Nekane Txapartegiren aldeko manifestazioa, Bernan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 26a, 02:00

Ia sei hilabete darama preso Nekane Txapartegi asteasuarrak Suitzako espetxe batean. Asteburu honetan, haren aldeko manifestazioa egin dute Bernan. Eskualdeko hainbat kide izan da bertan. Nekane Libre plataformako kideek bidaiaren kronika igorri dute:
 

Argazkiak

Bernako bidaia

Ostiral iluntzean 8ak aldera abiatu ginen Asteasutik Bernara, bagenekien aurretik 14-15 orduko bidaia genuela baina gure artean giro ona eta gogoa nabariak ziren. Bidean afaldu eta beharrezko geldialdiak egin ondoren, espero bezala, goizeko 11:00etarako Bernara iritsi ginen. Bertako Euskal Herriko lagunak taldeko Simon eta Cathrine zain genituen; bazkaria prestatua ziguten Reithalle gaztetxe edo zentro alternatibora eramateko.

Bertara iritsi eta elkarrekin solasean egon ondoren, bazkari ederra eskaini ziguten bertako lagunek, Zornotza eta Iruñako joaldunak ere gurekin ziren ordurako elkarrekin bazkaltzeko. Giro onean bazkaldu eta kafea hartu ondoren manifaren hasierara joateko garaia zen.

Manifaren hasierara iritsi ginenean jende asko topatu genuen, ehunka pertsona ziren bertan eta manifa antolatu zutenek uste baino jende gehiagok parte hartu zuen, bertan Suitzako lagunen babesa jaso genuen Euskal Herritik joandako lagunek eta Nekaneren anai-arrebek bereziki.

Manifaren hasieran Olivier Peter Nekane-ren abokatuak, Arantxa Azurmendi Nekane Libre Plataformako kideak, Jonan Lekue Sortuko kideak, Bernako talde feministako kideak eta Bernako Berdeen talde politikoko zinegotzi batek hartu zuten hitza.

Honen ondoren, Joaldunek gidatuta, manifako errekorridoa egin genuen, benetan zirraragarria zen bertan sortutako giroa eta Manifak zuen gogoa eta indarra, gazte asko eta askok hartu zuen parte!!!

Manifaren amaiera iristean agurra dantzatu eta Eusko Gudariak abestuz amaitzeko aukera eskaini ziguten eta honekin eta taldean ateratako argazkiekin amaitu genuen ekitaldia.

Honen ondoren Berri Txarraken kontzertua etorri zen!! Manifa bukatu zen plazan bertan izan zen kontzertua, eguna ederki zihoan eta kontzertuak amaiera ezin hobea eman zion!!! Mila esker Berri Txarrakeko lagunei!!!

Kontzertua amaitu ondoren autobusean sartu aurretik afari mokadoa eta berriro Asteasura bueltan, igande eguerdian iritsi ginen Asteasura!!! Bidai luzea izan da eta ezin uka nekatuak iritsi garela baina hala ere bidaia esperientzia paregabea izan da eta pilak ederki kargatuta itzuli gara. Suitzan egon garen jendearen aldetik jaso dugun babesa eta solidaritatea paregabeak  izan dira, Suitzaren alderdi humano eta solidarioena ezagutzeko aukera izan dugu, eta Nekaneren inguruan  bai bertako Comitea eta lagunak egiten ari diren lana paregabeak dira.

Suizako prentsan eta politikoen artean Nekaneren gaia oihartzun zabala izaten ari da, ezkerreko prentsaz aparte beste hedabideetan ere asko zabaldu da eta Nekane bera emakume torturatu gixa agertzen dute komunikabideetan. Partidu Politikoen artean Berdeak eta Langileen alderdiak bere babesa erakutsi diote eta Partidu Sozialista ere gaiarekin interesatua agertzen ari da azken asteetan.

Zalantzarik ez dugu horrelako ekitaldiek Nekaneri emango dioten indarra, behar beharrezkoa duen  indarra pairatzen duen zapalkuntza eta inkomunikazio egoerari aurre egiteko.

Orain justiziaren ordua eta Nekane Libre izateko garaia!!

 

 

Nekane Libre Plataforma.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!