Pantxikane, herritarren bilgune belaunaldiz belaunaldi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 1a, 02:00

Zizurkil Goiko plazan kokatuta, erreferentzia eta bilgune izan da Pantxikane garai ezberdinetako zizurkildarrentzat. Ekainaren 30ean itxi zituen ateak.

Taberna, jatetxea eta ostatua izan da Pantxikane azken urteotan; hori baino askoz gehiago ere izan da, ordea, urtetan zehar. Otordu goxoak egiteko txokoa izateaz gain, hantxe zegoen herriko telefono zerbitzua, ile-apaindegia, esne-biltegia edota, besteak beste, baita denda ere. Adin guztietako zizurkildar askorentzat ezinbesteko erreferentzia izan da.

Pantxikaneko sukaldean eman ditu bere bizitzako ordu asko Pilar Imazek. Duela 63 urte iritsi zen bertara, Baltasar Mendizabalekin ezkontzeko. Barru-barrutik ezagutu izan du Pantxikaneko martxa; “Gauza asko egin izan da etxe honetan. Barberuak, esaterako, gela bat izaten zuen goiko solairuan, herritarrei bizarra eta ilea mozteko. Gure sukaldeko ekonomikan ontzi bat egoten zen beti, barberirako ura berotzeko”. Pilarrek ez ezik, Marines Mendizabal alabak ere ondo gogoan du barberua nola egoten zen: “Etxeko ate guztiak zabalik izaten ziren garai hartan. Zerbitzu ezberdinak eskaintzen zirenez, batetik bestera joateko aukera izaten zuten herritarrek. Goiko solairuan zegoen barberia; bere ispilu eta guzti. Barberuak ez zuen errentarik ordaintzen eta horren truke, etxeko guztioi mozten zigun ilea, doan”, azaldu du umoretsu.

Barberiaren ondoan, logela bat izaten zen Pantxikanen, bi oherekin. “Apopilo asko pasa zen gure etxetik. Tabernan egonaldia eginda etxera itzultzeko moduan ez zeudenak eta baita Guardia Zibiliak ere, denetariko jendea pasa zen handik!”, azaldu du Marinesek. 

 

Telefonoa

Herriko lehendabiziko telefono zerbitzua ere Pantxikanen ezarri zuten. Hantxe zegoen deiak batera edo bestera bideratzeko balio zuen aparailua. Marinesek gogoan ditu lehendabiziko telefonoaren garaiak. “Elizaldek zuen 1 zenbakia telefonoan, Plaza Etxeberrik 2 zenbakia eta udaletxeak 3 zenbakia. Hemen zegoen telefono zentrala, eta guk bideratzen genituen deiak, klabija batzuren bidez. Donostiara edo beste nonbaitera deitu behar zenean, konferentzia eskatu behar izaten genuen, zentralita batera deituta. Telefonoko zerbitzu haren truke jasotzen genuen dirua Tolosara eraman behar izaten genuen hilean behin”. 

{{IMG-35822}}
Pantxikaneko familia: Baltasar Mendizabal eta Pilar Imaz;
Marines, Marikontxi, Mila eta Joxe Mari seme-alabekin. 


Esne biltegia

Duela zenbait hamarkada erreferentzia gune garrantzitsua izan zen Pantxikane herriko baserritarrentzat. Izan ere, bertan baitzen herriko letxeria edo esne biltegia. Goizean goiz jetzitako esnea bertara eraman ohi zuten. Marinesen izeba zena, Maritxu Mendizabal zen letxeria zerbitzuko arduradun nagusia: “Zaldia edukitzen zuen Maritxuk. Bildutako esnea marmitatan jarri, eta abereari gurdia erantsita jaisten zuen bildutako esne guztia tren geltokiraino. Donostiako etxe ezberdinetan banatzen zuten esne hura”. Urteak aurrera, esnea Pantxikanera ekartzen jarraitu zuten herritarrek, baina bertaraino etortzen ziren kamioiak, esnea biltzera. 

 

Joxepa Anttoniren denda

Ukuilua ere ezagutu zuten Pantxikanen. Lau edo bost behi izaten ziren ukuilu hartan. “Sekula ez zen behi kopuru handiegirik izan. Gure aurreko belaunaldiko Xalbador Mendizabalek egiten zituen ukuiluko lanak. Bera zen semerik gazteena, eta oso ezaguna zen zizurkildarren artean. Joxepa Anttoni bere arreba ere oso maitea zuten herritarrek. Dendaren ardura zuen berak, eta tratu handia zuen zizurkildarrekin”, azaldu dute Pilar eta Marines ama-alabek. 

