Zabor bilketa sistema berriak hartu du lekukoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 15a, 02:00

Irailaren 12an hasi ziren Amasa-Villabonan bost edukiontzien zabor bilketa sistema berriko edukiontziak ezartzen, 17 puntutan guztira.

Zabor bilketa sistema berria txertatu aurretik, informazioa zabaltzeko prentsaurrekoa eskaini zuten irailaren 6an Villabonako udaletxean. EAJ-PNVko Ibon Ariznabarreta, Eneko Urdangarin eta Juan Mari Iparragirrek hartu zuten parte aurkezpenean eta poza erakutsi zuten batetik, “hauteskunde aurretik agindu genuena lortu dugulako eta gainera posible izan delako alderdi politiko guztien adostasunarekin egitea aldaketa. Herrian egoera oso desatsegina sortu zen gai honekin eta horri amaiera eman eta hasiera hobea ematen diogulakoan gaude”. Aldaketa hori martxan jartzea eurek nahiko zuketena baino gehiago luzatu dela jakinarazi zuten eta guztiontzat kostu gutxien duen moduan egiteko erabakia hartu dutela. “Bide honetan, orain kamioi berdinak erabiliko ditugu Andoainekin eta honek guztiak 50.000-55.000 euro inguru aurreztea suposatuko digu urtero”.

Txartelen banaketa
Hondakinak gaika biltzeko edukiontzien sistema berriak hainbat aldaketa eragingo du. Batetik, 17 puntu ezberdinetan jarriko dira edukiontziak Amasa-Villabonan barrena. Edukiontzi bakoitza 2.200 litrokoa izango da eta edozein egun eta ordutan ireki ahal izango dira. Organikoa eta errefusa txip bidez irekiko dira, baina beste guztiak bezala, bakoitzak nahi duenean. Irailaren 12tik aurrera, edukiontziak irekitzeko balioko duten txartelak edo txipak banatzen ari dira leku eta ordutegi ezberdinetan Astea amaitu aurretik, irailaren 15ean, ostegunarekin, Olaederra kiroldegian jaso ahal izango dira 16:00etatik 20:00etara eta biharamunean, irailaren 16an, Berdura plazan 10:00etatik 14:00etara. Aste horretan zehar txartela jasotzerik izan ez duenak, udaletxean jaso ahalko du gerora, baina ahal dela, aste horretan zehar zehaztutako gune eta ordutegietan eskuratzea aholkatzen dute Udaleko kideek.

Poltsak, herritarren eskura
Txiparekin batera, poltsa konpostagarriak banatuko dira. Izan ere, organikoa beti poltsa konpostagarrietan bota behar baita edukiontzira. Zabor poltsak garestiak direla-eta, zaborra gaizki sailkatzeko aitzakiarik izan ez dadin, sistema aldaketarekin aurreztu duten diruarekin aipatu poltsa horiek erostea erabaki dutela iragarri du Udalak. Eta familia bakoitzak 2-3 poltsa hartu ahal izango dituela astero. Liburutegian jarriko da poltsa konpostagarrien makina. Edukiontziak irekitzeko balio duen txartelaren bidez jaso ahalko dira poltsak bertatik.
Irailaren 12an hasi ziren herrian zehar edukiontziak jartzen. Aurrerantzean, atez atekoa alboratu eta bost edukiontzien sistema berriak hartuko du lekukoa Amasa-Villabonan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!