Materia organikoaren bilketari ekin diote Andoainen

Herrigunean zehar jarritako 70 edukiontzi marroietan materia organikoa uzteko aukera izango dute andoaindarrek.

Andoaingoa zen Gipuzkoan materia organikoa biltzeko aukera eskaintzen ez zuen herri bakarrenetakoa. Aurreko agintaldian ezartzerik ez zen izan, eta orain Tolosako Mankomunitatearen bitartez, Andoaingo eta Amasa-Villabonako herritarrek organikoa biltzeko sistema bateratua izango dute. Udalak eta Mankomunitateak etxez etxe informazio osoa emateari ekin diote. Hezitzaileen bisita jasoko dute andoaindarrek, etxean bereizketa ahalik eta gehien errazteko eta beharrezko informazio guztia emateko asmoz. Hezitzaileen bisitaren zain egon gabe, udaletxean bertan Atariako bulegoetan beharrezko materiala eskuratzeko aukera dago. Zehazki, ontzi aireztatua, poltsa konpostagarriak, edukiontzia irekitzeko txartela eta informazio-imana. Goizez eta arratsaldez zabalik izango da Ataria zerbitzua.

Ama Kandidan hasita
Ama Kandida eta Manuel Lekuona izango dira lehenbiziko auzuneak, eta kanpaina lau asteetan luzatzea espero da.
Materia organikoaren bilketan parte hartzea borondatezkoa bada ere, Ana Carrerek kanpainarekin bat egiteko deia luzatu zien andoaindarrei, “Andoain gaikako bilketan atzeratu samar dabil. Tolosaldeko bilketa apalena du, %29-30ko portzentaira iristen baita. Gaur egun errefusara doan gehiena organikoari dagokio. Ingurumenarekiko sentsibilizazio handia dagoenez, kanpainak herritarren artean erantzun ona izango duela espero dugu”.
Andoaingo Udala eta Tolosaldeko Mankomunitatea “Guztion artean jasangarriago” kanpaina elkarlanean egiten ari dira.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!