu maiz, zein da bestela gogoko dituzun ekitaldiak?
Urte askotan zehar, ezin izan dut ekitaldi guztietan parte hartu. 8-9 urte daramatzat txarangarekin jotzen, eta normalean, larunbat gauak okupatuta izaten ditugu, danborrada amaitu arte. Hurrengo egunean goizean goiz berriro jo behar izaten dugu, parrandarako aukera handirik gabe. Dena den, gutxienez kontzertuetara joaten saiatzen naiz.

Jaietan kaxa jotzea eta festaz gozatzea bateragarri al dira?
Bateragarriak badira. Kaxa jotzeaz gain, egunean zeharreko ekitaldietan edo gaueko festan parte hartu izan dut, baina oso nekagarria da. Eguna eta gaua, biak bizitzea zaila da, lo gutxi egiten duzulako. 

Zer dira zuretzat Urnietako jaiak?
Gure herriko jaiak eta ondo pasatzeko egunak dira Sanmielak. 

Idazlea, musikaria..., Urnieta hain antzerkizalea izanik probatzera animatuko al zara?
Gidoi bat egiteko ideia izan dut, baina denbora faltagatik edo, oraingoz ez diot horrelako proiektu bati ekin. Burutik proiektu asko pasatzen zaizkit, baina orain gehiegitan sartuta nagoenez, ez naiz antzerkiarekin hasi. 

Mandragora Negra taldearekin zuzenean aritzen zara. Noiz hasi zinen?
Duela bi urte, Mandragora Negra taldeak bere lehenengo diskoa atera eta aurkezpen bira egin zuen. Disko berria prestatzen ari zirela, bateria-jole bila hasi ziren. Irungo ezagun baten bidez deia jaso eta baiezkoa erantzun nien. Gustuko taldea izanik, proba egitea erabaki nuen. Horrela, “Imparable” diskoa atera eta kontzertu asko eskaini dugu: Bartzelonan, Zamoran, Salamancan, Madrilen... Musikari bezala, hori izan da eman dudan pausorik handiena. 

Zein musika talde dituzu gustuko?
Metalaz gain, ska, reggae, jazz, musika klasikoa eta folk-a ere entzuten dut. Edozein musika mota inspirazio iturri da. Musika klasikoan edo euskal musikan ere nire taldera eraman dezakedan  zerbait aurki dezaket. Estiloa aukeratzekotan jazz-a aukeratuko nuke, kalitate handia behar delako eta musikari oso onak daudelako; eta talde bat aukeratzekotan, Idi Bihotz. Txikitatik oso gogoko ditut.
 
Horrez gain, Urnietako talderik aipatuko al zenuke?
Palabras Muertas, Xabi Lopez bateria-jolearengatik sartu nintzelako bateria munduan. Nire begiralea izan zen Bosko Anitz aisialdi taldean eta berak motibatu ninduen. Gainera, 16 urterekin eman nuen nire lehen kontzertua eta Palabras Muertas taldearekin elkarbanatu genuen eszenatokia. 

Idatzi bai, eta irakurri? Zein liburu gomendatuko zeniguke?
Genero erreflexiboa idaztera bultzatu ninduen liburua “El caballero de la armadura oxidada” izan zen. 

“Historia de una pluma sin tinta” liburuak segida izango al du?
Bigarren proiektuarekin hasi naiz jada, testuak idazten, elkarrizketak egiten...  Ez dakit lehenengo liburuaren jarraipena izango den ala ez, baina idazten jarraitzeko asmoa badaukat. Liburu formatuaz gain, bideo formatuan ere zerbait egitekotan nabil. Azkenik, esan dezaket proiektu honek irribarre asko aterako dituela, baina baita malkoak ere. 

Zein sentsazio izaten dituzu liburu bat sinatzea eskatzen dizutenean?
Harritu egiten naiz eta pentsatzen dut: “Nik zuri, zergatik?”. Niri sinatu beharko lidakete, liburua beraiek erosi didatelako. Oraindik ez dut asimilatu liburu bat argitaratu dudala eta agian horregatik, sinatu behar izateak harritu egiten nau. Ilusio handia egiten dit, nik sortutakoa eurentzat nahi dutela esan nahi duelako. 

Blogean idazten duzunetik, zein jarraitzaileren komentario harritu zaitu gehien?
Whatsappez jaso nuen mezu batek. Ezagun bat zen eta eskerrak eman zizkidan nire liburuari esker bere neskarekin zuen harremana konpondu zuelako. Niretzat hori jasotzea izugarria izan zen; zer esan ez nekiela geratu nintzen. 

Kirola ezin alde batera utzi. Eskubaloiak zer du erakargarri zuretzat?
Eskubaloi mundua orain utzi egin dudan arren, izugarrizko kirola dela iruditzen zait. Talde lana ezinbestekoa da, jokalari guztien laguntzarekin lortzen direlako helburuak. Gustuko dut balore horiek haurrei transmititzea.

Saltsa askotariko perrexila sentitzen al zara hain jardunbide oparoarekin?
Gogoko dut ekimen askotan parte hartzea eta ahal dudan leku guztietan zerbait eskaintzea.  

Zein edari duzu gustuko? Eta janari?
Betidanik, gozoa. Azukrea duen edozein edari: Coca-cola, Nestea... Janari dagokionez, pasta oso gogoko dut. Arraina izan ezik, beste guztia jaten dut. 

Urnieta ez den beste tokiren batean, non biziko zinateke?
Urnietaren antzekoren batean, deskonexio toki batean. Esate baterako, Anoeta oso gogoko dut. Herri txikia da, aldapa bat igota mendian galduta zaude. 

Nori egingo zenioke zuri egin dizugun antzeko elkarrizketa?
Almudena Salas urnietarrari. Super H proiektua aurrera atera du eta borrokalari hutsa da. Niretzat erreferente bat da. Beti besteentzat lan egiteko prest dago, trukean ezer espero gabe, eta gainera, beti irribarre batekin dago. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!