Abian da materia organikoaren bilketa Andoainen

Andoainen materia organikoaren bilketa datorren astelehetik aurrera ezarriko dela iragarri da gaur, udal ordezkariek Goikoplazan egin duten prentsaurrekoan.

Ana Carrere alkateak eta Marijo Izagirre (EAJ), Maider Lainez (PSE-EE) eta Olga Hernandez (Ganemos) zinegotziek eman dituzte azalpenak, bosgarren edukiontzariaren ezarpenaren gainean.

Irailetik aurrera, nahi duten andoaindarrek etxean sortzen den materia organikoa gaika biltzeko zerbitzua eskura edukiko dute, herrian jarriko diren ia 70 edukiontzi marroien bitartez.

Bere berri emateko kanpaina jarri da abian; etxez etxe, atez ate egingo da, datorren astelehenean hasita. Hezitzaileen bisita jasoko dute andoaindarrek, etxean bereizketa ahalik eta gehien errazteko eta beharrezko informazioa guztia emateko asmoz. Ama Kandida eta Manuel Lekuona izango dira lehenbiziko auzuneak, eta kanpaina lau asteetan luzatzea espero da. Nahiz eta etxean ez egokitu hezitzaileen bisita gertatzen ari denean, horiek eskaratzan zerrendak ipiniko dituzte, nahi duenak izena eman dezan bertan.

Bestela ere, andoaindarrek bi aukera edukiko dituzte informazioa jasotzeko. Batetik, udaletxean bertan, Ataria-ko bulegoetan, eta astelehenetik ostiralera 09:30etatik 13:30etara, eta asteratetik ostiralera 16:00etatik 20:00etara; hor gainera, beharrezkoa den materiala jaso ahal izango da (ontzi aireztatua, poltsa konpostagarriak, edukiontzia irekitzeko txartela eta informazio-imana). Bestetik, informazio-puntuak jarriko dira herriko puntu ezberdinetan zenbait egunetan.

 

Parte hartzeko deia

Borondatezkoa da materia organikoaren bilketan parte hartzea, baina Ana Carrerek deia luzatu zien andoaindarrei, berziklapenean urrats bat gehiago eman dezaten. “Andoain atzeratu samar dabil gaikako bilketan; Tolosaldeko herririk atzeratuena da, soilik %29-30ko portzentaira baizik ez baita iristen. Gaur egun, errefuxara doan zabor poltsetan, organikoari dagokio gehien-gehiena. Badakigu andoaindarra sentsibilizatuta dagoela ingurumenaren gaian, eta horrenebstez, konfidantza osoa daukagu behar den bezala erantzungo diola kanpaina honi”.

Andoaingo Udalak eta Tolosaldeko Mankomunitateak elkarlanean burutuko dute materia organikoaren aldeko “Guztion artean jasangarriago” kanpaina.

Informazio gehiago: 943300308 edo eta organikoa@andoain.eus

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!