Parte hartze handia izan zen Sorabillako jaietan

Jendearen harrera beroarekin ospatu ziren Sorabillako jaietako ekitaldi gehienak, nahiz eta ostegun eta ostiralak egun pattalak suertatu eguraldiaren ikuspegitik. Azken urtetako giro berberean bizitu ziren jada jai egitarauan ezinbesteko bihurtu diren auzoko zaharrenen hamaiketakoa, musika kontzertua, zikiro jatea, krosa, haur jokoak eta antzerkia, sagardo eguna…

Kronika:

Auzoko helduenei hamaiketakoa eskainiz ekin zitzaien jaiei. Kontu zaharrak eta ez hain zaharrak berrituz goxatu zuten otorduarekin, eta batez ere, auzoko baserritarrek 1975ean Pankrazio Urkaregiri egin zioten eskertza ekitaldia izan zuten gogoan; izan ere, Urkaregik, borondate hutsez, albaitari lanak bete ohi zituen baserriz baserri Sorabillan. Egun hartako argazkia dakar aurtengo jai egitarauak azalean, hain zuzen ere. Egun, Manuel Zubeldia, Ventura Uranga eta Inaxio Arteaga dira argazkiko guztien artetik bizi diren bakarrak, eta oroigarri berezia jaso zuten hamaiketakoan.
Ostiral goizeko mendi martxa gidatua izan zen bertan behera utzi beharreko ekitaldi bakarra. Sorabilla eta Belkoaingo mendi inguruko parajeetan dagoen kultur ondarea (1936ko lubakiak, mugarriak, karobiak…) bisitatzea eta azalpenak ematea zen helburu, baina euri zaparradak eragotzi egin zuen ahalegina.
Ostirala jai eguna izan zen, eta asteburu luzea izanik, beldur ziren antolatzaileak ez ote zen jende gutxitxo azalduko Sorabillara. Aurreikuspen goibelenak ez ziren bete, hala ere, eta aurreko urteen antzera erantzun zuen jendeak. Jai batzordekide den Julian Lopezek aitortu zuenez, “haurrak joko herrikoekin, krosarekin, puzgarriekin eta antzerkian gozatzen ari direla ikusteak, horrexegatik bakarrik merezi du hilabeteetako antolaketa lanetan murgiltzea”.
Haur eta helduen partetik jaso zuen aparteko erantzunagatik, Urko Torrek bere hegazti harrapakariekin eskaini zuen erakustaldi pedagogikoa bereizi beharko litzateke beharbada.   
 
Auzotarren omenaldi goxoa
Migel Angel Perez Lasari eskainitako omenaldiarekin jaiek gaina jo zuten hunkigarritasunean. 30 urtez epaile bikaina izanagatik eta auzotar gisa ere estimatua izateagatik omenaldi xumea eskaini nahi izan zioten auzotarrek igande eguardian. Aitziber Sarasola aurkezleak Perez Lasaren merituak gogoratu zizkion ekitaldira bertaratu zen publikoari. Futboleko elitean partidak egoki kudeatzeko epaileak erakutsitako maisutasuna, diziplina eta prestakuntza fisikoa eta teknikoa goratu zituen. Autoritatearen printzipioa bikain transmititu izan zuela azpimarratu zuen Sarasolak; autoritatea, batez ere futbolaren munduan mugitzen diren milioika euroekin eta komunikabideen eta zaletuen miresmenekin laineztuta bizi diren jokalarien aurrean.
30 urtetako ibilbidean pelikuletako pertsonaje maltzurrarena egitea egokitu zitzaion arren, guztien errespetua irabazten jakin zuela gaineratu zuen aurkezleak. Eta horren adierazletzat jo zuen 2013ko ekainean, legeak behartuta erretiroa hartu zuenean, Gipuzkoako kirol munduko 700 pertsonak eskaini zioten afari-omenaldia.    
Perez Lasak berak hitza hartu zuen ekitaldian, opariak jaso ostean: “Orain dela 19 urte futboleko lehenengo mailan hasi nintzenean, argi neukan leku atseginean erosi behar nuela etxebizitza. Lasaitasuna behar nuen partidak prestatzeko eta kazetarien zaparradari aurre egiteko. Eta non Sorabillan baino egokiago, nire familiaren ondoan Andoainen. Sorabillan topatu nuen aterpea, eta harrezkero pribilegiatua eta integratua sentitzen naiz leku zoragarri honetan, bizilagun jatorren ondoan”. Jai batzordeari eskerrak emanez egin zituen azken hitzak: “Eskerrak eman nahi dizkiet jai batzordeko kideei: oso lan polita egiten duzue auzoaren kultura eta tradizioak mantentzeagatik”.
Ekitaldiaren amaieran, ohi denez, pilotalekura bertaratutako guztiek Iturzaeta eta Sorabilla musika pieza abestu zituzten Gora Kaletxiki txarangarekin batera, Joxe Mari Oiartzabalek zuzenduta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!