Lehendakaritzarako Hauteskundeak'16

Maider Lainez, PSE-EE

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 16a, 02:00

Maider Lainez Andoaingo sozialisten buruzagia da, eta EAEko hauteskundeetan Gipuzkoako zerrendakideen artean aurkitzen da. Udal politikagintzaz eta Euskadi mailako lehiaz egindako galderei erantzun die. Euskadi eta Andoain mailan sozialistek eraginkor izaten jarraitu nahi dute.

Elkarrizketa:

Zenbaterainoko garrantzia dute EAE mailako hauteskundeak, herri baten lidergotzaren eskutik? Gertutik jarraituko al dituzue?
EAEko hauteskundeek garrantzi handia daukate gure egunerokotasunean. Izan ere, Osasuna, Hezkuntza edo Etxebizitzako konpetentziak ez dira udaletxekoak, EAEkoak baizik.
Orain dela gutxi, adibidez, Eusko Jaurlaritzara jo behar izan genuen Ondarreta ikastetxeko gurasoek aurkeztu zizkiguten arazo batzuei aurre egiteko. Edo 2015an, Eusko Legebiltzarra izan zen Etxebizitzako Legea onartu zuena (PSE-EEk aurkeztu eta EH Bilduko eta UPyDko babesarekin aurrera eraman genuen; EAJk eta PPk kontra bozkatu zuten).
Esan bezala, oso hurbil ditugun gaiak dira orain jokoan daudenak.

Euskadi osoan EAJ eta PSE alderdien artean dagoen adostasuna ez da Andoainera iritsi. Zuen ikuspegitik zer dela eta gertatzen da hori? Zer egin lezake PSE-EEk egoera hori aldatzeko? Eta EAJk?
Urtebete pasa da eta oraindik andoaindar asko (EAJri bozkatu ziotenak ere) galdera bera egitera gerturatzen zaizkigu. Oraindik ere, ez dakigu zer erantzun. Bizitzan kontraesan handiak daudela esan genezake, eta politikan, zer esanik ez!

Alvaro Gonzalez zinegotziak ez du kargua utzi, baina bai zuen alderdia. Nola bizi duzue egoera hori?
Alde-bateko erabakia izan da, baina errespetatzen dugu. Gure aldetik, ezer gutxi gehiago esan dezakegu.

Galera horrek zuei eta jeltzaleei gehiengo osoa ziurtatzen duen 9. botoa kendu dizue, esaterako, erraustegiaren gaian...
2015eko maiatzaren 24an, andoaindarrek PSE-EEko alderdiak 5 kide izan zitzala bozkatu zuten, ez lau. Hori da, guretzat galera garrantzitsuena.
Gehiengo osoa lortzea ez da gehien kezkatzen gaituena; hori, gaiaren arabera etorriko da. Daramagun urteari erreparatuz gero, konturatuko gara oso gai puntualak izan direla, EAJ eta EH Bildu elkarren artean ados jarri ez direnak. Batzuetan, gobernatzen nor ari den ere jarri da zalantzan. Sozialistok argi daukagu oposizioko lana egin behar dugula. Gobernu taldearen alternatiba izatea ardura horrek dakar eta horretan gabiltza: adibidez, erraustegiaren gaian edo lurpeko edukiontziak kentzearen gaian. Azken honetan, bakarrik egon arren.

Lehendakaritzarako, zer nolako kanpaina egingo duzue irailean herrian bertan? Zerbait aurreratzerik bai?
Kalean jendearekin egongo gara batez ere, beste kanpainetan egiten dugun bezala. Kanpainan zehar, Susana Corcuera (gure hautagaia) eta beste hautagaiak Andoainera etorriko dira, andoaindarren zuzeneko kezkak ezagutzeko eta haiekin biltzeko.
Aurrera ditzakedan ekintzak hauek dira: kanpainako astearteetan eta larunbatetan, Merkatu plazan egongo gara eta irailaren 15ean (osteguna), arratsaldean, Goikoplazan egongo gara.

Zein ideia nagusi defendatuko duzue?
Batera egonez gero, Euskadiko hiritar guztien etorkizuna eta berdintasuna bermatuko ditugula. Hori dela eta, gure leloa “Juntos Batera” da.
Sozialistok Euskadiko hiritarrei Aurrerapen Ituna proposatu nahi diegu, non, daukagun krisiari batera aurre egin diezaiogun, bidean inor utzi gabe. Nazionalistek aurkezten duten Euskadi itxia eta identitarioaren aurrean, Sozialistok Euskadi irekia aldarrikatzen dugu, hangoak eta hemengoak batzen dituena, eleanitza eta modernoa.

Orokorretan Podemos Andoainen bozkatuena izateak kezka sortzen al du zuen alderdian?
Ekaineko orokorretan Podemos Andoainen alderdi bozkatuena izan zela argi dago, baina agian espero zuten baino boto gutxiagoekin. Izan ere, hauteskunde orokorretara, Andoainen, Podemos alderdiekin batera IU-Irabazi eta Ganemos alderdiak aurkeztu ziren, bi alderdi hauen botoak Podemos alderdiaren emaitzan islatuta ez agertu arren.
Bestalde, gure emaitzak onak ez zirela izan aitortu behar dugu. Hala ere, egia da hauteskundeetako egunean, kazetari guztiek gure alderdiak emaitza askoz okerragoak izango zituela etengabe esaten zutela, eta azkenean ez zela horrelakorik gertatu. Jakinguraz, Podemos alderdiak, Espainia mailan, bakarrik Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Bartzelonan eta Tarragonan irabazi zuen. Datu bitxiak ere aztertzeko.
Baina ekaineko hauteskunde orokorrek beste datu bitxi bat ere ekarri ziguten: Andoainen, Sozialistok EH Bildu baino boto gehiago lortu genituen (2011tik, edozein hauteskundeetako emaitzak begiratuz gero, lehenengo aldia izan da). Guretzat, dudarik gabe, sorpresa bat. “Batean kale, bestean bale”, esaten den bezala.

Hauteskundeak bitarte alderdiak lehian izaten dira. Tartean ika-mikak sortzen dira, eta gaur arerio direnak bihar gobernatzeko kide izan daitezke. Zein litzateke PSE-EEren aukera onena?
Kanpainan, alderdi bakoitza bere jarrerak zeintzuk diren nabarmentzen saiatzen da. Eta hortik, alderdien arteko desberdintasunak agerikoagoak izan daitezela, nahiz eta askotan ezberdintasun horiek gehiegi ez izan.
Gaur egun zein izango den gobernatzeko kidea iragartzea ezinezkoa gertatzen zaigu, hauteskundeetako zenbakiek zehaztuko dute soilik: batuketa batzuek eman dezaketelako eta beste batzuk ez.
Itxaron egin beharko dugu. Iruditzen bazaizu, berriro hitz egin genezake irailaren 26an. Ados?

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!