AndoaINDARRA euskaraz eguna, irailaren 24an

AndoaINDARRA euskaraz eguna ospatuko da irailaren 24an Goikoplazan. Atzo aurkeztu zuten herriko eragile ezberdinek osatzen duten egitaraua. Egitarau “oparoa” izango da, andoaindar guztiak bildu nahi dituena.

Goizeko 10:00etan hasita, egun osoan zehar ekintza ugari izango dira Goikoplazan. “Diana, argazki rally-a, ekintza gastronomikoak, pilota partidak, musika... Denetarik izango da eta herritar guztiak gonbidatuta daude ekitaldi hauetan parte hartzera”, gonbidatu du Ainhoa Aiertzak.

“Musika, dantza, umorea, janaria… ezer ez da faltako egun horretan”, adierazi du Ainara Rodriguezek. Egun seinalatuak, gainera, bere abesti propioa du. Jon Oiartzunen musikak eta Garazi Kamioren hitzak osatu dute kantua. Garazi eta Rebekak abestuta, sare sozialetan entzun daiteke jada.

Andoaindar guztien eguna

Andoainen euskararen ezagutzak gora egin arren, euskararen erabilera ez da neurri berean igotzen. Azken datuen arabera, andoaindarren %18ak darabil euskara kalean.

Datu hauek “aldatu eta irauli” egin nahi dituzte, euskara dakitenen eta erabiltzen dutenen kopuruak gora egin dezan. Herriko zenbait eragilek euskararen egunaren bueltan hainbat ekimen antolatu izan dituzte, helburu eta ezaugarri askotarikoak. Orain, ordea, ezagutzatik erabilerara salto egin nahi dute: “Herriko kaleak euskaraz bustitzera gatoz”.

Andoaindar guztien eguna izatea nahi dute; beraz, herritar guztiak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte.  “Argi dugu gure herria euskalduna dela eta gutako bakoitzaren indarra behar-beharrezkoa dela euskarak aurrera egin dezan. Beraz, gonbitea luzatzen diegu andoaindar guztiei parte hartu dezaten”.

Egitaraua:

10:00 Umeentzako lantegiak

10:30 Herrian zehar DIANA

11:00 Argazki-rallyan izen ematea

12:00 Herriko elkarte gastronomikoen arteko lehiaketa

12:00 Neska eta mutilen pilota partidak Kontzejupean

12:30 Sagardo dastatzea Irati Amondarainek gidatuta (aurretik tiketak erosi ATARIAn)

13:30 Patata tortilla lehiaketa (etxetik ekarri egina)

14:00 Mokadu tartea (Elkarteek egindakoaren eta patata tortillen dastaketa

14:30 Musika: Fino’s Band

16:00 DINGO!!

18:00 Andoaindarrak Izar

19:00 Eromeria

19:30 Pintxo poteoa + kantu kalejira + bertsolariak

22:30 BasqExtremFolk musika eta antzerki ikuskizuna

23:30 Zo-zongo!!! ikuskizuna

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!