Txapartegitarrak, estradizioaren inguruko erabakiaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri

Apirilean atxilotu zuten Nekane Txapartegi Nieve asteasuarra, Suitzan. Haren egoeraren berri eman dute Jokin, Josune eta Joseba, Nekaneren anai-arrebek.

Apirilean atxilotu zuten zuen ahizpa/arreba Nekane, Suitzan. Nola gogoratzen dituzue lehen momentu haiek?
Joseba Txapartegi:
Barne Ministerioak ohar bat bidali zuen hedabideetara, Nekane atxilotu zutela esanez. Internet bidez zabaltzen joan zen albistea, eta gure inguruko lagun eta ezagunak deitzen hasi zitzaizkigun, berria emateko. Albistea zabaltzen hasi zenean, Asteasun kontzentrazio bat antolatu zuten. Guk ez genekien Nekaneren eta bere alabaren egoera zein zen, eta Suitzara joatea erabaki genuen.
Jokin Txapartegi: Lehen momentu haietan Nekane segituan espainiaratuko zutela uste genuen, eta bere alaba guk hartu beharko genuela. Horregatik erabaki genuen ahal zen azkarren hara joatea.

Suitzara iristean, nolako egoerarekin egin zenuten topo?
Jokin: Gau osoa bidean egin ondoren, eguerdi aldera iritsi ginen. Zurichera iristear ginela, abokatuak deitu zigun, eta Ginebran egin genuen hitzordua harekin. Hark eman zigun Nekaneren berri, eta baita umearen ingurukoa ere. Estradizioaren prozesua luze joango zela esan zigun.
Josune Txapartegi: Hurrengo egunean, joan ginen Zurichera, Nekane zegoen komisaldegira. Han zegoela baieztatu ziguten, eta baita arropa eta dirua sartzen utzi ere, baina ezin izan genuen ikusi. Hortik aurrera abokatuaren bidez informatuko gintuztela esan ziguten, eta Euskal Herrira itzuli ginen.

Zuricheko espetxean egin zituen lehen asteak Nekanek. Zein egoeratan?
Jokin:
Komisaldegitik espetxera eraman zuten. Ia hamar egun pasa zituen abokatuarekin egon gabe, ondorioz, guk ere ez genuen bere inguruko berririk.
Josune: Eguneko hogeita lau ordutatik hogeita hiru pasatzen zituen ziegan, eta bakarra patioan. Espetxealdi prebentiboan dago, eta ohiko baldintzak horiexek omen dira kasu horietan. Espetxez aldatu zuten uda hasieran, eta orain ordu gehixeago pasatzen ditu ziegatik kanpora, lan batzuk egitera ateratzen dutelako. Beste abantaila bat ere badu orain; astean behin jaso dezake alabaren bisita, kristalik gabe. Hamar minutuko dei bat ere egin diezaioke umeari, astean behin.

Nola bizi duzue urruntasun hori? Nola bideratzen dituzue bisitak?
Josune
: Hilabetean birritan joaten gara Euskal herritik. Bisita bakoitzean bi pertsona sar daitezke, eta txandatu egiten gara hiru anai-arrebak eta lagunak. Hileko gainerako bisitak Suitzako Nekaneren lagunek bideratzen dituzte.
Jokin: Astelehenetan egiten ditugu bisita, eta asteartean hartzen dugu itzulerako hegaldia. Zurichera hegazkinez joan, eta trenez egiten dugu Dielsdorfeko espetxerako bidea.
Joseba: Urruntasunak beste zailtasun bat ere eransten dio. Abokatuak Suitzan ari dira lanean, eta guretzat ez da beti erraza izaten kasua nahi bezain gertutik jarraitzea. Nekaneren abokatuak ondo egiten du gaztelaniaz, eta horrek erraztu egin du harremana eta informazio trukaketa, baina baditu bere zailtasunak horren urrun egoteak ere.

Bisitaldi horietan, zer moduz bilatzen duzue Nekane?
Josune: Estradizioaren inguruko erabakia jasotzeko grinaz dago, eta luze egiten ari zaio. Horrez gain, asteburuak oso gogorrak egiten zaizkio. Patio orduetan bakarrik ateratzen dute, eta eguna oso luze egiten zaio. Umearen bisitek pozten dute gehien; alde horretatik, oso gustura dago.

Zein puntutan dago orain Nekaneren kasua?
Jokin:
Abuztu aldera estradizioaren inguruko erabakia hartuko zutela esan ziguten, baina atzeratzen ari dira. Erabakia hartu behar duenak oporraldia du, eta irailaren bukaera arte ez dute erabakirik hartuko.
Joseba: Juridikoki, departamendu berezi batek hartzen ditu estradizio erabakiak, eta ez dute epe muga zehatzik. Irailerako iritsiko dela uste dugu, baina zehaztasunik gabe.

