AHTren eraikuntzak ur iturburu ugari lehortu du eskualdean

Aurrera doaz AHTren eraikuntza lanak eskualdean eta ingurumen nahiz baliabide naturalei begira, hainbat kalte eragiten ari da; besteak beste, errekasto eta ur iturburuengan.

AHTren eraikuntza lanak, Urnieta, Andoain, Aduna, Zizurkil eta Asteasuko hainbat errekasto, iturburu eta akuiferorengan ondorio kaltegarriak izaten ari dira, haietako ugari ur emaririk gabe geratu da lanen eraginez. Esaterako, Gipuzkoako zatirik luzeen eta konplexuenetakoa da 4,7 kilometro dituen Andoain-Zizurkil tunel tramua eta kalte ugari sumatu da inguru horretan. Ingurunean eduki zitzaketen eraginei lotuta, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, txosten hidreologikoa egin zen 2009ko abenduan. Txostenak dioenez, zulaketa edo perforazioa egitean ur bilgunea ukituz gero, urak alde egingo luke. Ondorioz, ur bilgunea hustu eta tunela erabat inpermeabilizatu ezean, lurrazpiko isuria tunelera joango litzateke, uraren irteera naturala aldatuz. Azken batean, inguru hidrogeologikoaren prozesu naturala eraldatu egiten da eraikuntza lanak burutzen diren bitartean. Eta horrexegatik, txosten egileek neurriak hartzea funtsezkoa dela adierazten dute, ur bilguneek beren funtzionamendu hidrogeologiko normala berreskura dezaten.

Kostuak
Eusko Jaurlaritzak, Dragados SA, Construcciones Amenabar SA, Comsa SA, Construcciones Civiles Leza SA eta Ilosux Corsan Corviam enpresa elkarteari esleitu zion 2012 urtean Zizurkil-Andoain zatiko lanak egiteko ardura, eta 2012ko apirilean jarri zuten lehen harria. 180 milioi euro esleitu zitzaizkion proiektuari, hiru urte eta hamar hilabeteko epean egiteko. Eusko Trenbide Sareak (ETS) ekainean eginiko azken txostenaren arabera, ordea, 184 milioi beharko dira lanak amaitzeko eta urtebete luzatu da lanak bukatzeko aurreikusitako epea. Azpiegitura honen tunel kilometro bakoitzak 24 milioi euroko kostua du, eta lur gainean doazen zatien batez besteko kostua 9 milioikoa da, bakoitzeko. Aurrekontu horretatik kanpo geratzen da, ordea, lan horiek eragindako kalteak konpontzeko egiten ari diren gastua. Ez nolanahikoa.

Eskualdeko iturburuak
2009ko txostenak inguruko zenbait iturburu (formazio akuiferoak) zerrendatzen ditu Urnieta, Andoain eta Aduna bitartean:

  • Aduna: Arrazubi, Lepasoro-4, Lepasoro-5, Arrazubi, Mareazpi, Antzibar, Lardi.
  • Andoain: Lakatxe, Elkorko, Mikelartza, Presa, Ubalategiko, Bizia, Ursalto, Apakintza Igelus, Sorabilla, Borda (Errekazabal), Errekalehor, Garate, Koskaran, Pagarte.
  • Urnieta: Sorola, Lekun.
  • Zizurkil: Lepasoroko eremuan sei iturburu.
  • Nongoak diren zehaztu gabe: Iturrime, Antzibar, Loidi Errota, Aldapatxo, Mikelartza.

Erabilera anitzekoak dira denak ere: industria, azienda, harrobia edo etxean erabiltzekoak. Kontsumitzeko egokiak guztiak.
Aipatu lanen ondorioz, prozesu bera gertatzen ari da; ingurumena kaltetzeaz gain, betidanik baliabide naturala izan den mendietako uraren bide naturala aldatzen ari dela, eta kaltetuak urtegietako ura erabiltzera derrigortzen dituela, ordainduz.

