Lehen egunetik hasiko al zarete parte hartzen? Aurten ere kros mistoan ateratzeko asmorik?
Jon: Azken momentuan erabakitzen dugu beti eta aurten ere hala izango da. Lanak uzten badigu, hortxe izango gara.
Urte ugaritan hartu izan duzue parte elkarrekin, lasterketaren amaierako erratza eskuetan hartuta…
Josu: Hiru txandatan atera izan gara elkarrekin. Parte hartu genuen lehen urtean bikotea bilatzen saiatu ginen eta aurkitu ez genuenez, biok elkarrekin lasterketaren amaieran mozorrotuta ateratzea erabaki genuen. Geroztik akordio modukoa egin genuen; aurrerantzean, korrikarako bikotea aurkituagatik, elkarrekin aterako ginela.
Jon: Aitona eta amonaz jantzita hartu genuen parte behin, rugby jokalariz eta animatzailez beste behin eta baita apaiza eta mojaz ere.
Zein ezaugarri du Zizurkilgo kros mistoak?
Jon: Gu herriko jendea animatzearren eta umore pixka bat jartzearren atera ginen lehenengoz lasterketa ixten, eta gerora ere hala jarraitu genuen. Herriko jendea baino, korrika ibilita dagoen jendea etortzen da gehiago kros mistora. Nik herritarrak korrika ateratzera animatuko nituzke.
Josu: Aizpurua etxearen paretik atera eta lau itzuli ematen zaizkio ibilbideari. Guztira bost kilometroko bidea da.
Herri afaria asteazkenean, herri bazkaria larunbatean. Ez duzue hutsik egingo…
Jon: Larunbaterako asteazkenerako baino kide gehiago osatuko gara. Herri afaria astean zehar eta oporretatik bueltan, lanean hasi berritan izanda, zailagoa izaten baita; baina ahal dugun guztiok gerturatuko gara afarira ere.
Josu: Hurrengo egunean lana izan arren, jende asko etortzen da afaltzera. Egoera horretan daudenetatik batzuk afalondoan etxera joaten dira eta beste batzuk nahi baino gehiago luzatzen dira. Gogo handiz hartzen da lehen gaua eta oso giro ona sortzen da. Presarik gabe etorriz gero, herriko jendea biltzen den gau bakarra denez, aspaldian ikusi gabeko herritarrekin elkartzeko aproposa izaten da.
Jon: Gaurik politena da niretzat. Koadrila ezberdineko kideak elkartuta ibiltzen gara batean eta bestean. Larunbatean, berriz, koadriletan banatuago.
Zein aurreikuspen duzue koadrilen egunari begira?
Josu: Koadrila bakoitzak arduraren bat izaten du festetan eta bazkariko mahaiak deskargatu eta antolatzea egokituko zaigu guri, astolana egitea.
Jon: Herri afarian ez bezala, bazkarirako koadrila bakoitzak etxetik ekartzen du jatekoa. Urteren batzuetan parrilla ekarri eta bertan prestatu izan dute batzuek. Bazkalondoan, bingo jokaldia izango da aurten ere. Iaz egin zen lehenengo aldiz eta primerako giroa sortu zen. Mozorrotutako bi aurkezlek gidatu zuten saioa eta nahikoa saltsa izan zen.
Mozorro gauean mozorrotuta ateratzen zarete kalera…
Josu: Bai, badugu ohitura. Arratsaldean baino gauean mozorrotzen gara gu, afalostean. Jokoa ematen duten mozorroak aukeratzen ditugu, gure artean ondo pasatzeko: dominoko piezez mozorrotu ginen urte batean eta bata bestearen kontra saltoka ibili ginen. Bolo jokoa irudikatu genuen beste behin, pilota handi batekin. Hondartzako bolei jokalariz ere jantzi ginen…
Zein beste ekintzatan hartuko duzue parte?
Jon: Besteak beste, beti joaten gara bertso saiora.
Josu: Kontzertuetara ere bai. Jende asko biltzen da urtero, baita kanpoko herrietatik etorritakoak ere.
Zizurkilgo festetan nabarmenduko zenuketen hitzordua?
Jon: Guk parte hartu ez arren, danborrada, esaterako. Jende asko biltzeaz gain, aurrez ere giro polita sortzen du entseguetan. Erraldoi eta buruhandien konpartsak ere indarra hartu du azken urteotan.