Ollogoien, udaleku herria billabonatar askorentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 4a, 02:00

Malkar aisialdi taldeko kideak aspalditik joaten dira Ollogoien herrira. Ainhoa Iraola eta Alazne Larrañaga begiraleek Nafarroan igarotako hamabi egunetako udalekuaren balorazioa egin dute.

{{IMG-35815}}
Tradizio luzeko udalekua izanagatik, iaz ez zen txandarik antolatu. Aurten, zorionez, aspaldiko ohiturari berrekin diote. Begiraleen artean Ainhoa Iraola eta Alazne Larrañaga lan eta lan aritu dira aurtengo udalekuetan.

 

Lehen aldia al da begirale moduan joan zaretela? Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Ainhoa Iraola. Aurtengoa bigarren urtea izan da niretzat. Orokorrean ondo joan da. LHko bosgarren mailatik hasi eta DBHko lehen maila bitarteko gazteak joan dira, eta baita bigarren mailako batzuk ere. Azken horiek ere joan egin nahi zuten eta aukera hori eman diegu ikasturte osoan zehar gurekin ibili baitira Malkar aisialdi taldean. 

Alazne Larrañaga. Nire lehen aldia izan da. Begirale titulua lortzeko teoria gainditu nuen eta Ollogoienen burutu ditut praktikak. Hasieran apur bat beldurtuta joan nintzen, ez nuelako harreman handiegirik gainontzeko begiraleekin. Bertara iristean, ordea, segituan oso harreman ona sortu zen. Hurrengo urtean berriz ere joateko gogoz nago.

 

Zer moduz moldatu zarete gaztetxoekin?

A.L.: Jauzi handia dago LHtik DBHko gazteetara. Ez du lehen bistan hain tarte handia ematen, baina badago aldea. Adin-tarte bakoitzaren jarrera ezberdina da. 

A.I.: Guztion artean talde bat sortzean egon da gakoa. Adin-tarte ezberdinetakoak izan arren, oso ondo moldatu gara.

Nolako ekintzak antolatu dituzue?

A.I.: Nahiko mugatuta egon gara. Izan ere, hamabi egunetatik bostetan igerilekura joan gara; eta goiz osoa behar izaten dugu bertara iristeko. Bost kilometro ingurura dago igerilekua, eta oinez joaten gara. Behin hara iritsita, egun guztia bertan igarotzen dugu. Beraz, ekintzak egiteko tarterik ez dugu egun horietan.

A.L.: Gazteek ere eskertzen dute igerilekura joatea, eta bertan denbora librea edukitzea.

A.I.: Ruta edo ibilbide bat ere antolatu genuen, gaua kanpoan igaroz. Artabi eta Antzinera joan ginen.

A.L.: Gainontzeko egunetarako, adin-tarte guztiei egokitutako ekintzak antolatzen saiatu gara. Hala ere, beraiek ere egin dituzte proposamenak. Esaterako, mahai-tenis lehia. Eurek sortu eta diseinatu zituzten kopak. Guztia beren iniziatibatik sortu eta bideratu zen.

 

Oker ez bagaude, udalekuetan gai bat hartzen duzue oinarri…

A.I.: Halaxe da. Aurtengo gaia Olinpiar Jokoak izan dira. Eta Ollogoiengo udalekuak Malkarreko Joko Olinpiko modura izendatu genituen. Lehen egunean, esaterako, begirale bakoitzak kirol jarduera bat aukeratu eta antzerkiaren bitartez ongietorri modukoa egin genien.

Kirola ardatz harturik, ezintasun fisikoak dituzten kirolarien azalean jartzen laguntzeko ekintzak ere antolatu genituen. Esaterako, futbol egokitua edota briletean esku batekin jolastuz…

 

Udalekuetako azken eguna berezia izaten da. Aurten zer egin duzue berezi izateko?

A.I.: Erromatarrez mozorrotu gara. Oheko maindireak hartu eta soineko moduan erabili genituen.

A.L.: Makillatu ere egin ginen. Neska eta mutilak, nahi genuenok aurpegia margotu genuen.

 

Urteroko kezka izaten da ea datorren urtean Ollogoienera joaterik izango ote den. Nola dago panorama?

A.I.: Iaz ez zen egin. Aurten, berriz, uste genuena baino jende gehiagok eman du izena. Aurtengo balorazio ona ikusita, espero dugu datorren urtean  aukera izatea. Gainera, begirale berriak etorriko dira Malkar aisialdi taldera. Baina honen guztiaren atzean lan batzordea dago, eta apaiza ere bai. Ikasturte berrirako apaiz berria etorriko denez, ikusiko dugu zer gertatzen den.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!