“Denen artean lan egitea ona litzateke herriaren etorkizunerako”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 2a, 02:00

Maite Izagirre Irazustabarrena billabonatarra Amasa-Villabonako alkate da joan zen ekainaren 27az geroztik. Alkate gisa dituen erronken inguruan hitz egin du.

Agintaldi honetan zinegotzi bezala hasi eta alkate zara egun. Zer nolako aldaketa izan da jauzi hori zuretzat?

Oso aldaketa handia, nabarmena. Zinegotzi zarenean gai batzuren ardura dagokizu, jakin badakizu beste gai batzuren berri, baino gainetik. Alkate bezala, ordea, sakonago ezagutu eta jarraitu behar dira gai guztiak. Guztiaren gainean egon behar da. Uztailean zabor bilketa sistema berriaren ezarpena zehazten eta Santio festen antolakuntzan aritu ginen lanean bereziki. Abuztuan, bestelako gaiak aztertzen aritu naiz gehiago.

 

Ustekabean iritsi zinen alkatetzara, Iban Agirre aurreko alkateak dimisioa aurkeztu ondoren. Proposamena jasota, erraz hartu al zenuen erabakia?

Erabaki gogorra izan da, nire bizitzan aldaketa handia eragin baitu. Enpresa batean lan egiten denean, ordutegia betetakoan amaitzen da laneguna. Alkatearena 24 orduko ardura da: goiz, arratsalde nahiz gau. Familiarekin hitz egin ondoren hartu nuen erabakia. Aurrera goaz eta gustura ari naiz momentuz. Urduri, ez baitut hutsik egin nahi. Badakit denentzako gustua egitea ezinezkoa dela, baina nire lana ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz. Denen artean lan egitea lortuko bagenu, ona izango litzateke Amasa-Villabonaren etorkizunerako.

 

Alkate izendatzerako, zure soldatak ika-mika piztu zuen herrian. Zer diozu gaiaren inguruan?

Alkate postuak nire bizitzan aldaketa handia eragingo zuela ikusten nuen eta ardura handiko lana izango zela. Biztanle kopuruaren arabera, tamainako beste herriekin alderatuta, antzeko soldata eskaini zidaten eta baiezkoa esan nuen. Badakit kritika asko egon dela eta onartzen ditut, baina niri hori eskaini zidaten eta ondo ikusi nuen. Ia 6000 biztanle ditu herriak eta hartu beharreko erabaki nahiz ardurak ez dira errazak; horrek guztiak ordaina behar du. Egun, gauez ere telefonoa ondoan edukitzen dut ezer gertatzen bada ere.

 

Bi hilabete eta gero, nola daramazu alkatearen ardura?

Oraindik ere kokatzen ari naiz, galdezka, ikasten. Alkatearena beti ikasten aritu beharreko lana dela iruditzen zait, ate-joka ibili beharrekoa. Aurpegia eman, galdetu eta herritarrengandik gertu egon behar dugu; ahal dugun neurrian, jendeari erantzunez. Alkatearenarekin batera, talde lanak garrantzia handia du. Gure taldean, udalgintzan esperientzia handia duten kideak ditugu eta asko laguntzen du horrek. Lasaitasuna ematen dit.

 

Zer moduz joan dira Santio festak?

Ondo joan direla esango nuke. Ekintzak herritarren gustukoak izan dira eta jendeak parte hartu du. Ez dugu kexarik jaso alde horretatik. Hala ere, badaude hurrengo urterako hobetu beharreko gauzak. Esaterako, Etxe-Ondoko koadrilen bazkariaren ondoren, zelaia ez zen batere txukun geratu. Sorpresa handia hartu nuen zaborra lurrean ikusita, gehiengoa jende gaztea izanda gainera. Arduratsuagoak izan beharko genuke eta hurrengo urteetara begira txukunago jokatu. Bestalde, egunetik egunera gero eta gehiago entzuten dira emakumeenganako erasoen kasuak. Harrigarria da, atzera baikoaz arlo horretan. Santiotan udaltzainak lanean aritu dira gauez ere eta plazatik urrunagoko auzoetan bizi diren neska gazte askok eskatu diete etxera joateko laguntza. Lasaigarria da zerbitzu hori gazteentzat eta baita gurasoentzat ere.

 

Irailerako iragarri zenuten zaborrak biltzeko EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EEren artean adostutako sistema berria. Zertan da? Noiz ezarriko da? Nola gauzatuko da?

