Urteurreneko ospakizunak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 23a, 02:00

Joan zen irailaren 16an hasiera eman zioten Egape ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko lehen ekitaldiari, Egape ikastolako pilotalekuan bertan egin zutena. Biharamunean Kantujira antolatu zuten.

Erakunde ezberdinetako ordezkariekin batera, ikastolaren ibilbidean zerikusia izan duten hainbat eragilek parte hartu zuten. Egapek 50 urte betetzen ditu ikasturte honetan, eta ikasturte osoan zehar ospakizun gehiago izango dira.

Ostiraleko ekitaldiak protagonista ugari izan zituen: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte anderea, Hezkuntza saileko beste hainbat kargudunekin batera, Mikel Pagola Urnietako alkatea alderdi guztietako zinegotziekin batera, herriko beste ikastetxeetako eta Hernaniko BHIko zuzendaritza taldeak. Benantzio Laskibar, Anselmo Unanue, Xabina Arruarte eta Xabier Larretxea, Egapeko lehen junta osatu zutenak ere bertan izan ziren eta omenaldi xumea jaso zuten. Duela urte batzuk hil zen Maria Arizmendirekin batera haiek izan ziren ikastolaren sortzaileak.
Ezin ahaztu ibilbide honetan  protagonista izan ziren irakasle eta ikasleak. Irakasleen artean, egungo zuzendari diren Itsaso Gomez eta Manu Mariasek hartu zuten hitza, ikastolaren egungo egoeraren eta etorkizuneko egitasmoen berri emateko. Baita ere, hitz batzuk zuzendu zizkieten bertaratutakoei, lehen irakasle izen zen Maripi Sarasolak eta lehenengo zuzendari izandako Juxto Egañak. Ikasleek berriz, kantu, dantza, bertso eta txalaparta emanaldiekin edertu zuten ekitaldia.

Ekitaldian aurkeztu zen 50. urteurrenerako egindako abestia ere. Ikasleek abestu zuten. Andoni Otamendi bertsolariarena du letra, eta musika berriz, Xabi San Sebastian abeslariarena. Ordubete luzeko ekitaldiaren ondoren eskainitako luntxarekin eman zitzaion amaiera ikastolaren urrezko urtearen lehen ekitaldiari. Etorriko dira gehiago. 

 

Kantujira herrian barrena

Aurrerantzean Ez Dok Amairu mugimenduko Lurdes Iriondo eta Xabier Leteren arrastoaren atzetik dabiltzan bisitariek San Juan plazan plaka eder bat aurkituko dute, euren bizitoki izan zen etxearen atarian. Egape ikastolako kideekin eta beste herrietako kantuzaleekin batera, larunbat goizean Kantujira egin zuten Urnietan barrena, Aire ahizpak kantariekin batera. 

Eguraldiak baldintzatu zuen Kantujiraren martxa eta, esaterako, Aire ahizpak taldearen goizeko emanaldia Kontzejupean eskaini zuten. Abestien artean, ikusleekin batera ozen abestu zuten Xalbadorren heriotzean kantu ezaguna.
Aurretik, Idiazabal kalean, musikariak zeramatzan kamioi baten atzetik kantuzaleak kalejiran ibili ziren. Egapeko guraso, ikasle eta langileekin batera, beste herrietatik etorritako kantuzale gehiago aritu zen.

Plaka ipini zuten
Lurdes plastikako irakasle zela, Egape ikastolan ikasleekin batera egindako marrazki batean oinarrituta plaka ipini zuten honako esaldiarekin: “Euskal kantagintza berriaren aintzindari eta ikur, olerkari, antzerkigile, kultur eragile...”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!