Marrazkia, margoa eta tatuajearen artea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 18a, 02:00

Ander Ortiz de Murua billabonatarraren ‘Argiaren bila’ margolanen erakusketa urriaren 1a bitartean zabalik egongo da Zizurkilgo Plazida Otaño Aiztondoko liburutegian.

Bi motatako obrak biltzen ditu Argiaren bila erakusketak. Grafitozko laminak eta akriliko nahiz oleozko margoekin egindako lientzoak. Erakusketa mistoa da, beraz. Artistak bere bizitzan izandako esperientzia on eta txarretan oinarrituta margotzen duelako jarri dio Anderrek Argiaren bila izena bere lehen erakusketari. Izan ditu lehen ere lanak erakusteko gonbidapen gehiago ere, baina orain artean ez du sekula pauso hori eman nahi izan, bere lanak oso pertsonalak baitira beretzat. Aurten, ordea, bere artista lana kanpora ateratzera bultzatu duen esperientzia bizitu du eta ez du baiezkoa erantzuteko zalantzarik egin, Zizurkildik Plazida Otaño liburutegian erakusketa jartzeko gonbitea jaso duenean. “Joan zen martxoan hasita, Madrilgo tatuaje eskolan ikasten aritu nintzen eta puntu klabea izan zen hori niretzat. Tatuaje eskola baino gehiago, arte eskola da hura eta tatuajeen inguruko jakintza baino gehiago erakutsi didate han: bakoitzak barruan duen artea kanpora atera behar duela, alegia. Agian berandu hasi naiz horretan, baina hauxe izan da nire momentua”, adierazi du.

Tatuajea eta marrazkia
Bizitza guztian zehar egindako 18 lanen bilduma da Argiaren bila, oso erakusketa berezia egilearentzat; sentimendu mailan, beretzat indartsuenak diren lanak aukeratu baititu. Txikitatik margotu eta marraztu izan du Anderrek. “Umetan eskolak jaso nituen eta gerora nire kabuz esperimentatzen aritu nintzen bolada batean. Gaztetxotan, Arantxa Arratibelen Donostiako estudioan aritu nintzen lau urtez eta izugarri ikasi nuen han; testura ezberdinak nahiz erretratuak lantzen, besteak beste”. Bere kabuz jardun du geroztik, sekula marraztu eta margotzeko bere pasioa baztertu gabe. Orain ate berriak zabaldu zaizkio tatuaje eskolatik igaro ondorenean. “Tatuajea oso lotuta dago marrazki nahiz itzalekin. Teknika ezberdina da, lanerako erreminta ezberdinak behar dira eta paperean beharrean, pertsonaren azalean egin behar da lan. Baina artistikoki oinarri bat eduki behar da tatuajeak ondo egin ahal izateko”, Anderren hitzetan. Madrilgo eskolan bezeroek nahi duten sentimendua azalean espresatzen erakutsi diote, bai sinbolo edo marrazkiren baten bidez eta lan horretan ere badihardu, tatuaje pertsonalizatuak egiten. “Gipuzkoan orain artean ez dira oso tatuaje pertsonalizatuak egin, katalogo bidez egin da lan gehiago. Niri lan berezi horiek egiten erakutsi didate eta lan handia bada ere, izugarri betetzen nau bezeroa egin diozun irudiarekin hunkituta ikusteak”. Etorkizunera begira badu nahi edo asmo berezi bat: tatuaje eta arte estudio bat zabaltzea, hain zuzen. “Argi daukat nire lana horixe izatea nahiko nukeela eta egingo dut noizbait. Elektronikako lanetan aritzen naiz eta orain artean nire zaletasuna izan da marraztea. Nire burua autoelikatzeko marrazten nuen, baina begiak zabaldu dizkidate eta pausoa ematea gustatuko litzaidake”, dio.

Sentimenduak
Plazida Otaño liburutegian ikusgai dagoen ‘Helmuga’ lana Donostiara eramango dute hilaren 16an eta Alde Zaharreko denda batean jarriko dute. Sekulako poza eragin dio Anderri aukera horrek, baina aurrez, Zizurkilen ikusteko aukera izango da. Ura eta musika inspirazio iturri ditu maiz marrazterakoan eta erakusketan badira, besteren artean, arlo hori ispilatzen duten lanak. Grafitoz nahiz kolorez eginiko lan dotoreak dira guztiak ere, pazientzia eta zehaztasun handikoak. Askok marrazkiak baino argazkiak dirudite distantzia laburretik begiratuta. Lanek ikusleari sentimenduren bat piztea gustatuko litzaioke Anderri, “bakoitzari berea”.
36 urte ditu egun eta 14 bat urterekin margotu zuen bere lehen oleoa. 200 pasatxo izango ditu dagoeneko. Udazkenean egiten du lanik gehien, orduan ateratzen zaio nagusiki barruko artista sena eta erakusketa bukatutakoan, lanean bete-betean hasteko irrikitan da. Tatuaje ugari egiteko eskaera aurrez lotuta du dagoeneko eta, horrez gain, paperean erretratuak margotzeko gogo biziz dago. Hala nahi duenari gustura egingo lioke, prezio berezian gainera. Urriaren 1ean, erabiltzen dituen teknika ezberdinak erakusteko tailerra eskainiko du Plazida Otaño liburutegian. Parte hartu nahi duenak, irailaren 26a baino lehen eman beharko du izena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!