Hamarkada asko igaro diren arren, zenbait ohitura ez da aldatu Pantxikanen. Hala azpimarratu du Marinesek: “Nire aitona zenak, Antonio Mendizabalek, sakristau lanak egiten zituen herrian. Bere arduren artean zegoen, esaterako, elizako kanpaiak jotzea. Gaur egun, horrenbeste urte pasa ondoren, nire anaia Joxe Marik egiten ditu lan horiek. Belaunaldiz belaunaldi pasa da ohitura hori, eta oraindik ere eutsi egiten diogu. Herriko jaien hasiera, hildakoren bat dagoenean…, kanpaien bidez iragartzen dugu”.

 

Otorduak

Urte asko dira Pantxikanen otordu ederrak ematen hasi zirela. Pilar izan da sukaldeko arduraduna eta lan horretan aritu da taberna ixteko erabakia hartu duten arte. “Sukaldean bertan hasi ginen lehendabiziko otorduak ematen. Pixkanaka-pixkanaka, geroz eta jende gehiago biltzen hasi zitzaigun eta sukaldea bete-bete eginda egoten zen gehienetan. Guri ere gustatu egin zitzaigun lan hori eta jarraitzea erabaki genuen. Duela 30 bat urte obrak egin, eta jantokia antolatu genuen. Sukaldean aritzea ikaragarri gustatu izan zait beti”, azaldu du Pilarrek.

Milaka eta milaka otordu prestatu dituzte Pantxikaneko sukaldean. Garai batean, “urtean lau txerri ere hazten eta hiltzen ziren hemen, gerturatzen zirenei eskaintzeko”. Horrez gain, San Isidro eguneko bazkariak, San Millan egunekoak…, “etxekoen artean antolatzen genituen horiek guztiak. Lanerako sasoi ederra genuen eta gustura egiten genituen horrelakoak”, aitortu du Marinesek. Zezen jateak ere egin izan zituzten hainbat urtetan. “Plazan askatzen zuten zezena eta festa egin ondoren, jan egiten zen zezen hura, erdia erreta eta beste erdia saltsan. A ze kazuelakadak prestatzen ziren sukalde honetan!”. 

Eskolako haur askok ere Pantxikanen topatzen zuten bazkaltzeko toki goxoa. Urrutiko baserrietan bizi zirenek ez zuten denborarik izaten eguerdian etxera joan eta arratsaldeko saiorako garaiz itzultzeko, “horregatik, fianbreran etxetik ekarritako bazkaria berotu, eta gurean bazkaltzen zuten. Horrez gain, Jaunartzeko jantzi dotorea gure etxean jantzi zuen batek baino gehiagok, baserritik elizarako bidean zikin ez zedin”.

{{IMG-35823}}

Taberna

Pantxikaneko tabernako barra ere hainbat herritarren bilgune izan da. Pilarrek gogoan ditu ardo txuri eta beltza, ardo goxoa edota pattar gorri eta txuria zerbitzatzen ziren garaia. Bitxikeria bat ere aipatu du: “Barraren azpialdean garrafoi bat egoten zen ardo kondarrak biltzeko. Behiei emateko biltzen ziren kondar haiek. Makina bat hilabete behar izaten ziren garrafoia betetzeko, edalontzietan ez baitzen sobra handirik uzten! Horrez gain, ontziak garbitzerakoan xaboirik ez erabiltzeko ere eskatzen ziguten garai bateko aitonek. Ontziak garbitzeko erabilitako ura, bere koipe eta guzti, txerriei emateko ona zela esaten zuten”. Argindar eskasa, ura ere tamainan…, garai zailetan makina bat lan egindakoak dira Pantxikanekoak. 

 

Agurra

Pilar eta Marines hunkitu egiten dira Pantxikaneren itxieraz hitz egiten dutenean: “Jende askorekin harreman goxoa izan dugu eta pena ematen zigun pausoa emateak. Nekea, ordea, handia zen dagoeneko eta erabakia hartu beharra zegoen”. Pantxikane itxita, bizimodu berriari ekin zioten uztailean. Barraren alde batean zein bestean pasatako orduak askoren gogoan eta bihotzean geratuko dira betirako. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!