Mankomunitateak irailera arte itxaroteko eskatu zigun Andoainen eta Amasa-Villabonan sistema batera txertatu ahal izateko. Modu horretan Andoaindik hasita kamioi berak egingo du bilketa bi herrietan eta diru dezente aurreztuko da. 

Amasa-Villabonari dagokionez, iraila hasieran folleto informatiboak banatuko dira herritarren artean. Irailaren 16rako edukiontzi guztiak jarrita egongo dira herriko hamazazpi puntu ezberdinetan. Organiko eta errefusaren edukiontziak irekitzeko txip banaketa hiru puntutan egingo da: Kiroldegian, Berdura plazan eta Txerminen 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bestalde, zabor poltsak jasotzeko makina liburutegiaren azpian jarriko da. Astean hiru poltsa jaso ahal izango dira, txip bidez. Modu horretan, herritarrek ez dute zabor poltsak garestiak direla eta zaborra gaizki ateratzeko aitzakiarik izango. Edukiontziak, nahi den egunetan nahi adina alditan erabiltzeko aukera izango da. Ea guztion artean ongi bideratzen dugun sistema berria. Gure aldetik etxeko lan guztiak eginda daude, Mankomunikateko kideek irteera noiz emango zain gaude.

 

Zubimusu zubiaren berrikuntza amaiera bidean da. Noiz zabalduko da? Nola antolatuko da erabilera?

Gure aldetik zubia ahalik eta azkarren irekitzea nahiko genuke, ahal bada irailean bertan; izan ere, herritar askori eragiten baitio itxita egoteak. Zubiaren alde batean oinezkoentzako bidea egongo da eta bestaldean bizikletei zuzendutakoa. Erditik igaroko dira ibilgailuak Zizurkildik Villabonarako zentzuan. Noranzko bakarra izango du zubiak ibilgailuentzat, zabalerak ez baitu gehiagorako ematen. Lanek iraun bitartean, Zizurkildik Adunarako bidea ibilgailuz gainezka egon da eta aurrerantzean lasaitua hartuko du. Oinezkoentzat ere asko erraztuko du bidea. 

 

Epe laburrean, HAZ (Herritarren Harrera Zerbitzua) martxan jartzeko asmoa duzue. Zein helburu du egitasmoak?

Udaletxean dagoen kolapsoarekin bukatuz, herritarrei zerbitzu azkar eta egokia ematea. Galderak egitera edo inprimakien bila datozen herritarrentzako bulegoa izango da. Langile bat egongo litzateke galderei erantzuteko eta gairen baten inguruan Udaleko teknikariren baten laguntza beharko balitz, gerturatuko litzateke hura ere. Berriki Urnietako Udaleko harrera zerbitzua ezagutzen izan gara, erreferentzia bezala hartzeko, bai baitakigu oso ondo funtzionatzen duela.

 

Malkar plazan Villabona Lantzenek eraiki zituen etxebizitzen arazoa konpontzeko asmoa duzuela iragarri duzue…

Udaletxe bezala gaiarekin amaitu nahi dugu eta ahalik eta konponbide onena eman. Gaizki eraiki ziren etxe haiek eta konpondu egin behar dira lehenbailehen, berriz arazorik eman ez dezaten. Aurten bukatu behar da gai horrekin.

 

Zertan da jolas parkea estaltzeko proiektua?

Horretara bideratutako aurrekontua estalpeari bakarrik zegokion eta estalpearekin batera urbanizazio lan gehiago egin behar zenez, ez zen dirurik iristen. Badakigu Villabonak aterpea behar duela eta nik, ama bezala ere ikusten dut behar hori: euria egiten duenean haurrarekin joateko aterperik ez baitaukagu herrian. Hobekuntza asko dago egiteko Amasa-Villabonan, baina udaletxe txikia da gurea eta horixe da arazoa; ez dagoela denerako dirurik. Ateak jo eta dirulaguntzak lortzen saiatuko gara, behar guztiak gauzatu ahal izateko.

 

Zein beste egitasmo duzue eskuartean?

Lizarraga baserrira doan Amasako bidea egoera txarrean aurkitzen da eta inguruko baserritarrak bezala, gu ere kezkatuta gaude istripuren bat gertatzeko arriskuaren aurrean. Konponbidea eman nahi diogu lehenbailehen gai horri ere. 

 

Alkate zaren bitartean nahi berezirik ba al duzu herriari eta herritarrei begira?

Herria txukuntzen eta hobetzen ikusteko egin nahi dut lan. Proiektu handietan baino, txikietan. Era berean, herritar guztiak entzuteko prest nago; hitz eginez lortzen baitira adostasunak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!