Ekologisten kritikak

  • Ekologisten kritika orokorra: Ikuspuntu hidrogeologikotik gaizki ari direla jokatzen. Lur azpiak zulatzen hasi aurretik ez direla zundaketa eta proba nahikoak egiten ari. Zulatu eta bat-batean, egundoko ur emariak izaten direla. Aurreikuspen okerrak egiten dituztela. Zulatzera doazen lur azpian iturbururik ba ote dagoen detektatzeko piezometroak jartzen direla…
  • Eguzkiren kritika, Sorabillakoaren inguruan: 2009ko txosten geoteknikoak garbi uzten zuela gune karstiko ia ezezaguna (datu gutxi ezagutzen direna ebaluaketa zehatzago bat egiteko) eta azterketa gehiago eskatzen duela. Andoaingo Udalean inguru horren azterketa geologikoak egiteko duela dozena bat urte mozio bat onartu zela gogoratzen du, baina ez zela inoiz gauzatu. Taldearen esanetan, AHTren eraikuntza inguru honetan eragiten ari den guztiak garbi uzten du, “halako egitasmoen inguruan egiten diren ingurumenaren eraginerako azterketek edota kalteen neurketek ezer gutxirako balio dute, tramite hutsa dira, baimenak lortzeko eman beharrezko pausoak. Hala, ez dugu txostenik topatuko inguru horretan sortzen dituen kalteengatik egitasmoa aurrera eraman ezin daitekeela esango duenik; beste aukera bat bilatzea gomendatzen edo eskatzen duenik. Izan ere, ikerketa horiek lanak bultzatzen dituzten herri erakunde berberek ordaintzen dituzte eta beraiek kontratatzen dituzten ebaluaketarako enpresek badakite aldez aurretik zein izan behar duen txostenaren emaitza: lanak egin daitezke, egitasmoa jasangarria da”.
     

    Jose Jabier Ormazabal
    Fraisoro eskolako zuzendaria. Zizurkil
    {{IMG-35966}}
    Zizurkilen ur iturburu batek baino gehiagok utzi dio ura emateari AHTren eraikuntza lanen ondorioz. Zuzeneko kaltetuetako bat Fraisoro nekazal eskola izan da. Bertako zuzendari Jose Jabier Ormazabalek eman ditu azalpenak.
    Fraisoro nekazal eskolako ur iturburua Alkiza, Zizurkil eta Anoetaren mugan aurkitzen da. 2014ko abuztuaren hasieratik, ordea, bi urte daramatzate euren ur-horniduratik ur tantarik jaso gabe. “Aipatu mugan dugu emaria eta kanalizazio bidez betetzen dugu Fraisoron bertan daukagun depositua urez. Duela bi urte, oporrak hartu aurreko egunetan urik etortzen ez zela konturatu ginen”, azaldu du Jose Jabierrek. AHTren trazatua zein zen ezagutzen zutenez, aurrez aurreikuspena egina zuten. Txostena egin zuten euren ur-emariaren berri eta ur hornidura hori nola zeukaten zehaztuz. “Txosten hori AHTko kideei aurkeztu genien, zer edo zer gertatuko balitz, beraiek erantzun zezaten. Eta zoritxarrez, gertatu egin zen”. Ur-emari horrek, bere garaian, Fraisoroko eskolaz gain, Matia fundazioa, beheko laborategia eta Uliazpi fundazioa ere hornitzen zituen eta baita beste inguruko bost baserri ere. “Matiak eta laborategiak, esaterako, herriko ura jarrita zeukaten ordurako eta gurea osagarri bezala zeukaten. Nekazal eskolakoa, ordea, ur hornidura bakarra zen eta urik gabe geratu ginen. Eta pentsa, erregadioak, ukuilua edota pertsonak direla, hemen ur asko behar izaten da”, adierazi du Fraisoroko zuzendariak. AHTko kideekin harremanetan jarri eta irtenbidea berehala eman zietela jakinarazi du: bi urteotan kamioi bidez ekartzen diete ura egunero. Zizurkilgo udaletxeko ura. “Tarte horretan, berriro ere ur emaria martxan jartzeko konpromisoa hartu zuten AHTko kideek. Baina tunela zulatzen ari ziren eta tunela erabat bukatu arte ez zuten prospekzio lanekin hasi nahi. Hornidura berrabiarazteko tunela bukatuta egotea nahi zuten. Horregatik daramagu hainbeste denbora egoera honetan” jakinarazi du.

    Emari bereko ura berreskuratuko dute
    Lehengo emaria zegoen lekutik 10-15 metrora aurkitu dute orain ur-emari berria. Gainazalean etortzen zen lehen, 130 metroko azaleran dago orain. Hortik bonbeo bat egin eta lehengo sistema bera erabiliz jarriko dute martxan epe laburrean, horretan ari dira langileak lanean. “AHTko kideek beraien gain hartu dute sortutako gastu guztia. Guri ez digu aparteko gasturik eragin eta ez dugu sekula ur faltarik izan. Beraien konpromisoa, gure depositua beti beteta edukitzea izan zen eta alde horretatik, bete egin dute esandakoa”. Aurrerantzean, berriz ere lehengo sistema martxan jartzeak gastua ekarriko die Fraisoro eskolako kideei, ura doakoa izanagatik, instalakuntzaren mantenua euren esku geratuko baita. Hala ere, herriko ura ordaintzearen pareko gastua izango ez dela dio elkarrizketatuak. Bilera, dei eta hainbat buruhauste eragin die gaiak, baina epe laburrean berriz ere lehengo bideari eustekotan dira, emari bereko ura berreskuratuko baitute.

