Sagardozaleak, epaile

Hitzordu gastronomikoa iragarri dute larunbat honetarako iluntzeko 20:00tarako, Zumea plazan. Euskal Herriko II. Sagardo txapelketa herrikoiaren finala ospatuko da bertan. Bereizgarri batekin, gainera, afarian parte hartzen duten sagardozaleek egingo dituzte epaile lanak. Afarirako txartelak Ontzan, Ondarretan edota Txuribeltzen salgai daude jada, 30 eurotan.   

Sagardoaren festara hurbiltzen direnek, afari gozoa eta sagardo ezberdinak dastatzeaz eta epaitzeaz gain, sagardogileekin iritziak elkar trukatzeko aukera edukiko dute.
Puntuazio sistema berezia izango du txapelketak. Afaltzen hasi orduko, sagardoak mahaira ateratzen hasiko dira eta jendeak edan ahala lote bakoitza puntuatu ahal izango du. Afaltzera hurbiltzen diren lagun guztiak izan daitezke epaile.
Bigarren edizioa beteko duen txapelketa honen bidez ohitura zaharrari eutsi nahi dio Sagardogileen elkarteak. Izan ere, historikoki Gipuzkoan egin izan dira antzeko txapelketak, 1967an hasita, eta ohitura horri berreskuratu nahi da. 
Gipuzkoako Sagardogileen elkartea, Eusko Jaurlaritzarekin eta HAZI fundazioarekin elkarlanean antolatzen ari dira. Andoaingo finalerako, berriz, Udalaren eta Ontzaren babesa jaso dute.

Euskal produktuen afaria 
Ontzak antolatuko du afaria, horretarako Zumea plazan jarriko duten karpan. Txartelak salgai daude dagoeneko Ontzan, Ondarreta eta Txuribeltz tabernetan eta Sagardogileen elkartean bertan (943 336 811). 
Afariaren menua osatzeko, Basatxerri eta Lurlan elkarteekin lan egin dute. Honako osagaiak izango ditu: Basatxerri urdaiazpiko, txorizo eta patea, ajoarrieroa Euskaber arrautzarekin, Eusko Labeldun hanburgesa, basatxerri xolomoburu errea pikilo piperrekin, eta, Idiazabalgo gazta.

SAGARDOGILEEN ZERRENDA 
36 sagardogile dira denera: Aburuza (Aduna), Aginaga (Aginaga), Akarregi (Hernani), Alberro (Hernani), Añota (Azpeitia), Araeta (Zubieta), Astarbe (Astigarraga), Astiazaran (Donostia), Beltzenia (Iparralde), Bereziartua (Astigarraga), Calonge (Donostia), Eguzkitza (Tolosa), Elutxeta (Urnieta), Eula (Urnieta), Iparragirre (Hernani), Irigoien (Astigarraga), Itxasburu (Hernani), Izeta (Aia), Larrarte (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Larregain (Hernani), Oianume (Urnieta), Oiarbide (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Ola (Irun), Otatza (Zerain), Otsua Enea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Rezola (Astigarraga), Rufino (Hernani), Satxota (Aia), Setien (Urnieta), Tximista (Ordizia), Urdaira (Usurbil), Uxarte (Zornotza) eta Zabala (Aduna).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!