Andoaindarra Euskaraz 2016

Marmitakoa eta pintxo potea Goikoplazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 19a, 02:00

Aterpe tabernako Unai Goikoetxea izan da pintxo potearen sustatzaileetakoa, jaian bere aletxoa jartzea beharrezko ikusi baitzuen: “euskalduna naiz eta euskararen egunean zerbait berezia egitea beharrezko nuela iruditu zitzaidan”. Pozik agertu ziren Ramon Elizondo Elizondo tabernakoa eta Unai Goikoetxea Aterpe tabernakoa Aiurrik Goikoplazan ipini zien hitzordura. 

PINTXO POTEA
Biek, eta plaza inguruko beste tabernari gehiagok ere, pintxo potearen bitartez bat egingo dute Andoaindarra euskaraz egunarekin.
Pintxo potea kantu kalejirarekin eta bertsolarien parte hartzearekin osatuko da. Gaueko hitzorduak iristerako, giroa plazan gori-gori egongo da.

 

MARMITAKO ERRALDOIA
Elkarte gastronomikoak herriko martxan garrantzia handikoak dira. Andoainen lehendik ere elkarteen artean egitasmo ezberdinak sustatu dira. Irailaren 24ari begira, elkarteetako kideen aldetik inplikazio maila handia izan da. Euskararen egunean haien lana herrikide askoren otordu bilakatuko da. Izan ere, elkarte bakoitzak 30 lagunentzako marmitakoa prestatu beharko du. Eta, ondoren, marmitako hori herritarren artean prezio xumean eskainiko da. Bilboko jaietan tradizio handikoa da marmitakoa. Andoainen ere herritar askoren artean gosea piztuaraziko duela ziurra da. Bazkariko menua osatzeko patata tortilla lehiaketa antolatu dute. 13:30erako aurkeztu behar dira, Goikoplazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!