Igandea, bisita gidatua

Andoainen irailaren 25erako ibilbide gidatua antolatu dute Aita Larramendi eta Agustin Leitza Andoaingo pertsonai historiko ezagunen ibilerak ardatz hartuta.

Ondarearen Europako jardunaldietara batu da aurten Gipuzkoa. Europako Kontseiluak eta Europako Batzordeak 1999tik hona antolatzen dute Europako hogeita hamar herrialdetan. Herritarrak ondareak duen garrantziaz kontzientziatzea helburu izanik, urtero kultur jarduerak antolatzen dira gai bat ardatz hartuta. Aurten aukeratutako gaia “Migrazioak eta Kultura Ondarea” izan da.
Andoainen irailaren 25erako ibilbide gidatua antolatu dute Aita Larramendi eta Agustin Leitza Andoaingo pertsonai historiko ezagunen ibilerak ardatz hartuta.

BI ANDOAINDAR, ELIZA BAT
Aita Larramendi (1690-1766) eta Agustin Leitza (1694-1763). Loiolan bizi zen bat, Argentinako Jujuyn bestea. Biek maite zuten, ordea, Andoain. Baten kudeaketa lanak eta bestearen dirutzak  San Martin elizaren eraikuntza ahalbideratu zuten. 
Antolatzaileek banatu duten eskuorrian zera diote, “bisitarekin beraien biografia, elkarlanean egindako lana eta Andoaingo eliza ezagutzea dugu helburu. Garagorri baserritik abiatuko gara, bertan Larramendiren obra azalduz. Helmuga Goikoplazan izango da, bertan baitago 1956az geroztik Aita Larramendiren ohorez altxatako eskultura. Iritsitakoan, eliza kanpotik nahiz barrutik bisitatuko dugu. Bertan, Argentinara joandako Nemesio Olariagari esker Parisen egindako Merklin organoa ere ikusiko dugu”. 
Behin elizan eta organoaren ondoan daudela, Ana Belen Garciak Merklin organoaren erakustaldia egingo du, piezaren bat edo beste joz.

IRAILAK 25, IGANDEA
Azalpenak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dituzte. Garagorri baserritik abiatuko da irteera, bertara oinez edo autobusez joateko aukera izango delarik. 

Egitaraua:
09:45 Bus irteera, Goikoplazatik.
10:00 Garagorritik abiatzea.
Amaiera elizan, eguerdi aldera. Ana Belen Garcia piano- jotzaileak piezaren bat edo beste eskainiko du.

Informazioa, erreserbak:
943 303 540 | kultura1@andoain.eus

Oharra:
Oinetako erosoa eramatea gomendatzen da. Aldaparen bat badago ere, erraza da.

Antolatzaileak:
Udala, Larramendi Kultur Bazkuneko bazkideak eta jubilatu elkarteetako bolondresak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!