Andoaindarra Euskaraz 2016

Askoren lanari esker

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 16a, 02:00

Arantza Aguado Udal teknikaria koordinazio lanetan buru-belarri murgilduta dabil egunotan.

Elkarrizketa:

Irailaren 7an agerraldi jendetsua egin zenuten Goikoplazan, Andoaindarra euskaraz eguna aurkezteko. Ekimen kolektibo modura uler al daiteke euskararen aldeko eguna?
Hasieratik gure nahia ahalik eta jende gehien inguratzea izan zen, elkarte modura zein maila pertsonalean. Udalak azpiegitura ipintzen eta gastuak bere gain hartzen lagunduko du, baina ekintzak herriko eragileen eskutik antolatzea nahi genuen. Alde horretatik proposamenetara zabalik egon gara, eta hasieran egitaraua xumeagoa bazen ere, herri eragileen ekarpenekin egun osoko egitaraua osatu dugu.

Herri mailan kohesioa areagotzeko urrats berri bat da, bide batez...
Euskarak dituen ahuldadeak aztertzerakoan, euskalgintzan daudenen arteko saretze falta behin baino gehiagotan aipatu da. Euskaldunen kolektiboa sakabanatuta dagoela, beste modu batera esanda. Horren aurrean saretze hori sustatzea garrantzia handikotzat hartzen genuen. Euskararen eguna aukera ona da saretze hori sustatzeko.
Ospakizunak Goikoplazan izatea erabaki genuen, euskararen ahozko erabilera herriko beste eremuetan baina apalagoa delako.

Euskara plazara eramango duzue, beraz. Goikoplazakoa eremu irekia eta zabala da.Parte hartze handia beharko da.
Oso garbi genuen kalean izan behar zuela, Andoainen euskara kalean entzutea premiazkoa delako. Irailaren 24an euskaldunak badirela eta giro euskaldunean bizi garela erakutsi nahi dugu. Euskararekiko kontzientzia handia ez dutenen horiengana iritsi beharra dagoelako.
Parte hartzeari dagokionez, ekimen handi honen hasieran ez genuen parte hartze handirik irudikatzen, baina irailaren 7ko aurkezpenarekin herritar kopuru handi samarra bil genezakeela iruditzen zait. Horrez gain, egitaraua handitzen joan da herri eragile ezberdinak proposamen berriekin hurbildu zaizkigulako. Nolanahi ere, lehen edizioa da eta ez nuke eragileak gehiegi estutzerik nahi. Indarrak neurtu beharko genituzke.

Ospakizunen biharamunean jarrita, antolatzaile modura, zerk asebeteko zintuzke?
Parte hartzen dutenek egun atsegina eta dibertigarria igarotzea nahiko nuke. Ez da estu ibiltzeko eguna, ondo pasatzekoa baizik. Elkarte gastronomikoetako kideek, esaterako, marmitakoa prestatzen ere ondo pasatzea nahiko nuke. Izan dadila festa bat lanean ari direnentzat eta ikuslego zabalarentzat.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!