Lehendakaritzarako Hauteskundeak'16

Jon Zulueta, EH Bildu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 16a, 02:00

Jon Zulueta EH Bilduko bozeramaileak agintaldiko lehen urtean lortutako adostasunei garrantzia eman nahi dio: “Andoainen zein lehentasunen inguruan lan egin behar dugun adostu dugu, eta aurten horiek aurrera eramaten ari gara”. Udalerritik haratago, herritarren eskubide politiko eta sozialen alde EH Bilduk apustu zuzena egiten duela defendatzen du.

Elkarrizketa:

Andoaindik zer nola ikusten dira irailaren 25eko hauteskundeak? Gertuko ala urruneko?
Gertuko, oso gertuko. Gasteizko Legebiltzarrak muga handiak ditu, dugun subirautza faltaren ondorioz, besteak beste. Hala ere, ez dugu ahaztu behar, Legebiltzarra ganbera legegilea dela, eta bertan eztabaidatzen eta erabakitzen diren legeek eragin zuzena dute andoaindarron egunerokotasunean. Esate baterako, amaitu den agintaldi honetan onartu diren lege garrantzitsuenak (Etxebizitza legea eta Tokiko erakundeen legea 'Udal legea') bertan eztabaidatu eta onartu dira.
Legebiltzarrean dagoen indarren korrelazioa oso garrantzitsua da, Jaurlaritzaren zereginaren norabidea eta ikuspegia zein den markatuko duelako.

EH Bilduren emaitzak, Orokorretan edota EAE mailakoetan, eragin al dezake Andoaingo EH Bilduren jardunbidean?
Ez du zertan eragin beharrik. Egun, hauteskunde ziklo bakoitza independientea da. Herritarrek ezberdin bozkatzen dute hauteskunde batzuetan edo besteetan. Andoaingo EH Bilduk sustrai sendoak ditu. Bi Udal hauteskunde jarraian irabazi ditugu eta gure bi zereginetan lanean dihardugu; gobernu jardunean batetik eta, bestetik, herritarrekin batera herri dinamika ezberdinetan murgilduta. Gobernatzen egoteak alderdi interesak baztertu eta herri ikuspegiaz aritzea esan nahi du. Hori izango da gure zeregina 2019 bitarte eta, beraz, iraileko hauteskundeen emaitzak ez gaitu bide horretatik aterako.

Zer nolako kanpaina egingo duzue herrian bertan? Zerbait aurreratzerik bai?
Kalean egongo gara. Kanpainak berez  proposamen politikoak aurkezteko izaten dira, azkenaldian espektakulu bilakatu baldin badituzte ere. Saiatuko gara, gure proposamen politikoa zein den argi azaltzen. Dagoeneko irailaren 6an herri bilera irekia deitu dugu, Urigainen.
Gure mezua gizarteratzeko ditugun bitarteko zuzenenak erabiliko ditugu; kalera atera eta herritarrari zuzenean helaraziz.

Zein ideia nagusi defendatuko dituzue?
Azken asteotan defendatu ditugunak garatuko ditugu. Hauteskunde hauetan lehendakaritza nork duen baino zerbait gehiago dago jokoan.
Azken agintaldia antzua izan da herri ikuspegitik. Urkulluk agintaldian zehar herritarrei kontsulta egingo ziela agindu zuen eta urrats txikiena ere ez du egin. Zortzi urte daramatzagu horrela, ekinbide politikorik gabe. Arazoa ez da herritarrei kontsulta antolatu ez diela, arazo nagusia da PNVk konpetentzien kudeaketatik haratago, ez duela eskaintza politiko zehazturik eta eztabaida hori modu zabalean irekitzeko beldur dela.
EH Bilduk eztabaida hori modu gordinean ireki nahi du. Herritarren eskubide politiko eta sozialak, hizkuntza eskubideak eta abar, bermatzeko zein antolaketa politikoa nahi eta behar dugu? Beste modu batera esanda, herritar guztiak hobeto bizi daitezen, zer nolako antolaketa nahi dugu?

Orokorretan Podemos Andoainen bozkatuena izateak kezka sortzen al du zuen alderdian?
Kezkarik ez. Kezka baino gehiago harridura esango nuke. Herrian egitura sortzen ari den alderdiak, kaleko kanpaina gutxirekin emaitza oso onak lortu ditu, ez soilik lehen indarra izan direlako, baita bozen kopuruan ere. Argi dago Podemos fenomeno mediatiko oso indartsua dela, eta Espainian dagoen aldaketarako behar horretan, PP gobernutik botatzeko dagoen gogoarekin konektatu dutela. Hauteskunde hauek ezberdinak izango dira. Elkarrekin Podemosek Euskal Herritarrei zein alternatiba eskaintzen dizkion zehaztu beharko du. Hemendik aurrera ikusiko dugu fenomeno mediatikotik aparte, sozialki zein nolako errotzea eman duen gure herrian.

Udalgintzan erabaki potoloenak abertzaleen artean gertatu dira. Zer nolako sintonia dago EH Bildu eta EAJ alderdien artean?
EH Bildu eta EAJ-PNVren arteko harremana herrian ona da, azken urteotako onena. Ezberdintasun handiak ditugu gure artean, bai ideologikoak eta baita kudeaketa ereduari dagokionez. Hala ere, Andoainen zein lehentasunen inguruan lan egin behar dugun adostu dugu eta aurten horiek aurrera eramaten ari gara. Gure aldetik bada, eta beraien aldetik jasotakoari erreparatuz, datozen hilabeteetan akordio berriak lortzeko aukera handiak daudela esan dezakegu.

Udalgintzaren martxa ikusita Andoainen, PSE-EE al da gaur gaurkoz zuengandik urrutien dagoen alderdia?
Egia da talka eta eztabaidak izan ditugula. Baina harremana ez da txarra. Komunikazio kanalak baditugu eta ziur gaude herriko arazoei irtenbidea emateko adostasunak lortzeko aukerak badaudela. Adierazpen eta mozio askotan elkarrekin bozkatu izan dugu, beraz ikus daiteke Andoaingo arazoei aurre egiteko orduan, adostasuna lortzeko baldintzak ditugula.

Hauteskundeak bitarte alderdiak lehian izaten dira. Tartean ika-mikak sortzen dira, eta gaur arerio direnak bihar gobernatzeko kide izan daitezke. Zein litzateke EH Bilduren aukera onena?
Politikoki zuzena izango naiz; arazoa ez da norekin, zertarako baizik; gure aldetik herritar guztien eskubide politiko eta sozial guztiak bermatuta egon daitezen eta Euskal Herriaren erabakitze eskubidean urratsak emateko prest daudenekin elkarlanean arituko gara. Aurretik eta Legebiltzarrak izango duen osaketa eta sor daitezkeen gehiengoak zeintzuk diren jakin gabe ezer aurreratzea zaila da. Orain, proposamenak egiteko momentua da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!