Santioak 2016

Santioak indartsu hasi eta amaitu ziren

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 3a, 02:00

Denok Danena halterofilia taldeko Susana Davila pultsulariak jaurti zuen Santio festetako suziria. Uztailaren hogeita laua igandea egokitu zenez, eguerdiarekin batera lehertu zen festa Villabonan.

Lehen orduetan ez zuen eguraldiak lagundu eta halterofilia taldearen erakustaldia plazan beharrean kiroldegian egin zen. Pultsulariek euren lana eta saiakera Errebote plazan erakutsi nahi bazuten ere, ez zen horretarako aukerarik izan. Euritan egin zen erraldoi, ipotx eta buruhandien lehen kalejira ere, baina eguraldiak ez zituen festa gosez zeuden herritarrak kikildu. Errebote plazan beharrean Txermingo ikastola azpian egin zen herri bazkaria. Arratsalderako, eguraldia bezala herri giroa ere berotzen joan zen. Zo-zongo taldearen perkusio hotsek alaitu zituzten herriko kaleak. Era berean, frontenis txapelketako finalak nahiz Behar Zana elkarteak antolatutako bola tiraldiak jende asko erakarri zuten kiroldegi ingurura. Futbito txapelketako finalak ere erruz bete zuen Errebote plaza. Gauean dantzarako nahiz festarako aukerak luze jarraitu zuen.
Dianaren ondoren, Zunbeltz elkarteak antolatutako krosarekin esnatu zen Santio eguna. Haur, gazte nahiz heldu korrika. Helduen sailean, Raul Gomez lasartearrak eta Lourdes Colomo zizurkildarrak jantzi zuten txapela. Udalbatzaren desfilearen ondoren, Atari bizi eta egitarauko azalaren lehiaketetako sariak banatu ziren. Balkoi edo ataririk dotoreenen irabazleak Edurne Zaldua, Miguel Angel Gonzalez eta Izaskun Irizar herritarrak izan ziren. Azal lehiaketako irabazlea, berriz, Flori Garcia. Urteroko Soka-dantzaren tartea izan zen eguerdian. Herritar ugari gerturatu zen plazara Oinkari dantza taldeak eta Udal korporazioak, herritarrekin batera dantzatu ohi duten tradiziozko saiora. Une hunkigarriak eskaini zituen aurtengo edizioak, Lierni Kamio dantzariak bere aitonari aurreskua dantzatu zionekoa, horietako bat. Arratsaldeko sokamuturrak jende asko erakarri zuen plazara eta zer esanik ez gaueko Oinkari dantza taldearen emanaldiak. Saioa hasi aurretik ilara luzea sortu zen Olaederra kiroldegiaren atarian. Ikuskizun dotorea eskaini zuten dantzari nahiz musikariek.

Atsedenik ez, atseden egunera arte
Uztailaren 26a, Santana eguna. Goizeko dianaren ondoren, haur nahiz gazteentzako ekitaldiak. Patata tortilla nahiz marrazki lehiaketa. Buruhandi, ipotx eta erraldoien hirugarren kalejira. Jendetsua, aurrekoak eta ondorengoak bezalaxe. Urtez urte indartzen ari da konpartsa, dultzainero nahiz txistularien musika doinuekin eta baita erraldoien dantza saioekin ere. Aurten antzinako Villabonako Erraldoein martxa doinua berreskuratu du Loatzo musika eskolako Jeronimo dultzaina taldeak eta pozgarria izan da herritar askorentzat berriz ere doinu hori kalean entzutea. Arratsaldean Zunbeltz elkarteak urtero antolatu ohi duen txekor jatea, Txermingo ikastola azpian. Goizean hasi ziren bertan txekorra erretzen eta iluntzerako hezurrak besterik ez ziren geratzen. Aburuza, Sarasola eta Zabala sagardotegietako sagardoa ere zerbitzatu zen, ekarritako botilla guzti-guztiak agortu arte.
Gazte eta jubilatuei zuzendutako eguna izan zen uztailaren 27a. Toka txapelketa, eskulan eta margoen erakusketa nahiz bazkari eta dantzaldia izan zituzten jubilatuek. Bazkaria eta Orkresta Nazionalarekin poteo-kalejira gazteek. Besteak beste, zunba herrikoia nahiz cycling maratoia izan ziren Txistulari plazan. Haurrentzako bola tiraldia bolatokian. Pilota finalak Bearzana pilotalekuan. Gauean sekulako jende piloa erakarri zuten Izeberg eta Vendetta taldeen kontzertuek.

Herritarrak parte hartzaile
Atseden egunaren ostean indartsu iritsi zen uztailaren 29a, koadrilen eguna. Eguraldi ona lagun, Etxe Ondoko zelaia kolorez jantzi zen beste behin. 104 koadrila guztira, ia 1500 pertsona. Giro ederra nagusitu zen bazkarian, baita arratsaldeko txarangaren jaitsieran nahiz ondoren ere.
Eta ekintzaz beteta etorri zen biharamuna ere. Berrikuntza gisa, Santiotan kantari ekimena kaleratu zen lehenengoz. Musikarien laguntzarekin 150 lagun pasatxo euskal kantuak abesten aritu ziren. Bazkariaren ondoren emanaldia eskaini zuten plazan, Oinkari dantza taldeak antolatzen duen Erromeria festarekin uztartuz.
Uztailaren 31, San Inazo eguna, festetako azken eguna. Diana eta haurrentzako ur parkearekin aurrera egin bazen ere, goizaldera botatako zaparrek bertan behera utzi arazi zuten Villabona-Hazparne 87. Errebote partida. Eguerdirako eguraldia altxatu eta erantzun bikainez gauzatu zen Villabonako eta Donostiako Irrintzi konpartsako erraldoi, ipotx eta buruhandien kalejira. Iluntzean Rockalean rock&roll emanaldi ibiltaria. Emanaldi pizgarri eta alaia. Azken egunerako baino, agian lehenengorako egokiagoa. Herritarrek festetan zehar ateratako argazkien proiekzioarekin amaitu ziren festak.

Salaketa
Festak amaituta, lasaitasuna. Bazirudien aste osoa giro onean eta oztoporik gabe igaro zela. Abuztuaren 8an, ordea, neska gazteren bati edarian drogaren bat bota ziotela salatu zuen Tolosaldeko koordinadora feministak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!