Sagardo onena Andoainen erabaki zen

Hernaniko Akarregi sagardotegiak irabazi zuen Euskal Herriko II. Sagardo Txapelketa Herrikoia, Andoaingo Zumea plazan jokatu zen finalean.

Kronika:

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Andoaingo Udalak eta Ontza elkarteak antolatuta larunbatean sagardo txapelketa herrikoia ospatu zen. Lagunarteko giro bikainean, afari baten bueltan elkartutako 200 pertsona izan ziren lehiaketako epaileak. Hori baitu ezaugarri nagusia txapelketa honek, edozein izan litekeela epaile, afarira eseriz, eta bere iritziaren arabera, 1etik 10era puntuak eman ditzakeela.

Bigarren txapelketa honetara 36 sagardotegi aurkeztu ziren, iaz baino 4 gehiago, ia guztiak gipuzkoarrak. Tartean Urnietako lau sagardotegi: Elutxeta, Eula, Oianume eta Setien.

Andoaingo finalaren aurretik, hiru finalaurreko ospatuak ziren, Ordizian, Azpeitian eta Zarautzen hain zuzen ere. Eta finalaurreko haietan jasotako puntuen arabera 12 sagardotegi sailkatu ziren Andoaingo final handirako. Irigoien, Oiarbide, Bereziartua eta Lizeaga, Astigarragakoak; Akarregi, Larre gain eta Itsaburu, Hernanikoak; Oianume, Urnietakoa; Urdaira, Usurbilkoa; Eguzkitza, Tolosakoa; Tximista, Ordiziakoa; eta Uxarte, Zornotzakoa. Baina, Andoaingo finalean epaile lanak egin zituzten 200 pertsonak ez zekiten zein ziren finelara iristea lortu zuten sagardotegiak. 

Afaria giro bikainean igaro zen, eta bertan, Txomin, eta bere lantaldeak prestatutako, eta Ontza elkarteko bazkideek zerbitzatutako kalitatezko hainbat produkto dastatzeko aukera paregabea izan zuten, banan bana sagardo ezberdinak probatu eta puntuatzen zituzten bitartean.

Afariaren amaieran Unai Agirre antolatzaileak sailkapenaren berri eman zuen. Lehenik finalaurrekoen berri eman zuen. Ordizian, Astigarragako Bereziartuak jaso zituen punturik gehien, Azpeitian, Urnietako Oianumek, eta Zarautzen Hernaniko Itxas-buru sagardotegiak. Hori jakinarazi ondoren, final handiaren emaitzen berri eman zuen. Eta aurten txapela Hernanira joan da, Akarregi sagardotegira. Bigarren postua, Astigarragako Lizeagak lortu zuen eta Hernaniko Itxas-buruk hirugarrena. 
Sari banaketa ekitaldian hamabi finalistek plaka bana jaso zuten, hiru lehenek garaikurra, eta irabazleak txapela eta bertaratutakoen txalo zaparrada. Lehiaketa honetan parte hartu duten sagardogile gehienak bertan izan ziren larunbateko afarian, eta txapelketaren garrantzia azpimarratu zuten, herritar askoren iritzia ezagutzeko aukera ematen dielako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!