Oso urte gutxiko ibilbidea du Podemos alderdiak, espainiar estatuan indar bizia hartu duena. Eta denbora gutxian botu-emaile asko erakarri du. Oso urrutira joan gabe, Andoainen lehen indarra izan da Espainiako presidentea aukeratzeko bi deialdietan. Alderdi berria da, eta Andoaingo Podemos zirkulua berriagoa oraindik. Aurten jarri baita martxan, urtarrilaren 30ean Urigainen egin zuten aurkezpen ekitaldiarekin. Orduko hartan Teresa Santanak egin zituen Andoaingo Podemos alderdiko taldearen aurkezpen lanak eta, bereziki, politika mailan zegoen ustelkeriari aurre egiteko eta behar larriak dituztenei laguntzeko alderdian sartzea erabaki zuela aitortu zuen. Andoainen gazteek alderdia martxan jartzeko zain egon zela ere esan zuen, baina hori gertatu ezean berak pertsonalki aurrera egiteko asmoa agertu zuen.
Eta nor da Teresa Santana? Lasartearra sortzez, baina hogeita hamar urtetik gora darama Andoainen bizitzen. Euskal Herriko Unibertsitateko langilea da, zehazki, eskolazaina. Oso gogoko du herrian barrena pasieran ibiltzea. Bereziki Espigoia, Leitzaran eta Oria ibaiek bat egiten duten toki horretan. Udalgintzan ari ez denez, horixe da Podemoseko bozeramailearen aurkezpen txartela Aiurriko irakurleentzat.
Andoaingo Podemos zirkulu bat al da? Zein egoeratan zaudete?
Zirkulu bat da, bai. Alor guztietan bezala, jendea ez da oso parte hartzailea eta kosta egiten da herritarrak gerturatzea. Herrikide askok markatuta sentitze horri beldur diola uste dut. Zirkuluak bilera irekiak dira, baina badirudi behin agertzeagatik dagoeneko Podemosekoa zarela. Gabezia hori daukagu guk, eta nago beste alderdiek ere gabezia bertsua dutela. Ari gara, halere, jendea pilatzen eta etorkizunean mugimendu gehiago izatea espero dut.
Martxan dagoen taldea da, beraz, zuena.
Hilean behin egiten dugu bilera. Gaudenak lanean ari gara, eta beste ekimen batzuetan ere bagabiltza. Dinamika areagotzea ez da erraza. 2015eko Udal hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki genuen. Hainbat kide maila pertsonalean lanean ari ginen, baina zirkulurik ez zegoen. Ez zen bideragarri aurkeztea, ez geunden korrika eta presaka hautes-zerrenda egiteko moduan. Abenduko Hauteskunde Orokorretan, ordea, Andoainen lehen alderdia izan ginen. Eta inguruko herrietako alderdikideek Andoainen zirkulua martxan jartzeko gonbitea egin zidaten. Urtarriletik hona martxan dagoen zirkulua da Andoaingoa.
Ganemos Andoain al da zuen ordezkari modukoa udaletxean?
Ez. Eta hori garbi geratzea nahiko nuke. Ganemos Andoain sortzeko ez zituzten Podemosen abalak erabili, eta azken unean aurkeztea erabaki zuten. Nire ustean oportunista samarrak izan ziren, eurei adierazi diedan bezalaxe. Eurak, ordea, gurekin identifikatzen dira eta berriki gure eskutik lan egitea erabaki dute. Olga Hernandez Ganemosko zinegotzia guregana hurbildu zen, parte hartzeko gogoa adieraziz. Eta, egia esan, lan handia eta zintzoa egiten ari da Andoainen. Gaurko egunez Andoaingo udaletxean lan egiteko Ganemos Andoain zubi modukoa da.
Baina argi gera dadila, nik ordezkatzen dudana Podemos Andoain Ahal Dugu alderdia da.
Eta dagoeneko datozen Udal hauteskundeetan pentsatzen ari al zarete?
Oso urruti daude 2019ko Udal hauteskundeak. Olga Hernandezen bitartez udalerria nola hobetu pentsatu beharko genukeela iruditzen zait. Agenda sozialari buruz lotura asko ikusten ditugu EH Bildurekin edota Irabazirekin. EAJ-PNVk eskuinera jo dezake batzuetan, PSEko joera batzuk ez ditugu ontzat hartzen... Udalerri mailan, ordea, ez dago estatu mailan alderdien artean dagoen erradikaltasun hori. Andoainen, alor batzuetan alderdi guztiak bat eginda gaude.
Aurreikuspen handiegiak al ditu Podemos alderdiak Euskadin?
Zera esango dizut, abiapuntua guretzat zero da. Eta hortik gora, ongi etorria izan dadila. Hori da gure abiapuntua, iritsi berriak garelako. Azken emaitzak guretzat oso onak izan dira, eta uste dut emaitza ona lor genezakeela. Ni neu izaeraz, gainera, oso baikorra naiz.
Ekitaldirik egingo al duzue Andoainen?
Seguru baietz. Nagua Alba idazkari orokorra oso inplikatuta ikusten dut gure herriarekin. Haren agendan lehentasunezkoa da Andoain. “Kongresua plazan” kanpainarako berak deitu zidan, Andoainen ekitaldia egiteko.
Zuengan zer aurki dezake botu-emaileak?
Ilusio berri bat politika zaharraren aurrean. Egungo egoera katramilatsu honetara ekarri gaituztenekin neka-neka eginda gauden pertsonak gara. Uste dut, gainera, Pili Zabala lider ezin hobea dela.
EAJ-PNV botuetan gainditzea izango da zuen erronka nagusia, beraz?
Ea nola erantzuten dizudan, inor haserretu ez dadin. Euskadi EAJren kortijoa da. Askorentzat egonkortasuna da jeltzaleen alde egitea baina azkenean eskuineko alderdia da.
Enpresaren alde egiten du, eta hori ona da. Baina langileen alde zer egiten du?
Beste alor batzuri begira, ahoa betetzen zaigu Euskadin beste lekuetan baino hobeto gaudela esatearekin, baina ez da horrela. Osakidetzan, adibidez, itxaron zerrendak oso luzeak dira. Ezkutuan zerbitzu asko pribatizatzen ari dira.
Asko, –baina asko–, hobetu daiteke Euskadiko biztanleen bizitza maila.