Kontxako bandera irabaztera ohitutako Andoaingo arraunlariak

Andoaindarrek Kontxako zazpi bandera lortu zituzten ia segidan, San Juan eta San Pedrorekin. Orain 30 urte izan zen lehenbizikoa.

80ko eta 90eko hamarkadetan Kontxako badian jokatu ziren bandera asko Pasaiara joan ziren, San Juan (Erreka) eta San Pedro (Libia) tripulazio indartsuei esker. Horietan, zenbait andoaindar ibili zen arraunean. Hain justu, 1986ko denboraldian hasita, eta ia errenkadan, zazpi bandera eskuratu zituzten guztira andoaindarrek. Bolada hartan, gainera, Kontxan lehen postuan ez bazen, bigarren edo hirugarren geratzea gauzarik normalena bihurtu zen horientzat. Eta ez bakarrik Kontxan; denboraldian zehar euskal kostaldeko makina bat bandera irabaztera ere ohitu ziren.
Tartean, badira estropaden olinpiadatzat jotzen den Kontxako bandera hiru txandatan haizetara zabaltzeko aukera eduki dutenak; estropaden historian oso arraunlari gutxik erakutsi dezakete haindainoko palmares pertsonala.
Arraunlari horietako lau bildu ditu Aiurrik: San Juaneko Imanol Ansa eta Manuel Azpillaga, eta, San Pedroko Xabier Jauregi eta Iñaki Irulegi.

Nondik ote zaletasuna?
Lehorrekoak dira mutilak, ez kostaldekoak. Egia esanda, gazte horien aurretik, Andoain apenas nabarmendu zen itsasoko arraunketarako zaletasunagatik. Iñaki Irulegik azaldu du paradoxa horren zergatia: “Andoaingo Batzokiak, Errekaburu elkartearen bitartez, batela atera zuen, Santa Krutz jaietako txapelketa ospetsuan eta bestetan parte hartzeko. Pakitin Arnaiz entrenatzaile genuela, neu izan nintzen patroia. Gogoratzen naiz Imanol (Ansa), Manuel (Azpillaga), Alberto Santa Krutz eta Joseba Marinek eta bostok osatu genuela lehenbiziko batela, 1983an. Estreinaldi nahiko xelebrea eduki genuen Santa Krutzetan, bazterra jo baikenuen!”.
Pixkanaka, zaletasuna zabaltzen joan zen herriko gazte batzurengan. Lauez gain, han aritu ziren Iñaki Artola, Jon Ander Huizi, Mikel Otamendi, Iñaki Arroyo, Xabier Etxeberria, Isidro Ansa eta beste zenbait gehiago.  
Errekaburu hiru denboralditan aritu zen tostako (finkoa) arraunketan. Batelak Santa Krutzetako jai egitarautik kentzearekin batera desegin zen taldea. Izan ere, makaldegiaren parean zegoen hidroelektrikaren presa eraitsi egin zen 1986an, eta harekin amaitu ziren lehiaketak antolatzeko aukerak, Oriako ibaian beharrezkoa zen ur faltagatik. Palakadak ematen hasita zeuden gazte batzuk, baina, arraunean jarraitu nahi izan zuten, eta kostako traineruetara hurbiltzea erabaki zuten.
Imanol eta Isidro Ansa eta Manuel Azpillaga izan ziren lehenak; San Juan hautatu zuten. “Txiripa kontua izan zen batera edo bestera joatea”, hala dio Azpillagak. “Egia esan, iraganean behintzat, Gipuzkoa barruko jendeak, Orioren aldeko joera izaten zuen, baina guri, errepideko distantziak edo ezagunen bat edukitzeak eragin zigun. Bagenuen San Pedron lagun arraunlari bat; harengana jo, eta hark kontrarioengana joateko aholkatu zigun; San Pedron xextraren bat eduki berria zuen nonbait”.

