Larramendi antzerki taldeak 60ko hamarkadan euskarazko antzerkia taularatu zuen, Andoaingo herritarren onespena eta txaloak jasoaz. Lepo jartzen zuten maiz Kale Nagusian zegoen Iparragirre zine aretoa. Gaztelania hizkuntza ofiziala eta bakarra zen frankismoan antzerki taldeak lortu zuen herritarrei euskaraz egindako kultur adierazpen dibertigarria, duina eta kalitatezkoa eskaintzea.
Larramendi taldeak, Errepublika garaian egundoko arrakasta eduki zuen Batzokiko antzerki kuadroaren tradiziotik jarraitu zuen, Toribio Altzaga, Abelino Barriola eta antzeko egileen antzezlan barregarriak eta denbora pasakoak taularatuz. Nolanahi ere, beste hizkuntzetan arrakasta edukitako antzezlanak ere jorratu zituen, itzulita. Esate batera, Alejandro Casonaren “Txalupak jaberik ez” antzezlana, Maria Dolores Agirrek euskaratu zuena. Hona, orduko antzezle batzuek: Xabin Mujika, Roke Etxeberria, Mari Paz Artolazabal, Ixiar Arin, Begoña Arregi, Mari karmen Zuaznabar, Iñaki Arin, Sabin Uranga, Koldo Albisua, Joseba Miren Aldalur eta Jon Koldo Azpiazu. Argazkian ageri dira horietako gehienak, Sekundino Etxeberria zuzendaria inguratzen dutelarik.
60ko hamarkadako testuingurua
Euskal kulturak susperraldia bizitu zuen garaian ernatu zen Larramendi antzerki taldea, hain zuzen. 1936ko uztailean sortu zuen gerran eta ondorengo errepresio bortitzean oinarritu zuen frankismoak bere agintea. Errepublikan zehar euskal kulturaren, nazio eraikuntzaren edo justizia sozialaren alde mugiarazi zen gizartea erabat zapaldu zuen diktadurak.
Eta horrela, hamarkadak burua mukurturik igaro ostean, 60koan, belaunaldi berri bat suspertu zen gizartea eraldatzeko asmoz, Europa eta mundutik zetozen aire berritzaile eta modernoen arrimuan. Testuinguru horretan kokatu behar da euskal kulturak ere bizitu zuen hauspoa hezkuntzan, literaturan, kantagintzan, antzerkigintzan…
Andoainen indartsu heldu zen gaztedia eta, aurreko belaunaldiekin elkarlanean batzuetan eta bakarri bestetan, makina bat ekimen jarri zituen abian, frankismoak ezartzen zituen debeku eta trabei aurre eginez: Aita Larramendi ikastola, euskarazko gau eskola, Lizar Makil dantza taldea, Larramendi antzerki taldea…
Garai hartan antzezlan gisa jardun zuten zenbait herritar izango dira solaskide Basteron, Ainhoa Aiertzak gidaturik.