Torturaren aurkako erakundeak estradizioaren aurkako eskaera egin du. Zein aurreikuspen duzue? Zer dio abokatuak gaiaren inguruan?
Joseba:
Abokatuak dionez, juridikoki ez dago zalantzarik; Nekane ez lukete estraditatu behar. Arrazoi ugari ematen ditu horretarako. Batetik, 1999an Nekane atxilotu zutenean, torturapean egindako deklarazioa izan zen bere zigorraren oinarri. Pako Etxeberria forentseak sinesgarritasun osoa eman zien tortura salaketa horiei. Horrez gain, Suitzan bertan psikiatra batek Nekaneri egindako azterketan argi azaldu da torturatu osteko trauma duela oraindik ere. Istambuleko protokoloaren barneko galdeketa ere egin nahi diote Nekaneri. Mikel Egibar eta biak batera atxilotu zituzten, eta Mikelen kasuan, protokolo horrek garbi azaldu du torturak jasan zituela. Argudio asko dago estradizioaren aurka egiteko.
Jokin: Froga asko dago ez estraditatzeko. Suitzar estatua derrigortuta dago edozein tortura zantzu ondo aztertzera eta Nekaneren kasuan argiak dira.

Nekaneren kasuak babes handia jaso du Suitzan. Nola jaso duzue zuek hori?
Joseba:
Segituan hasi zen mugimendua. Apirila amaieran egin genuen lehen bisita, maiatzaren 1eko ospakizunekin batera. Manifestazioa zegoen antolatuta Zurichen, eta geldialdia egin zuten espetxe aurrean, Nekane gogoan izateko. Komite edo talde bat sortu zuten, Nekaneren kasua gogoan hartzeko. Udaran zehar oporretara Suitzara joan den jende askok aipatu digu Nekaneren aldeko pegatinak eta pankartak ikusi dituztela.
Josune: Astero egin zuten manifestazioa espetxearen aurrean. Espetxe barrutik entzuten zituen Nekanek haiek botatako petardoak. Babes handia izan da harentzat. Bisitan ere joaten zaizkio Suitzako lagunak.
Jokin: Maiatzaren 1ean Langileen eguneko ospakizunetan karpak montatzen dituzte eta Euskal Herriko lagunak taldeak ere parte hartzen du, Nekaneren inguruko informazioa banatu zuten Zurich-eko ospakizunetan. Ikaragarrizko babesa sentitu dugu lehendabiziko egunetik. Suitzara iritsi ginen egunean bertan, lotarako tokia eskaini ziguten, baita otorduak ere. Hala izan da joan garen bakoitzean. Babes handia izan da hori guretzat. Kanpotik begiratuta, suitzarrak hotzak direla eman dezake, baina guztiz kontrakoa da; oso eskuzabalak dira. Ezagutzen ez gintuen jendeak bere etxean sartu gintuen, eta ahal zuen guztian lagundu. Horrez gain, nahiko gertutik jarraitzen dute Euskal Herriaren egoera.
Joseba: Babes handia jaso du Nekaneren kasuak nazioartean. Italian, Grezian edota Argentinan, esaterako, haren aldeko ekitaldiak egin dituzte.

Eskualdean ere izan dira ekimenak. Esaterako, Nekane Libre plataforma lanean ari da…
Joseba:
Eskualdean berehala sortu zen plataforma, eta ekimen ezberdinak antolatzen ditugu. Horrez gain, beste hainbat elkarterekin ere ari gara elkarlanean. Bilgune feminista, Askapena..., horiek ere parte hartzen dute hainbat ekimenekin. Esaterako, Bilbon kontzentrazioa egitekoa dute, Suitzako kontsulatuaren aurrean. 18/98ko kideak ere gerturatu ohi dira Nekaneren aldeko ekitaldietara.

Nola ikusten duzue etorkizuna? Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?
Josune:
Berrien zain egotea egokitzen zaigu orain. Estradizioaren inguruko erabakiak markatuko digu bidea.
Joseba: Estradizioarenaz gain, bada bide judizial bat ere, izan ere, Nekanek asilo politikoa eskatu baitu Suitzan. Erabakia hartu behar dutenek hiru elkarrizketa egin dizkiote dagoeneko, eta oso gustura geratu da berarekiko erakutsi duten jarrerarekin. Hori ere ikuskizun dago.

Gutunak bidaltzeko
Nekanek asko estimatzen ditu ingurukoen gutunak. Idatzi nahi izanez gero, hauxe da helbidea:
Nekane Txapartegi Nieve
Gefangnis Dielsdorf
Spitalstrasse 5
88157 Dielsdorf
Suitza

Agurrak, irratiz
Irrati bidez Nekaneri agurra helarazteko aukera ere ematen du Zuricheko irrati batek. Hilabeteko lehen, hirugarren eta bosgarren astearteetan, 12:30etatik 13:30etara deitu behar da horretarako.
Hauxe telefono zenbakia:
0041 44 567 24 00

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!