Fini Rubio eskuzabal Andoainekin

Valladolideko emakume feministak dirutza eman die dohaintzan lau udalerriri, tartean Andoaingoari; kontzientzia sozialak bultzatu zuen elkartasun keinu hori egitera.

Familia aberats baten baitan jaio zen Josefina Rubio Tio (Valladolid, 1945), eta Donostian hil zen joan zen otsailaren 28an. Hil aurreko bere borondateari jarraiki, etxean jasotako dirutzaren zati handi bat Hernani, Errenteria, Pasaia eta Andoaingo udalerrien esku geratu da. Sosetan utzi zuen dirua eta Donostiako etxebizitza kontuan izanda, bada, udal bakoitzak, gutxi-asko, milioi bat euro eskuratu ahal izango dituela estimatzen da. 

Finik bi baldintza utzi zituen idatzita, udalek bete beharrekotzat: lehena, behar handiena duten eta bakarrik dauden adinduen beharretara bideratzea diru kopuru hori; eta bigarrena, berak izendatutako bi testamendu-betearazlek bere borondatea berma dezatela. Antton Ezeiza zinemagilearen bikotea izan zen Rubio, eta hura hil aurretik (2011) gaixo egon zen azken urteetan sentiberatasun berezia piztu zitzaion adinean aurrera zihoazen pertsonek bizi ohi duten egoeragatik; bizimodu duinaz gozatzeko eduki ohi dituzten ezintasunagatik, hain zuzen. Horrexegatik, oinordekotza ekonomikoa sektore horri laguntzeko bideratu nahi izan zuen. Lau herri horiek zehazki hautatu izanak ere badauka bere zergatia: Donostia inguruko herriak izanik, langile-klaseko biztanle kopuru handia jasotzen dute, eta haiei zuzenduta zegoen bere begirada.
{{IMG-35817}}
Finik bidelagun izan zuen Antton Ezeiza, maitasunean zein gizarte konpromisoan.
 



 

Ezkerreko feminismoak markatutako ibilbidea

Feminismoak, ezker abertzaletasunak eta gizarte berdintsuago baten aldeko borrokak markatu zuten Fini Rubioren bizitza, Ezeiza bidelagun izanda beti ere, bere adiskideek adierazi dutenez. Bere biografiako zenbait zertzelada eman dizkiote Aiurriri, nahiz eta jakin motz geratuko direla, pasarte ugari, zein baino zein azpimarragarriagoak baitauzka emakume nekaezin honek. 

Nortasun sendoko emakumetzat definitu dute ezer baino lehen: “Oso jantzia zen intelektualki, hitz jario bikaina zeukan eta eztabaidak zituen gogoko; arrazionala zen bere posizioetan, baina baita sutsua ere haiek defendatzeko. Alde horretatik, bazeukan gaztelarren izaeratik asko, zorroztasunean. Oso eskuzabala zen adiskide eta lagunekin”.    

Madrilen Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasketak egiten ari zela ezagutu zuen Antton Ezeiza, euskal zinemagintzako aitapontekotzat jo daitekeen zinemagilea; bien ibilbide pertsonalak zein militanteak elkarren ondoan igaroko ziren harrezkero. 

Adiskideek zehaztu dutenez, “frankismoan zehar, Fini Rubiok feminismoaren inguruko ikerketa soziologikoak eta demoskopikoak, eta, ezkerreko ekintza politikoa uztartu zituen; Frente de Liberación de la Mujer erakundeko sortzaileetakoa izan zen besteak beste. Ezeiza ere ez zen geldirik egotekoa, eta pelikula mordoa zuzendu zuen, estatuko zine-kritikak zuzendari modernotzat jo zuelarik”. Halaber, Tribuna Feminista editoriala sortu zuen beste kideekin batera, eta klaseko feminismoari buruz liburu-gogoeta ugari argitaratu zituzten.

Sinesten zuten ideologiari kontsagratuta bizi izan ziren Madrilen Ezeiza eta biak, eta bertatik ihes egin behar izan zuten 1973an, Paris, Mexiko eta Kuban egonaldiak eginez.

