Hondakinak gaika biltzeko sistema berria abiatzear da Amasa-Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 7a, 02:00

Irailaren erdialderako txertatuko den zabor bilketa sistema berriaren inguruko informazioa emateko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Villabonako udaletxean. EAJ-PNVko Ibon Ariznabarreta, Eneko Urdangarin eta Juan Mari Iparragirrek hartu zuten parte aurkezpenean:

Poztasuna azaldu zuten batetik, “hauteskunde aurretik agindu genuena lortu dugulako eta gainera posible izan delako alderdi politiko guztien adostasunarekin egitea aldaketa. Herrian egoera oso desatsegina sortu zen gai honekin eta horri amaiera eman eta hasiera hobea ematen diogulakoan gaude”. Aldaketa hori martxan jartzea eurek nahiko zuketena baino gehiago luzatu dela ere jakinarazi zuten eta guztiontzat kostu gutxien zuen moduan egiteko erabakia hartu dutela. “Bide honetan, orain kamioi berdinak erabiliko ditugu Andoainekin eta honek guztiak 50.000-55.000 euro inguruko aurreztea suposatuko digu urtero”.

Aldaketa nagusiak

Hauexek edukiontzien sistema txertatzek ekarriko dituen aldaketa nagusiak:

-Herrian edukiontzien 17 puntu jarriko dira. Edukiontzi bakoitza 2.200 litrokoa izango da.

-Edukiontziak edozein egun eta ordutan ireki ahal izango dira. Organikoa eta errefuxa txip bidez irekiko dira, baina beste guztiak bezala, bakoitzak nahi duenean.

-Irailaren 12tik aurrera txipak banatuko dira leku eta ordutegi ezberdinetan.

          -Irailak 12, astelehena: Kiroldegia, 10:00-14:00.

          -Irailak 13, asteartea: Berdura plaza, 10:00-14:00.

          -Irailak 14, asteazkena: Txermingo jubilatuen egoitza, 10:00-14:00.

          -Irailak 15, osteguna: Kiroldegia, 16:00-20:00.

          -Irailak 16, ostirala: Berdura plaza, 10:00-14:00.

Txiparekin batera, poltsa konpostagarriak banatuko dira. Izan ere, organikoa beti poltsa konpostagarrietan bota behar baita. Zabor poltsak garestiak direla-eta, zaborra gaizki sailkatzeko aitzakiarik izan ez dadin, sistema aldaketarekin aurreztu den diruarekin poltsak erostea erabaki du Udalak. Eta familia bakoitzak 2-3 poltsa hartu ahal izango ditu astero.

-Liburutegiaren azpian jarriko da poltsa konpostagarriak jasotzeko makina. Edukiontziak irekitzeko balio duen txartelaren bidez jaso ahalko dira poltsak bertatik.

-Irailaren 12an hasiko dira herrian zehar edukiontziak jartzen. Egun pare batean lan horiekin bukatzea aurreikusten da eta jarraian sistema berria erabiltzen hastea.

Merkataritza eta ostalaritza

Merkatari eta ostalarien kasuan, errefusa eta kartoia atez ate biltzen jarraituko da. Materia organikoa, papera eta ontziak, berriz, kaleko edukiontzietara bota beharko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!