Sugeen mundua bertatik bertara ezagutu eta kondairak hausteko ekimen berezia du martxan Aranzadi Zientzia elkarteak. Ion Garin, zientzia elkarteko herpetologoa da; narrasti eta anfibioak aztertzea da bere ardura. Sugeen inguruko ekimen berezia bideratzen du Ionek. Aitziber Egaña larrauldarra biologoa da ikasketaz, eta hura ere Arantzadiko herpetologia sailean aritu izan da lanean. Kolaborazio ezberdinak egiten dihardu egun. Larraul eta Alkizako eskoletan, esaterako, sugeen inguruko tailerrak bideratzen aritu zen.
Azalpenak eman, kondairak gezurtatu
Sugeen inguruko ekimena jarri zuen martxan Arantzadik duela zenbait urte. Ion Garinek azaldu duenez, helburu nagusi batekin abiarazi zuten: “Batetik, sugeen berezitasunak eta ezaugarriak ezagutarazi nahi ditugu, eta bestetik, oso zabalduta dauden hainbat kondaira gezurtatu nahi ditugu”. Euskarri ezberdinak erabiltzen dituzte horretarako; erakusketa, hitzaldia eta tailerra.
Lau panelez osatutako erakusketak, bertako sugeen inguruko azalpenak ematen ditu. “Zenbait datu eta bitxikeria azaltzen ditugu panel horien bidez. Sugeek nola ikusten duten, nola usaintzen duten, zeintzuk diren babestutako espezieak… Bertako sugeen argazkiak ere eramaten ditugu. Gu bizi garen eremuan, esaterako, sei suge espezie daude, eta horietako bakarra da pozoitsua; sugegorri kantauriarra”, azaldu du Ionek. Aditu batek eskainitako hitzaldiak osatzen du erakusketan bildutako informazioa. Jende kopuru polita bildu zaie orain arte eskainitako hitzaldietara, eta gehiago eskaintzeko aukera zabalik dute Aranzadiko kideek.
Tailer bereziak, haurrentzat
Haurrei eskainitako tailerra izaten da ekimena borobiltzen duena. Sugeen inguruko hitzaldi labur bat eskaintzen diete haurrei, “baina aurretik, oso garrantzitsua izaten da sugeei buruz duten ikuspegia zein den jasotzea. Suge bat marraz dezaten eskatzen diegu umeei, eta haien inguruan dakitenaren inguruko galderak egiten zaizkie. Hitzaldiaren ondoren, berriz ere sugeen inguruko galderak egiten zaizkie, euren ikuspegia aldatu den edo ez jakiteko”, azaldu du Ionek.
Haurrekin egindako zenbait tailerretan parte hartu izan du Aitziber Egañak, argi baitu sugeen ospe txarra ikasitakoa izaten dela: “Sugeak ez dira askok dioten bezain gaiztoak. Zaindu egin behar ditugu. Biodibertsitatea eta ekosistemak aipatzen ditugunean, urrutiko animaliak etortzen zaizkigu gogora; tigreak, lehoiak eta horrelakoak, baina ez gara konturatzen bertan ere baditugula babestu beharreko espezieak. Alde horretatik, oraindik ere lan handia dugu egiteko”, azaldu du Aitziberrek.
Sugeak ukituz
Besteak beste, Larraul eta Alkizako eskoletan antolatutako tailerretan parte hartu zuen Aitziberrek. “Oso tailer berezia izaten da. Haurrek sugeen inguruan entzun dutena azaltzen digute eta ondoren, guk ematen dizkiegu sugeen inguruko azalpenak. Sugeak ere eraman izan ditugu, haurrek bertatik bertara ikusi eta ukitzeko aukera izan dezaten. Oso berezia izaten da hori. Haur gehienek ukitu nahi izaten dute. Harritu egiten dira sugeen leuntasuna eta azal hotza sentitzen dutenean”.
Ionek argi du haurrek ez dutela helduek bezainbeste aurreiritzi sugeen inguruan: “Orokorrean jarrera irekiarekin joaten dira hitzaldietara. Helduengandik edo telebistatik jaso dituzten zenbait ideia gezurtatzen ditugu tailer horietan, baina aldi berean garbi azaltzen diegu gure eremuan badagoela sugegorri pozoitsu bat, eta suge bat ikusten dutenean kontuz ibili behar dutela”.
Hitzaldiak haurrengan duen eragina azpimarratu nahi du Aitziberrek: “Sugeak zaindu egin behar direla ulertzen dute. Tailerretik pasatzen diren haurrek suge bat ikusten dutenean, abisua pasatzen didate; badakite eta garrantzitsua dela ahalik eta datu gehien izatea”. Aranzadin ere datu horiek biltzeko lanak egiten dituzte. “Orain arte ez da ikerlan handiegirik egin sugeen inguruan, horregatik, garrantzitsua da ahalik eta datu gehien biltzea”, azaldu du Ionek.
Sugeak ez hiltzeko deia
Sugeen inguruko kondairen eraginez, suge asko hiltzen da urtero. Hala esan du Aitziberrek: “Herri txikietan gertatzen da hori gehienbat. Oso zaila da hiri batean suge bat ikustea; herrietan ere ez da erraza, baina ohikoagoa da. Horrelakoetan, sugea hiltzea izaten da joera nagusia; pozoitsua den edo ez kontuan hartu gabe, edota espezie babestua izan daitekeela ere jakin gabe”. Sugeek ekar ditzaketen onurez ere mintzatu da Aitziber: “Ez ditugu etxe inguruan nahi izaten, baina haiek dira saguen arerio naturaletako bat”.
Sugegorriak helduz gero
{{IMG-35960}}
Ehizarako erabiltzen dute pozoia sugegorriek. Eskurik edota herperik ez dutenez, ez dute euren harrapakina eusteko modurik. Letaginekin pozoia sartu ondoren, arrastoa jarraitzen diote harrapakinari, erabat geldirik geratzen den arte. Modu horretan lortzen dute harrapakina ahoratzea.
Orokorrean, sugegorriek gizakiekiko duten jarrera ez da oldarkorra; gizakiren bat inguruan dabilela sumatu orduko, alde egiten saiatzen dira. Noizbehinka, ordea, gerta daiteke norbaitek sugegorri baten hozkada jasatea. Apirila eta maiatza inguruan izaten dira hozkaden garairik ohikoenak; sugeak bikote bila dabiltzanean. Horrelakoetan, ez da sugea harrapatzen saiatu behar. Izan ere, uste denaren kontra, ospitalean ez dute antidotorik jartzen; beste sendagai batzuek erabiliz egiten diote aurre pozoiari.
Hozkada jasan duen pertsonak ez badu aurretiko beste osasun arazorik, sugegorri kantauriarraren hozkada ez da hilgarria izaten. Urtean zehar, bataz beste pertsona bat hiltzen da estatu mailan sugegorri baten hozkadaren eraginez; askoz ere hildako gehiago eragiten dituzte, esaterako, erle eta liztorren ziztadek.