Itziar Arin, Sabino Uranga, Koldo Albisua, Begoña Arregi, Joxe Mari Uranga, Mari Karmen Zuaznabar, Pilar Rodrigez eta Jose Joakin Jauregi kideak hurbildu ziren, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Santa Krutz jubilatuen elkarteak antolaturiko hitzordura.
60ko hamarkadan zehar osatu eta ibilbide oparoa egin zuen Larramendi antzerki taldeak. Sorburua Begoña Arregik azaldu zuen: “Batetik, euskal kultura bultzatu eta suspertu nahi zen, baina bestetik, orduantxe abian jarrita zegoen ikastolarentzat dirua biltzeko modutzat ikusi zen”.
Frankismoko testuinguru historiko iluna gogoratu zuen Itziar Arinek, “euskararen gainbehera zegoen. Frankismoak euskara eta euskal kultura zapalduta zeukan, eta gaztelania nagusi zen kalean. Euskaldun asko ere, geure lagun koadrila esate baterako, gaztelaniaz mintzatzen ginen harik eta 18 bat urterekin ezin zela horrela jarraitu erabaki genuen arte”.
Pilar Rodrigezen arabera, “giroa erdararen aldekoa bihurtua zegoen, eta gazteok, etxean, euskaraz egiten ziguten gurasoei ere maiz gaztelaniaz erantzuten genien. Uste genuen erdaraz egin beharra zegoela zer edo zer izateko; euskaraz eginez gero, kasik-kasik kaxeroak eta arloteak izango ginelakoan. Pentsa nolako mentalitatea zegoen orduan!”.
Mari Karmen Zuaznabarrek Arinek esandakoa berretsi zuen: “Guk ere koadrilan erdaraz hitz egiten genuen, eta antzerkiak lortu zuen, besteak beste, herriko zenbait euskaltzale biltzea eta baita geure artean euskaraz mintzatzen hastea ere”.
Arrakasta itzela Iparragirre zineman
Antzezlanak bi saiotan egiten zituzten. Xabino Urangak dionez, arrakasta itzela eduki ohi zuten: “Zinea asteburuetan ematen zenez, astean zehar egin behar izaten genituen antzezpenak, eta hala ere, antzokia lepo betetzen zen. Andoaingo jendea Euskarazko antzerkia ikusteko gose zen”. Denbora-pasaren balioa azpimarratu zuen Itziar Arinek, “nahiko bizimodu iluna bizi zuen jendeak frankismoan alde guztietatik begiratuta, eta barre egiteko izugarrizko premia eta gogoa zeukan”. Lehenagotik irekitako bideak zapaldu zituzten, orduko gazte haiek: “Gure aldean zaharragoak ziren Sekundino Etxeberria, Joxe Eizmendi eta beste zenbaitek jada gerra aurretik ibili ziren euskal antzerkian, eta herrian tradizioa errotuta zuten; ikusle asko, gu ikustera baino garai hartako obrak eta Sekundino bera ikustera etortzen ziren”.
Antzerki eskolarik ez zegoen orduan, “Teknikarik ez genuen, Sekundinok egiten zuen zuzendaritza artistikoa, okerrak-eta zuzenduz. Erabat ausartak ginen”, Begoña Arregiren ustez.
Garai hartako pasadizo ugari
Bitxikeria eta pasadizo ugari kontatu zuen mahai ingurua osatu zuen zortzikoteak. Joxe Eizmendi sakristaua protagonista duenak eragin zituen barrerik handienak entzuleen artean. Nonbait, antzezlari bikaina zen, zaildua bat-batekoan, eta ez zituen gidoiak ikasten; burura zetorkion lehenbiziko gauza botatzen zuen oholtzan. Jakina, orduantxe berarekin hizketan ari zena jokoz kanpo uzten zuen!
Basterora hurbildu zirenek oso tarte atsegina igaro zuten. Entzuleei galderak egiteko aukera ematean, ikusle batek aitortu zien umetan oso gustura joaten zela Iparragirre antzokiko emanaldietara. Beste entzule batek, mahai-inguruko kideak berriz ere antzerkia egitera gonbidatu zituen. Hortxe dago erronka.