Elbarrenako jaiak 2016

Goiko festa batzordeko kideek bota zuten beheko festetako suziria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 12a, 02:00

Atzo iluntzean, Zizurkil goiko festa batzordeko kideek jaurti zuten beheko festen hasierako suziria. Danborrada, haurren jaialdia, buruhandiak, afari herrikoia..., giro beroan abiatu ziren igandera arte luzatuko diren festak. Kronika eta egitaraua:

Txupinazoko argazkiak / Bideoa

Kantu-jolasen argazkiak

Atzo iluntzean, Elbarrenako festetako ikur den melokotoiak umoretsu hartu zuen hitza festei hasiera emateko eta erronkak ere luzatu zizkien omenaldia jaso eta suziria bota zuten Zizurkil goiko festa batzordeko kideei, "Umorez beteta hasten zaizkigu jaiak, baina hori bai, burua erne eta ondo! Eta Zizurkil goikoek truko txiki bat dute horretarako, txapel eguna antolatzen dute eta txapela jasotzen duenak suziria botatzeko ohorea izaten du festetan. Kapaz izango al dira urteren batean melokotoiari txapela emateko? Hortxe erronka. Beste erronka bat: Zer iruditzen zaizue bide erdian, Beibategin, goikoek eta bekoek batera, zizurkildarren festa bat antolatzea?".

Iazko suziria jaurti zuten Hordago blusako kideek testigua, alkate makila, eman zien  goiko festa batzordeko kideei eta melokotoiak, "goiko eta beheko, denak igandera arte festan ibil daitezela" gaineratu zuen. Herritarrei gozatu, parte hartu, jai giroan ibili eta batez ere burua ondo erabiltzeko deia luzatu zien. "Eraso sexistarik ez dugu onartuko ez jaietan eta ez inoiz".

Igotz Alkorta eta Alaitz Ormazabalek hartu zuten hitza Zizurkil goiko festa batzordearen izenean. Hondarribiak Urdaibiari festetako txupinazoa botatzeko esan izan baliete bezain harrituta hartu zutela Elbarrenako festa batzordearen eskaintza aitortuz ekin zio Igotzek. Umoretsu aritu ziren biak, ondorio batera iritsiz: euren presentzia behar zutela Elbarrenako jaiei hasiera txukuna emateko. Serio jarrita, "guretzat goia eta behearen arteko pikea brometarako besterik ez da. Guk ere, beheko festa batzordekoek bezala, Zizurkil herri bat dela sinesten dugu, bailaretan banatuta, baina herri bat", azaldu zuen Alaitzak. Eta Igotzek, erronkak onartzeko beldurrik ez dutela eta festetako ajea pasatakoan deitzeko esan zion melokotoiari. "Hori bai, txapela egunean txapela jartzea ez da eskatzen, irabazi egin behar da", gaineratuz.

Zizurkil beheko festa batzordeko kideei aitortzagatik eskerrak emanaz amaitu zuten, "gaurkoak balio dezala, txikikeriez gaindi, Zizurkil batuagoa egiteko. Ondo-ondo pasa festak eta ahal dela euskaraz gozatu. Guk erabiltzen ez badugu, ez du inork egingo eta!".

 

Gaurko eta asteburuko egitaraua

Irailak 8, osteguna
Gazte eguna
10:30    Jokulandia goiz osoan zehar.
14:00    Gazte bazkaria. Ondoren, Elektro txuflarekin kalejira.
17:30    Dantza saio gidatua, Aurrera plazan. Ondoren, txokolate jatea eta buruhandiak Joxe Arregi plazan
23:00    Suzko zezena.
23:30    Muyayo Rif eta Esne Beltza zuzenean.

Irailak 9, ostirala
11:00     Haur karaokea eta Wii dantza.
12:00     Meza Nagusia.
13:00     Jubilatuen jokoak.
14:00     Jubilatuen bazkaria plazan. Bazkalostean dantzaldia Aurelio Saez “Yerri”ren eskutik.
17:30    Irrien lagunak, “Kanta eta dantza” ikuskizuna Aurrera plazan.
22:00     Bertsoak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amaia Agirre, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal. Gai-jartzailea: Igotz Alkorta.
23:30     Trakets zuzenean.
Irailak 10, larunbata
Mozorro eguna
11:00     Sorginaren bila.
14:00     Herri bazkaria. Ondoren, postre     lehiaketa eta bingoa.
18:30 Astakiloen showa.
20:00-21:30 Laket zuzenean.
23:30     Laket zuzenean. Jarraian, mozorro lehiaketa. Ondoren DJ Bull.
08:00     Diana.
 
Irailak 11, igandea
11:00     Sardina eta sagardo dastaketa.
13:00     Haurren euskal dantza ikuskizuna.
16:00     Mus txapelketa.
16:30     Erraldoi eta buruhandien konpartsa, dantza herrikoiarekin.   
19:30     Hodei magoa.
Ogitarteko afaria.
22:00     Bi Bala bertso musikatuak.
23:30     Melokotoi sariak. Jarraian, melokotoiaren hileta eta lur-ematea.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!