Gurdi Bidea badator Andoainera eta Urnietara

Ostegunean 13:00ak aldera iritsiko da Gurdi Bidea Andoainera, goizean goiz Leitzatik irten eta Plazaolako bidea zeharkatu eta gero.Larunbatean Pasaia San Pedrora iritsiko da.

Otietako Bisitarien Etxean emango zaie ongietorria espedizioari. Bertan izango dira udal ordezkariak, eta horiekin batera Burdina taldeko eta Santiagoko bideko kideak. Arratsaldean, espedizio kideei Bisitarien Etxea erakutsiko zaie.

Hirurogei bat lagunek osatzen dute taldea: idiak eta behien ardura daramaten abeltzainek eta horiekin bidelagun doazen beste zenbait pertsonek.

Taldeak Andoainen egingo du ostegun gaua; idia eta behiak eta horien bi zaintzaile Otietan bertan geratuko dira, eta gainerakoek Arrate pilotalekuko azpikaldera eta erromesen aterpetxera abiatuko dira.

Hurrengo goizean, ostiralean, 08:00ak aldera Urnietarako norabidea hartuko dute, Plazaolako bide gorrian barrena. Martutene izango dute helmuga. Azkenik, larunbatean, irailaren 17an, Burgosen hasitako bidaiaren azken etapari ekingo diote, Pasaia San Pedron kokatzen den Albaola faktoriara iritsiz.

Ikusgarria da karabana, eta egundoko harrera jaso izan du Burgos, Araba eta Nafarroako herrialdeetan igaro dituen herri gehienetan.

 

Burgosetik Pasaiara

Gurdi bidea, Cabaña Real de Carreterosetik (Burgos) abiatu eta 18 egunetan Pasaiara iristeko asmoa daukan egitasmoa da, tradiziozko gurdi bidea egiten ari da, idiz eta behiz osatuta.

Ekimena DSS2016 Europar Hiriburutasunean “Itsasgileak” egitarauaren baitan kokatzen da. Bere sustatzaileak Quintanar de la Sierrako Cabaña Real de Carreteros eta Albaola kultur elkarteak dira. Lehenak baso eta larre iberikoen balore eta erabilgarritasuna mantendu eta zabaltzea da, esparru kultural eta etnografikoan, baita basokoan ere. Albaolaren helburuak, berriz, itsas ondarea ezagutzera eman eta babestea da. Garrantzi historiko eta patrimoniala duten untzien erreplikak berreraikitzeaz gain, ikerketa, heziketa, tradiziozko nabigazioa eta transmisioa ere jorratzen du elkarteak.

Hain zuzen ere, XVI. mendean hondoratu zen San Juan baleontziaren errepikaren eraikuntza burutzen ari da Albaola elkartea Pasaiako portuan daukan museoan, eta harentzat beharrezkoa den artisauki egindako bikea eta alkitrana dakar gurdiak. Koipe eta olioarekin nahasteko produktu hauek ontziak margotzeko beharrezko brea bilakatzen dira, hezetasun eta kanpoko klimaren eraginetik babesteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!