San Juan versus San Pedro
Hiru lagun joan ziren Andoaindik San Juanera. Gainerakoak, San Pedrora abiatu ziren hurrengo urteetan. Kostakoak edo kosta inguruko herrietakoak ez ziren lehenbiziko arraunlariak izan ziren andoaindarrak, nonbait. Hala dio San Pedrora abiatu zen Xabier Jauregik. “Kanpotik nentorren, eta atzerritar modura hartu ninduten; igual fidatzen ez eta, nirekin probatu egingo zutela esan zidaten. Halaxe geratu nintzen, eta bigarrengo urterako hasi zitzaizkidan esaten autoan bakarrik etortzen nintzela, eta bidaia amortizatu beharra zegoela herriko gazte gehiago eramanez hara. Halaxe, herriko zenbait gazteri zarpatik heldu eta San Pedrorako bidea erakutsi nien; besteak beste, Juan Inazio Eizmendi, Xabier Artola, Iñaki Irulegi, Mikel Otamendi, Xabier Oiartzun, Mateo Ponce…”.
Jauregik gaineratu duenez, merkatuan arropa postua eduki ohi zuen Iñaki Berra pasaitarrak eta Pablo Alkorta herritarrek ere kanpaina gogorra egin omen zuten Andoaingo gazteen artean, denak more koloreko taldera joan zitezen.

Lehia bizia Pasaian
Garaipenen aparretan ibili ziren Pasaiako bi auzoak urte haietan, eta egundoko xextrak bizitu izan zituzten bertako biztanleek, euren artean. Irabazleek galtzaileen auzora etxafuegoak jaurtitzea derrigorrezko erritual bihurtu zen bolada hartatik, hamaika pasadizo xelebre eta zirikatzaile geratu dira zaletuen oroimenean.  
Eta lehia historiko haren guztiaren erdian, edo alboan, andoaindarrak ibili ziren; zaletuekin garaipenak ospatzen batzuetan, galtzaileek jasan beharreko adar jotzeak nola edo hala jasaten bestetan.
Pasadizoren bat kontatzeko eskatuta, Jauregik bere lehenbiziko denboraldian gertatua dauka gogoan: “Autoan, San Juanekoekin joaten nintzen Pasaiara, eta behin, direktibo batek bota zidan ez zela komeni elkarrekin ibiltzea, esamesak eragin genitzakeelako zaletuen artean, eta gainera, batak besteen tripulazioko sekretuak aditu zitzakeelako”.   
Nolanahi ere, Pasaia herrian bertan ez bizitzeak gauzak erraztu egin zizkiela aitortu dute lauek ere. Hala dio Ansak: “Nik uste, bertako mutilei ez zietela batere onik egiten zaletuen artean familiakoak, lagunak, bizilagunak… edukitzeak. Guk, haiek baino lasaiago egiten genuen arraunean”.
Kontxako bandera irabazteak zer nolako emozio eta sentimenduak eragin zizkien galdetuz gero, gauza errelatibizatu nahi izan dute lauek ere, nahiz eta bat etorri zera aitortzerakoan, erdipurdiko denboraldi bat salbatzearen miraria egiten duela bandera horrek, estropaden munduan. “Garaiak izugarri aldatu direla esan daiteke. Gizartea, komunikabideak…, denak arraunaren gain-gainean egoten dira, eta edozer gauza handitu egiten da. Lehen ez ziren horrenbeste ospatzen garaipenak, eta deskuidatzen bazara, zaletuek bizkar ematen zizuten irabazlearen atzetik geratuz gero. Gaur egun, hirugarren postua ere ospatzeko aitzakia ona izaten da”.
Arraunketa benetan kirol gogorra den arren, oso oroitzapen gozoak eskaini dizkiela adierazi dute zalantza izpirik gabe. Itzultzeko asmorik ez duen garai polita bizitzea egokitu zitzaiela gaineratu dute: arraunlariak soilik saritan irabazitakoaren zati bat poltsikoratzen zuenekoa, dopinaren inguruko kontuak eta ika-mika polemikoak oraindik zabaltzeko zeudenekoa, arraunlari baten kirol ibilbidea elastiko berberarekin hasi eta bukatzen zenekoa…   

Garai hartako hainbat argazkilarik egindako argazki sorta hemen

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!