“Hodei Olaizola lagundu” ekimena martxan

“Hodei Olaizola Lagundu” elkartea sortu dute Andoainen, Hodei Olaizola 21 urteko mutilari elkartasuna adierazi eta haren aldeko diru bilketari ekiteko. Olaizolak iazko ekainean istripu larria jasan zuen Hernanin; gerritik behera mugitu ezinik geratu zen, eta gurpildun aulki batean ibili beharra dauka harrezkero.

Paraplegikoak zaintzen dituen Toledoko ospitalera joan behar izaten du, eta oso beharrezkoak dituen azpiegitura era arreta medikuari aurre egiteko diru-bilketari ekin nahi dio taldeak.

Hodei errenteriarra da, kirolari zaildua zen, eta Bidasoa eskubaloi taldean jokatzen zuen istripua eduki arte.

Bere ama (Isabel Valencia) andoaindarra da; San Juan Bautista zahar egoitzako langilea da, eta hain zuzen ere, bertako lankideek eta Escivi Zine eta Bideo eskolako irakasle eta ikasleek osatu dute elkartea, elkartasunezko kanpaina aurrera eramateko.

Zahar egoitzako langileak jarri zuten abian “Hodei Olaizola lagundu” ekimena, eta Escivi eskolako bigarren mailako produkzioa eta errealizazioko ikasle talde bat batu da bertara. Enara Suarez, Unai Cobos, Nagore Perez, Andres Arevalo, Asier Elgezua, Bea lara eta Nerea Amadoz dira ikasleak, eta Ainhoa Aiertza dute irakasle.  

 

Hainbat ekimen abian

Taldeak ekimen ugari antolatzeko asmoa dauka hurrengo asteetarako. Lehenengoa, euskararen egunean diru-biltzea izango da. Goizez, makaldegian, merkatua egin ohi den inguru horretan Hodeiren egoera zabaltzen jardungo dute, itsulapikoa eskuetan dutela. Arratsaldean, Andoaingo kaleetan zehar ibiliko dira, euskararen egunarekin bat eginez. 

Eguardi partean, 12:00etatik aurrera, herriko elkarteek Euskararen Egunerako prestatutako patata tortillen pintxoez eta marmitakoaz dastatu ahal izango da Goikoplazan, eta bertan biltzen den dirua ere Hodei Olaizolaren alde bideratuko da. Txartelak, gaur udaletxeko Ataria zerbitzuan eta bihar bertan eskura daitezke.

Urriaren 22an, Basteron, goizeko 11:00etatik aurrera, musika jaialdi bikaina iragarri dute, herriko hainbat musika eta dantza taldeen partaidetzarekin. Hona zeintzuk diren jaialdian emanaldia eskaintzea ziurtatu duten taldeak: Joseba eta Bakartxo dantza eskola, Urki euskal dantza taldea, Zumba, Lorratzak, Klaap dantza taldea, Sevillana taldea eta bertsolariak.

Ekitaldian zehar, makina bat kirol eta musika taldeek emandako opariak (kirola edo musikari sonatuek sinatutako kamisetak eta diskoak, besteak beste) zozketatuko dira ikusleen artean. Sarrera bost euroren truke hartu ahal izango da, Udaleko Ataria zerbitzuan edo eta Urrats inrpimategian.

Bestalde, itsulapikoak herriko hainbat denda eta tabernetan jarri dira nahi duena nahi duena utzi dezan bertan, Hodeiri laguntzeko. Kartoiez egindako eskubaloia da kanpainaren ikurra, eta bista-bistan egongo dira baloiaren forma hartzen duten itsulapikoak (Ciclos Patxin, Urrats inprimategian eta Ormendi eta Kurpil Garmendia kirol dendetan).

Kanpaina herriko elkarte, ikastetxe, merkatari, enpresa eta herritar ororengana zuzentzeko asmoa dute Hodei Olaizola lagundu” elkarteko kideek, eta jada kontu korrontea ireki dute diru ekarpenak bertan uzteko. Honakoa da (Laboral Kutxa): ES87-3035-0026 21 0260075543.

Informazio gehiago nahi izanez gero: hodeiolaizolalagundu@gmail.com  

Hodeiren kasua oihartzun zabala ari da jasotzen, eta orain aurretik ere Bidasoaldeko zenbait herrietan burutzen ari dira Hodeiren aldeko elkartasunezko ekimenak. Besteak beste, Bere lagun eta ikaskideek areto futbol txapelketa antolatu zuten Lezon joan den urtarrilean. Bidasoa taldeko jokalarien gurasoek ere kontu korrontea irekia daukate eta Artaleku kiroldegian itsulapikoak jarri ohi dituzte dirua biltzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!