 

Euskal Herrian, militantzi abertzalea

Rubio 1976an Madrilera itzuli zen, eta ekintza politikoan murgildu zen berriro. 1978an, Ezeizak erbestea atzean utzi ahal izan zuenean, bikoteak Donostiara bizitzera etortzea erabaki zuen. Ezker abertzalearen kausara arrimatu ziren agudo. Hiru urteko bizialdi labur bezain intentsua egin zuen bikoteak Gipuzkoako hiriburuan. Ezeizak Bertan Filmeak ekoiztetxea eratu zuen Xabier Iriondorekin batera, eta Ikuska izeneko dokumental-sail gogoangarria zuzendu zuen. Bien bitartean, Finik, feminismora bideratu zuen bere ahalegina, KAS-emakumeak erakundea sortuz beste kideekin batera eta hura desagertu zenean Aizan-en militatu zuen. Urte haietan AEBn mugimendu feminismoaren baitan indarrean ziren ideiak jaso zituen, eta haietako bat, emakume afroamerikar ekintzaileek zerabilten zapalketa hirukoitzaren kontzeptuaz teorizatu zuen: alegia, emakumea, euskalduna eta langilea izatearen kontzientzia hartzea. 

Beren militantzia zela eta, 1981ean, atxiloketen beldur, ihesaldiari ekin behar izan zioten bigarren aldiz; Iparraldean babestu ziren orduan. Rubiok Pau eta Tolosako unibertsitateetan irakasle gisa jardun zuen. Azkenik, 2000n, Donostiara itzuli ziren betirako. Finik EHUko unibertsitatean soziologiako eskolak eman zituen, erretiroa hartu zuen arte.      

 

Larraulera lotuta sentimentalki

Bikoteak oso harreman berezia, bihotz ukitzaile horietakoa, eduki zuen Larraulgo herriko Beobide baserriarekin. Hil eta gero, beren errautsak baserriko parajeetan zabal zitzaten nahi izan zuten. Antton Ezeizak bertan zituen sustraiak amaren aldetik, Sorozabal familiako kidea baitzen. Finik beti izan zuen gogoko lagunei honako pasadizoa kontatzea: nonbait, Anttonekin Euskal Herrira lehenbiziko aldiz etorri zenean, honek Larraulgo baserrira eraman zuen agudo. Baserrian, etxekoak soroan topatu zituzten, idi parearekin beren uztarri ikusgarri eta guzti. Egundoko zirrara eragin omen zion nekazari giroko erretratu erreal hark, Valladolideko neskatxa hari. Betirako geratu zitzaion iltzatuta oroimenean. 

Era berean, Finik testamentuan idatzita utzi zuen Anttonek amaren aldetik jasotako kutxa zaharra Larraulgo herriari dohaintzan uztea. Egun, bertako ekomuseoan dago ikusgai.  

 


Ana Carrere
Andoaingo alkatea


"Bihotzez, eskerrik asko Fini"

 

Josefina Rubio Tío. Edo Fini, berak nahi zuen moduan. Andoaindar askok ez dugu ezagutzeko plazerik izan. Horregatik hasiko dut gutun hau esplikatuz Fini Valladoliden jaio zela, eta gazte zelarik, Madrilera joan zela bizitzera, bertan ezkerreko mugimendu antifrankistekin aliatuz.

Soziologoa, ezkertiarra eta feminista, Unibertsitateko irakaslea, kultur handiko emakumea. Halakoxea genuen Fini. Han eta hemen ibili ostean, Euskal Herriko bidea hartu zuen Finik eta segituan murgildu zen Euskal Herriko mugimendu abertzalean, beti ere, Euskal Herri feminista eta ezkertiar baten alde eginez.

Zoritxarrez, ohituta gaude, gure gizarteari hainbeste eman dioten emakumeak itzalean geratzen. Egia da ez zituela oso gustuko aipamenak Finik. Horrela joan zen 2016ko otsailaren 28an, ixilik eta zarata askorik atera gabe. Baina orain, lehen lerrora ekarri nahi dugu Fini; “Zergatik?”-galdetuko duzue. Bada, bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkiogulako.

Izan ere, Finik, bere hainbat ondasunen oinordeko egin gaitu Andoain eta beste hiru herri (Hernani, Errenteria eta Pasaia). Eta baldintza jarri digu: diru hori bidera dadila baliabide eskasak dituzten eta inguruan euren zaintzaz arduratuko denik ez duten hirugarren adineko pertsonentzat. Bada, bere desioak mandatu dira guretzat.

Hitz xume hauekin, bihotzez eskerrak eman nahi dizkizugu Fini, eta Andoaingo Udalaren izenean, zera esan nahi dizut: ziur egon zure nahia eta agindua beteko dugula; pozarren gainera.

Inoiz baino behar handiagoa baitu gizarte honek horrelako laguntzak jaso eta ekimenak bultzatzeko. Geuk ere sinesten dugulako beste mundu bat posible dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!