Urnietako Gaztelekua ikasturtearekin batera martxan jarri da, eta datorren astetik aurrera ekintza irekiak antolatuko dituzte nerabe guztientzat “Ongi etorri” programaren barruan.
Aurreko astean, ate irekien jardunaldia egin zuten Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin, Gaztelekuko espazioak erakusteko eta arauak azaltzeko. “Gaztelekuaren aurkezpenean egindako deialdiak arrakasta handia eduki zuen, ia adin horretako guztiak etorri baitziren. 58 gazte gerturatu ziren guztira”, zehaztu du Unai Esnal hezitzaileak. Arauak eta Gaztelekua bera ezagutzeaz gain, zein motatako ekintzak egiten dituzten jakiteko balio izan zieten harrera egunak.
Orain, eguneroko martxa hartzen ari direla azaldu dute hezitzaileek. “Garrantzitsua da Gaztelekuko dinamika ezagutzea: zaharragoak diren gazteekin egotea, espazioen banaketa ezagutzea, gatazkak sortzen direnetan konpontzen jakitea…”. Aste hau, beraz, egokitze fasea izanik, ez dute ezer berezirik programatu eta datorren asterako utzi dituzte ekintzak.
Sanmieletan merienda
irailaren 28an “Gaztelekuan egon beharrean, herrian jaiak direla aprobetxatuko dugu kalera irteteko. Mielaren jaitsiera ikusiko dugu guztiok batera”, azaldu dute.