Elkarte gastronomikoak, kultur eta gizarte mailako eragileak, euskararen aldeko elkarteetako ordezkariak, ordezkari politikoak, herritarrak..., aurreko astean talde handi samarra elkartu zen datorren irailaren 24ko ospakizunari atxikimendua adierazteko. Taldeko argazkia egiteaz gain, Ainara Rodriguez Euskararen Normalkuntzarako Batzordeko arduradunak eta Ainhoa Aiertza herri eragileak adierazpena egin zuten.
Hausnarketa luzearen ostean jauzi kualitatiboa emateko ordua iritsi zela adierazi zuen Rodriguez zinegotziak: “Gure herrian euskararen ezagutzak gora egin arren, erabilera ez da neurri berean igotzen. Azken datuen arabera, %18ak darabil euskara kalean. Hemen gauden andoaindarrok datu horiek aldatzea nahi dugu, datu horiek irauli nahi ditugu. Kezka horretatik abiatuta, herriko zenbait eragile Euskararen Aholku Batzordean elkartu ginen. Gure herriko euskararen egoera hobetzea izan da lantalde horren egiteko nagusia. Hausnarketak egiteaz gain, hainbat ekimen antolatu izan dugu.
Jauzi kualitatiboa emateko garaia dela uste dugu, euskararen ezagutzatik erabilerara jauzi egin behar dela sinetsita. Horregatik kaleak bustitzera gatoz. Datorren irailaren 24an Andoaindarra Euskaraz eguna ospatuko dugu hemen, Goikoplazan. Andoaindar guztien eguna izatea nahi dugu eta horregatik herriko hainbat eragilek parte hartuko dute”.
Ainhoa Aiertzak egitarauaren xehetasunak eskaini zituen, goizeko 10:00etan hasi eta goizaldeko 02:00ak arte luzatuko direnak: “Haur jarduerekin abiatuko da eguna, eta ordu beretsuan herriko toki ezberdinetatik musika talde ezberdinak abiatuko dira Goikoplazan guztiek bat egiteko.
Elkarteen artean marmitakoa prestatzeko lehiaketa egingo da, eta hortik aurrera hamaika jarduera gehiago: Musika, sagardo dastaketa..., denetik izango da egun osoan zehar. Egun horretan parte hartzera andoaindar guztiak gonbidatu nahi ditugu”.
Norberaren indarra baliatuz, datorren irailaren 24an euskararen aldeko energia sortzea helburu dutela esanez amaitu zuten agerraldia: “Argi dugu gure herria euskalduna dela, eta gutako bakoitzaren indarra behar-beharrezkoa da euskarak aurrera egin dezan”. Gonbitea luzatuta dago.
Euskararekiko kezka erronka bilakatuta
Euskararen erabilera edota ikasketa areragotzeko, eragile sozial eta politikoak ekimen ezberdinak burutzen ari dira urteotan. Kezkaz bizi dute euskararen erabileran gertatu den jaitsiera, eta eskuak gurutzaturik egon beharrean udal teknikari, politikari eta herritarrez osaturiko batzordea lanean hasi zen. Zerbait egin beharra zegoen, eta euskararen aldeko sentsibilizazioa areagotzeko asmoz euskarari egun bat eskaintzea erabaki zuten. Horixe da Andoaindarra euskaraz egunaren abiapuntua. Irailaren 24an euskara andoaindarron ahotan ipini nahi dute, Goikoplaza inguruan antolaturiko egitarau oparoaren bitartez. Hauteskundeen bezpera izanik, erreflexio eguna izango da. Ez litzateke txarra izango herrikide askok erreflexio egunean euskararen inguruan hausnarketa egiteko tartea hartzea. Udalak, gainera, segida eman nahi dio ekimenari. Gogotsu daude, euskararen egunaren lehen edizioa dela iragarri baitute. Hurrengo urteetan, beraz, ekimenak jarraipena izango duela dirudi.
