Antton Jauregi eta Juxto Egaña aspalditxotik dabiltza buru-belarri bi ekimen horien antolaketan eta aipatu ekimenen inguruko arrazoiak eta xehetasunak eman dizkiote Aiurri aldizkariari. Ziurtasunez adierazi dute Urnietaren nortasuna eta euskal kultura sustatzeko ekimen politak izan daitezkeela biak ere.
Bi ekitaldi sendo besoetan dituzuela zatozte oporretatik bueltan…
Antton Jauregi: Aspalditik datozen ideiak dira biak ere. Dena den, Urnietan ohituta gaude irailaren inguruko estresarekin bizitzera; Sanmielak asko markatzen dute Urnietan, eta aurreko aste eta hilabeteetan lan egin behar izan dugu. Hain zuzen, kantujira irailaren hasieran egiteak badu bere zergatia: eskolaz kanpoko ekintzak (kirolak, musika…) hasi aurretik egitea ikusi genuen egoki. Gainera, aurtengo ikasturtean Egape ikastolaren 50. urteurrena ospatzen da, eta ekitaldi sorta antolatu da; kantujira lehen pausotzat har daitekeelarik.
Zer dela eta animatu zarete kantujira antolatzera?
Juxto Egaña: Iraganean ere egin izan ditugu saiakerak, kantu bazkariekin edo kantu afariekin. Egia esanda, arrakasta handiegirik gabeko ekitaldiak izan ziren. Ez dakigu zergatik zehazki, baina izan liteke Urnietako herriak ez duelako kale esturik, ez duelako berotasunik eskaintzen jendea bildu eta kantuan aritzeko. Nolanahi ere, inoiz ez zaigu ezkutatu kantujirak antolatzeko barruko arra, eta oraintxe ikusi dugu une aproposa, ikastolak mende erdia bete duela eta.
Parte hartzailea izatea nahi duzue…
A.J.: Kantua kalean egitera bultzatu nahi genuke jendea; horixe da, eta ez besterik, gure asmoa. Printzipioz, kantujiran ikasleak izango dira ardatz, beraiek ondo entsaiatuta baitaukate kantutegia. Hala ere, gurasoen partaidetza ere ziurtatuta daukagu. Horiez gain, euskal kantak eta kantatzea gogoko duten Urnietako edonor animatu nahi genuke etor dadin.
J.E.: Bestalde, hariak mugitzen ari gara Euskal Herriko herrietan kantujiran ibili ohi diren taldeak ere Urnietara hurbil daitezen. Beren errepertorioetan Letek eta Iriondok badute tokia, oso estimatuak dituzte biak ere, eta pozez hartu dute gonbidapena.
Lourdes Iriondo eta Xabier Lete omentzeko asmoa daukazue…
A.J.: Ikastolaren sorreran ibili zen bikotea, plastika ematen, kanta herrikoiak erakusten…, erabat inplikatu ziren ikastolaren proiektuan. Ez ziren izan nolanahiko musikariak, Ez dok hamairu-ko kideak. Urnietarrontzat harro egoteko moduko luxua da herrikideak izatea Euskal Herriarentzat enblematikoa izan zen mugimenduko bi pertsona. Hortaz, gogoan eduki nahi genituzke ekitaldi xume baten bidez, eta euskal kulturgintzari eta kantugintzari egin zieten ekarpena gogoratuko duen plaka ipiniz beren etxe aurrean.
Ekitaldian, Aire ahizpek Lourdes Iriondoren kantak interpretatuko dizkigute; haren kantak Leterenak baino ezezagunagoak egiten zaizkigu beharbada, eta horrexegatik egokia ikusi dugu bereziki azpimarratzea bere kantutegia.
J.E.: Urnietako Udalarekin hitz egin dugu guztiaz, eta oso eskuzabalik agertu zaigu. Urnietako herritarrek euskal kulturaren alde egindako ahalegina nabarmentzea, eta aldi berean, euskal kantugintza herrikoia sustatzea da ekimenaren helburua, eta nola ez, babes guztia eskaini digu.
{{IMG-35891}}
Antton Jauregi, Fermin Zinkunegi, Eneko Salaberria, Xabier Ubillos, Juxto Egaña eta Helena Roguska, 400 istorio ikuskizunean parte hartuko duten zenbait musikari, entsegu baten ostean.
