Andoaindik zer nola ikusten dira irailaren 25eko hauteskundeak? Gertuko ala urruneko?
Hauteskunde hauek oso gertukoak dira guretzat. Alderdi batzuek Espainia dute helburu eta euren jardun politikoa Madrilera begira kudeatzen dute, sukurtsal soilak dira hemen dituzten egiturak. EAJrentzat lehentasun bakarra dago, Euskadi. Honenbestez, guretzat garrantzi berezia dute iraileko hauteskunde hauek, herri honen etorkizuna jokoan baitago.
EAEn 2015eko ekainean adostasuna izan zen EAJ eta PSE artean. Andoainen, ordea, erabaki handienak abertzaleen adostasunetik etorri dira...
Beti izan dugu akordio eta adostasunerako jarrera irekia, batzuekin zein besteekin akordioetara iristeko gaitasuna. EAJk ez du inolako beto edo aurreiritzirik ezartzen, jakin behar da adostasunak zertarako egiten diren, programa eta helburu zehatzak garatzeko. Argi dago alor nazionalean EH Bildurekin elkar ulertzea ezinbestekoa dugula, aldiz gizarte ereduari dagokionean beste alderdiekin puntu amankomunak topa genitzake. Alderdietatik haratago, konpondu beharreko tokian tokiko arazoak existitzen dira.
Politika herritarren zerbitzura lan egiteko da, horretarako momentu bakoitzean erabaki egokiak hartzen asmatu behar da, beharrezko babesak topatzen.
Orain gutxi arte PSEk eta EAJk gehiengo osoa ziurtatzen duten 9 botoak zituzten Andoainen. Sozialistek galdu duten zinegotzi horrek kezka berezia sortu al du zuengan?
Ez, inolaz ere ez. Erabat errespetatzen ditugu edozein talde politiko edo zinegotziren erabakiak. Guri ez dagokigu alderdi sozialistaren barne arazoak epaitzea. Andoainen aldeko gehiengo zabalak lortzea gustatuko litzaiguke, politika modu eraikitzailean egitea, kritika “baldarra” ekidin eta ekarpenak egitea, populismo errazean eta demagogian erori gabe.
Gobernu taldean EH Bildu bakarrik dago, beraz, erabaki potoloetarako babes politikoak behar ditu. Zer da eurengan ontzat ematen duzuena? Eta hobetzeko luketena?
EAJak Andoainekiko duen konpromisoa hitzetatik ekintzetara igaroz adierazi du, 2016ko udal aurrekontuen onarpenarekin eta herriarentzako inbertsio garrantzitsuenak elkarrekin finkatuz. Erakutsi dugu posible dela oposiziotik ere herriak aurrera egin dezan lan egitea, andoaindarrentzako kalitatezko zerbitzuak bermatuz. EH Bilduk jakin izan du egoeraren irakurketa pragmatikoagoa egiten. Gauza asko dugu hobetzeko, baina konfiantza berreskuratzea da erronka garrantzitsuena. Herri honetan, urte luzetan zehar zubi ugari apurtu dira, zauri ugari ireki, eta ezinbestekoa da egoera horri buelta emateko gogoeta sinesgarria egitea, eta jarrera eraikitzailea berreskuratzea.
Lehendakaritzarako, zer nolako kanpaina egingo duzue irailean herrian bertan? Zerbait aurreratzerik bai?
Gustatuko litzaidake andoaindar guztiengana iristea, jokoan dagoena azpimarratzeko. Kalean ibiltzea tokatuko zaigu, ahoz aho gure proiektua zabalduz, twitterren txiokatuz ala ekitaldietan ozen adieraziz.
Zein ideia nagusi defendatuko dituzue?
Orain 4 urte, ekonomikoki oparoa ez zen testuinguru zail bat jaso zuen Urkullu lehendakariak, baina egoera horri buelta ematen saiatu gara egunero. EAJren helburua edozein herritarrek bere bizitza proiektua duintasunez eta askatasunez aurrera eramateko aukera izatea da.
Horretarako, suspertze ekonomikoa lehentasun gisa ezarri dugu: enpleguaren sorrera, industriaren aldeko apustua, nazioartekotzea, ikerketa, berrikuntza… Ezinbestekoa baita aberastasuna sortzea, ondoren modu orekatu eta justu batetan banatzeko. Pertsonak dira gure helburu, eta gizarte gisa guztiok batera aurrera egiteko oinarriak ezarri ditugu, inor inoiz bazterrean gera ez dadin.
Pausoz pauso, gutxika gutxika, dezimaz dezima, baina Euskadi etenik gabe aurrera doa. Ezinbestekoa da herritarren babesa bilatzea, ibilbide honetan bultzada emateko, elkarrekin aurrera egiten jarraitzeko.
Orokorretan Podemos Andoainen bozkatuena izateak kezka sortzen al du zuen alderdian?
Podemos alderdi bat gehiago bilakatu da, lehiakide. Ez dugu uste azken emaitzak errepikatuko dituenik. Irakurketa ugari egin daitezke, Madrilgo gobernua dute jomuga, eta euskal gizarteak Rajoy (PP) kalera botatzeko modurik eraginkorrena Podemos bozkatzea zela ulertu zuen, ez nuke bestelako estrapolaziorik egingo, Nagua Albaren diskurtsoak Euskadin ez baitu balio.
Hauteskundeak bitarte alderdiak lehian izaten dira. Tartean ika-mikak sortzen dira, eta gaur arerio direnak bihar gobernatzeko kide izan daitezke. Zein litzateke EAJ-PNVren aukera onena?
Akordioak eta gehiengoak proiektuen inguruan artikulatu beharko dira. Elkartu bai, baina zertarako? Badira soilik EAJ gobernutik kentzea helburu duten alderdiak, proiekturik gabeak, soilik gobernura iristea nahi dutenak: “kendu zaitez zu, ni ipin nadin”.
PP eta Ciudadanos alderdiak kenduta, gainerako alderdi guztiekin adostasunera iristeko gaitasuna daukagu. Azken 4 urteetan seriotasunez egindako kudeaketa izango dugu saltzeko, euskal eredu propioa herritarrekin zintzotasunez elkarbanatzeko eta berresteko.