     


    Iosu Arabaolaza
    Sorabillako auzokidea, kaltetua
    {{IMG-35967}}
    Sorabillako auzoan, Belkoain mendiko magalean iturburu ugari dira erabat lehortu direnak edo emaria asko murriztu zaienak. Auzoko etxe eta baserriek horietako batzuetatik ura hartu izan dute betidanik: Erramueta (Erramueta), Errekalehor (Errazpi), Azpikola (Morkaio eta Morkaio Berri), eta Errekazabal (Goikoetxeberri, San Migel, Zuhaizpe, Intsusain, Borda, Aitzeta eta Mendiola). Nork bere ur biltegia eraikia zeukan, eta egunero inguru horietara urez beteta zisterna bat igotzen da guztiak hornitzeko, behin-behineko irtenbide gisa.
    Errekazabalekoa izan liteke larrietan larriena, zazpi etxe eta baserrik jasotzen baitzuten ura etxerako. Hain zuzen, berrogeita bost lagun dira kaltetuak; ganadua (ia berrogei behi) ere bada inguru haietan, eta familia batek (Intsusain) baratzetik ateratzen du bizimodua, barazkiak otarretan banatzen baitizkie bezeroei.
    Iosu Arabaolaza Bordako semeak goiko antenara doan bidearen ondoan, eskuinean kokatzen den Errekazabaleko iturburua erakutsi dio Aiurriri, eta baita zenbait azalpen eman ere. “Iturburua itsas mailatik 325 metrora dago, eta tunela 75 bat metroko altueratik doa. AHTren tunela oso behean ikusten da hemendik, eta ez genuen pentsatzen iturria kaltetu zezakeenik. Minutuko 13-14 litro ematen zigun, baina ekainerako ohartu ginen minutuko 4,5 litro baino ez zuela ematen. Une honetan, litro eta erdi eskas, besterik ez dakar. AHTren eraikuntza kudeatzen duen ETSri (Euskal Trenbide Sarea) kexa luzatu genion, baina bi alditan lehorteagatik izango zela erantzun ziguten. Azkenean, onartu behar izan ziguten eraikuntzen eraginez dela. Gutunean aitortzen digutenez, gaur egungo erauzketa erritmoak aurrera jarraitzen badu, ur emarien murrizketa saihestezina izango da”. Eraikuntzarekin hasi aurretik 2009an egin zituzten ingurumen ikerketan eta txostenean aipatzen da Belkoaingo parajeetan iturburu asko dagoela, tunelak agortu ditzakeela neurriak jartzen ez badira eta aldika-aldika eraikuntza nola doan aztertzen ez bada.  
    Mendi parajeetan sortu ohi den ura, ondare naturala, baserritarrek ondo baino hobeto jakin izan dute zaintzen eta erabiltzen. Errekazabalen kasua da hori. “Gure aitona-eta bere familia 1925ean etorri ziren Sorabillara, Ezkiotik. Borda erosi zuten, eta ur horniduraren arazoa konpontzeko Errekazabaleko erreka bideratzeko eraikuntza egin zuten, garaian zen materialarekin, teilekin eta horrela. Urtetan aurrera inguruko baserri eta etxeak batu ziren, eta materiala ere hobetzen joan zen. Legez, 2061 bitarte erabiltzeko eskubidea daukagu. Auzolanean egin izan da betidanik bai instalazioa eta baita bere mantenua ere”.
    Zisterna bat igotzen da egunero ur-biltegiak hornitzeko, hamar bat mila litro igotzen ditu. Horixe da ETSk bertako biztanleei eskaini dien behin-behineko irtenbidea. Etorkizuna nahiko goibela ikusten dute bizilagunek, jakina. “Enpresa elkarte bat ari da Andoain-Zizurkil tunela egiten, eta gure kezka da horiek beren lanak bukatzen dituztenean ospa egingo dutela eskuak garbituta, eta AHTren azken arduraduna den Jaurlaritzak ere berdin egin dezakeela. Sorabillako auzotarrek luzaroko irtenbide bat eskatzen dugu. Andoaingo Udalak harrera ona egin digu, baina ez dago argi konponbidea. Herriko ur-hornidura hona ekartzea izan liteke irtenbide bat, baina kontua da Baltzuketako herriko ur-biltegia 130 metrora dagoela; gure ur-biltegiak baino beherago dagoela, alegia”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!