Kanpezu, andoaindar askoren gaztaroari lotutako herria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko ira. 4a, 02:00

Igor Bere La Salle Berrozpeko udako kanpaldiko zuzendaria da. Hamalau urte daramatza begirale moduan Kanpezura joaten. Arabako herria gune finkoa da aisialdi taldearentzat.

Uda hasierako asteetan Andoaingo gaztetxo asko udalekuez gozatzen aritu da natur gune paregabean. Aurreko belaunaldietako askoren modura, aurten ere gaztetxoek Arabako Kanpezu herrian udaz eta aisiaz gozatu dute.


{{IMG-35813}}

Zer moduz joan da aurtengo kanpaldia?
Egia esan, oso ondo. Aurtengoan erronka polita izan dugu, bost txanda antolatu baititugu. Oso ondo joan dira bostak, eta oso pozik gaude.

Zenbat gazte joan ohi da kanpaldira?
70 pertsonentzako lekua du gure kanpalekuak, baina segurtasunagatik lagun gutxiago joan ohi gara. 30 ikasle inguru, 6 begirale eta hainbat sukaldari joaten gara txanda bakoitzean. Guztira, bost txandatan 200 lagun inguru. Kanpin-denda bakoitzean 14 pertsona sartzen dira.

Bost txanda, askotxo da hori ezta?
LHko bost eta seigarren mailatatik txanda bana antolatu da. Aurten, DBHkoak banandutako txandatan joatea erabaki dugu. Bestetik, txanda ibiltari bat dugu, Delta izenekoa, Euskal Herriko herri ezberdinak ezagutzeko aukera ematen diguna.

Andoaindik hasten al zarete Deltako ibilbidea egiten?
Iaz bai, Andoaindik hasi ginen Andoainek herri moduan 400 urte betetzen baitzituen. Aurten beste ibilbide bat egin dugu; Maeztun hasi eta Vianan amaitu duguna. Deltako ibilaldia Kanpezuren inguruan egin ohi dugu, ehun kilometroko distantziaren barruan.

Kanpaldian zehar irteerak ere egiten dituzue. Nora?
Txanda asko daudenez, adinaren arabera planifikatzen da eta pixkanaka egun tarteak luzatzen joaten dira. Hasieran, bosgarren mailakoak ez dira irteten kanpalditik. Seigarren mailakoek gau bat egiten dute kanpalditik kanpo, DBH 1 eta 2. mailakoek bi gau eta DBH 3. eta 4. mailakoek ia denak; txanda ibiltaria baita.

Zer motatako ekintzak antolatzen dituzue?
Urtero berritzaileak izaten saiatzen gara. Hala ere, badaude beti mantentzen ditugun ekintzak. Kanpalditik kanpo, esaterako, igerilekuetara joatean gara edota bisita kulturalen bat egiten dugu…  Aurten, Errioxako Marques de Riscal upategian izan gara. Kanpaldi barruan, berriz, kirolak hartzen du protagonismoa. Ekintza ezberdinak antolatzen ditugu ibaian; erreka jaitsierak, saltoak… Basoaren erdian gaudenez, kirol-lehiaketak ere egiten ditugu, baita mendi ibilaldiak ere. Azken hauek ez zuten arrakasta handiegirik edukitzen eta kendu egin genituen. Aurten aukeran jarri dugu eta nahiko arrakastatsua izan da. Joar mendira (1.417 m) joan ginen 30 lagunetik 20 inguru. Puntara iristean sekulako poza hartu genuen denok.

Euskararen erabilerari garrantzia handia ematen diozue kanpaldian…
Bai. Euskal kultura ekintzatan islatzen saiatzen gara bertso-saioen edota euskal ginkanaren bitartez. Gure helburu nagusietako bat euskara sustatzea da, garrantzia handia ematen diogu.

Basoaren erdian egonda, ingurumena zaintzeari ere bai noski…
Helburu nagusien artean dago. Ezinbestekoa da basoa ondo zaintzea. Nahiko ezkutatuta dagoen zelai batean gaude, eta bertan belarra, zuhaitzak eta ibaia daude. Beraz, ezinbestekoa dugu lekua ondo zaintzea. Saiatzen gara txikitandik gaztetxoenak basoa garbitzearen beharraz kontzientziatzen, eta nola zaindu erakusten. Gure ingurune naturala zaintzen ikasiz gero, hurrengo belaunaldiek ere gozatzen jarraituko dute.

Urte askoan joaten jarraitzeko asmoa duzue, beraz?
40 urte inguruan mantendu bada, atzetik proiektu hau bultzatzen jende asko lanean aritu delako da. Begirale, guraso nahiz sukaldari nahiko gogotsu gaude jarraitzeko. Gustatuko litzaiguke datozen belaunaldikoek gure kanpaldia zaintzea, hurrengoei ere aukera ematen jarraitu ahal izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!