400 istorio
Zer izango da 400 istorio izeneko emankizuna?
A.J.: Ikuskizun arina, dinamikoa izango da. Bideoak, musika eta dantzaz osatutako ordu- beteko ikuskizuna izango da. Handikeriarik gabe, xumetasunez, Urnietako historia zabaldu eta urnietartasuna sustatzea nahi genuke. Hitz joko batetik dator bere izenburua; adierazi nahi da Urnietak 400 urte bete dituela, eta horietan makina bat istorio sortu dela, urnietarrak protagonista dituztenak.
Eskema jakin batek josiko du guztia: Urnietan azken urtetan egin diren hiru antzezlanen (Marizulo, Urnieta´59 eta 1936) bideo zatiak emango dira pantaila batean, eta bakoitzaren ondoren musika zein dantza helduko da, herriko hainbat talderen eskutik: hala nola, Anabas taldea eta Txanbolin txistulari banda, Onbosko banda, Lourdes Iriondo musika eskolako trikitilariak, Egape dantza taldea eta jubilatuen etxeko dantzariak (pasodobleak).
J.E.: Musikaren arloan, antzezlanetan erabili ziren zenbait pieza, eta Antton berak aurreko urteetan sortua duen musika interpretatuko dira, besteak beste. Urnietako zenbait musika eta dantza bildu ditugu oraingoan, baina sortu den elkarlanerako espirituak fruitu gehiago eman ditzan etorkizunean, horixe nahi genuke gogo biziz.
Ikuskizuna sei zatitan banatuko dela , esan duzue…
A.J.: Urnietaren historia bereziki markatu duten aro edo gertaldi ezberdinak errepasatuko dira, erretrospektiba moduan: XX. mende bukaera, inmigrazioa, 1936ko gerra zibila, autodromoa, gerra karlista, eta Urnieta hiribilduaren sorrera. Normalki, antzeko muntaiak antolatzen direnean, iraganetik gaur arterainoko bidaia proposatu ohi da, baina guk atzekoz aurrera egingo dugu. Gaurko eguneko Urnietarekin hasiko gara, eta orain 400 urteko garaiekin amaitu.
Zerk bultzatu zaituzte halako muntaia egitera?
J.E.: Luis Mari Zalduarekin batera lan taldea osatuz, bi ekimen uztartu ditugula esango genuke. Batetik, garai batean txistulariek San Migel jaien atarian egin ohi genuen preludioa izeneko kontzertua, Euskal Herriko herrialdeak gogoan hartzen zituena. Eta bestetik, Urnieta hiribildu izendatu zuteneko 400. urteurrenaren inguruko ospakizunak. Iaz bete ziren 400 urteak, baina Udalaren asmoa proiektua irekia izatea izan zen, hurrengo urtean gai berarekin jarraitzeko gogoa agertu zuen, eta horrexegatik 400 istorio-ren emankizuna proposatu genion aurtengorako.
Konturatuta geunden Urnietaren historia modu askotara zabaldu litekeela (liburuak, antzerkia, bideoak…), herrian jada egina zegoela izugarrizko lana kultur formatu ezberdinetan. Bada, zergatik ez hiru antzerkietako irudiak hartu oinarri gisa, eta musika eta dantza erantsi? Badakigu hiru antzezlanak fikzioa zirela, baina errealitatetik pasarte asko dauzkate berarekin, eta horiek hautatzen saiatu gara.
Zer esanez gonbidatuko zenituzkete urnietarrak?
A.J.: Aulkian eseri, eta ordubetez, geure herriaren eta arbasoen historiara hurbiltzeko aukera bikaina eduki dezaketela. Euskal dantzak edo musika gogoko dituen edonork ikusteko moduko ikuskizun duina aurkeztuko zaio aurrean; ziurtatzen dugu ez dela aspertuko batere. Gainera, erdaldunei ere jakinarazi behar zaie nahiz eta euskara izan ikuskizunaren hizkuntza, gaztelaniaz laburpentxoak egingo direla zati bakoitzaren hasiera eta bukaeratan.
Bertan parte hartzen dugunok ez gara profesionalak, baina dakigunetik eta ahal dugunetik guztia jartzen ari gara; entsaioetan jendeak jartzen duen borondatea ikusi besterik ez dago.