Kezka erronka bilakatu dute. Irailaren 24az geroztik, antolatzaileek Andoain pittin bat euskaldunago nahiko lukete, eta nola ez euskara ahoan maizago erabiltzea. Erronka horri eustea giltzarri izango da hurrengo urteetan. Izan ere, orain arte eskuartera iritsitako erabilera datuak ez dira onak. Euskararen jakintza geroz eta handiagoa da, euskaraz dakitenen kopurua dagoeneko handi samarra baita. Arazoa ahozkotasunean dago, datuek Andoainen euskara ahoan darabilen herritarren joera beheranzkoa dela adierazten baitute.
2013ko datuen arabera, euskararen erabilera apaltzen ari da Andoaingo kaleetan. Orduko hartan Andoaingo Udalak argitara eman zituen Soziolinguistika Klusterrak egindako kale neurketaren emaitzak eta 2011n antzeman zen beheranzko joera hori baieztatu zen. Orduko Aiurrin argitaratu bezala, Andoainen 2013ko maiatzaren 22a eta ekainaren 16a bitartean egin zuten kale-neurketan, behaketa zuzenean oinarritu ziren. Alegia, neurtzaileak herriko kaleetan zehar topatzen zuen jendeak hizketarako erabilitako hizkuntza jasotzen zuen, ezertxo ere galdetu gabe. Entzuten jarri eta erabilitako hizkuntza neurtzen zuen. Taldekako elkarrizketa-hizkuntza neurtu zuten, zehatzago esanda. Irizpide nagusia herriko kale jendetsuenak biltzea izan zen eta datuak jasotzeko garaian hiru aldagai soziologiko kontuan hartu zituzten: sexua, haurren presentzia eta taldearen adin osaketa.
2013an 2.629 elkarrizketa aztertu zituzten, 6.805 pertsonez osatutako lagina lortuz. Gaztelania nagusitu zen, nabarmen. Gainera, beste hizkuntza batzuetan uste baino gutxiago entzuten zen kalean. Ikerketa haren arabera, Andoainen seitik bat aritzen zen kalean euskaraz.
Hizkuntza bakoitzaren erabilera
% 80,3 Gaztelaniaz.
% 18,8 Euskaraz.
% 0,9 Beste hizkuntza batean.
Andoainen Eustatek argitara emandako datuen arabera, %75a euskalduna da edo euskararen nolabaiteko ezagutza du. Gainerako %25a, aldiz, erdalduna da. Datu horiek eskuetan, eta Txillardegik bere garaian zerabilen teoriaren arabera, Andoainen espero daitekeen euskararen erabilera %21ean kokatu beharko litzateke. 2011ko eta 2013ko azterlanek maila horren azpiko emaitza eman dute. Dakitenek, ez dute behar adina euskara erabiltzen. Kezkatzeko moduko datua da hori, beraz.
Adinaren arabera
Datu baikorrak nabarmentze aldera, zenbat eta belaunaldi gazteagokoa izan, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara ahoan.
Erabilera Adina
% 34,7 2-14 urte
% 21,5 Gazteak
% 15,5 Helduak
% 9,8 Adinekoak
Eremuaren araberako erabilera
% 27,8 Kaleberria, Allurralde.
% 18,7 Dr. Huitzi, Bastero, Ondarreta.
% 16,9 Karrika.
% 16,1 Urigain ingurua.
% 13,6 Plazaola.
% 12,6 Goikoplaza.
% 10,3 Ama Kandida, Osasun Etxea.
Euskararen erabilera Andoainen,
azken hamarkadatako garapena
1979 % 14,8 2001 % 16,1
1988 % 19,1 2002 % 23,1
1996 % 21,4 2006 % 26,4
1997 % 21,6 2011 % 16,6
1998 % 20,8 2013 % 18,8
1999 % 24,1
GAITASUNA ETA ERABILERA
EREMUZ EREMU
Eremua Erabilera Gaitasuna
Andoain % 18,8 % 52,4
Donostialdea % 20,6 % 42,4
Gipuzkoa % 32,7 % 52,0
EAE % 16,1 % 37,4
EH % 13,3 % 27,6
Erronka argia da, kezka uxatzea. Eta horretarako zer hobea euskararen aldeko sentsibilizazioa lantzea baino. Ea horrela euskararen erabilera datuak gorunzko joeran jartzea lortzen den.