Nolako egoera bizi dute Txernobilen Snizhana eta Dianak?
Begoña Azkue. Txernobilen ez dute etorkizun handirik. Lanpostu bat lortzea oso zail dute. Gainera, oso gazte edukitzen dituzte haurrak. Beraien amak, esaterako, hogeita hamar urte beteko ditu aurten eta sei haurren ama da. Gurearekin alderatuta, oso bestelako pentsamendua dute. Hemen bi hilabete igaro arren, beren pentsamendua ez da aldatuko. Nik esaten diet ahal duten arte ikasten jarraitzeko, iritsiko zaiela haurrak izateko garaia.
Euskal Herrira iristean, mediku kontsultara joan behar izaten dute. Urtetik urtera osasuntsuago itzuliko dira bueltan, ezta?
B.A. Ez da beharrezkoa medikuarengana joatea. Snizhana aurten eraman dut lehen aldiz lau urtetan. Ikusmena gutxitu zitzaiola kexu zen, baina dena ondo zegoela esan zigun medikuak. Dentistarengana, berriz, urtero joan ohi gara. Egia da urteak igaro ahala hobera egiten dutela, indartuago egon ohi direla. Dianaren kasuan, bosgarren urtea da Asteasura etortzen dela, eta Snizhanarena bigarrena. Txernobilen ere nabari omen dute etxekoek hemen igarotzen dituzten bi hilabeteen ostean osasuntsuago bueltatzen direla.
Joan al zara sekulan Txernobilera bisitan?
B.A Ez. Aurten joan da Txernobil Elkartetik talde bat, hondamendi nuklearra gertatu zela hogeita hamar urte bete baitira. Azkenean, ez nintzen joan. Snizhana eta Dianari galdetu nien ea ni joatea nahi zuten, baina ez zuten gogo handiegirik erakutsi. Orain, berriz, datorren urtean joateko esaten didate. Ea posible den.
Harremanik mantentzen al duzue urtean zehar?
B.A. Ez asko. Telefonoz, oso tarteka. Txernobilera joatean honetaz guztiaz deskonektatzen dute. Beraiek ez dute etxean Internet konexiorik, orduan zailagoa da harremana mantentzea. Hortaz, telefonoa da gure harremanetarako bidea. Eta hori bai, euskaraz egiten dugu, beraiek ere urtean zehar apur bat praktika dezaten.
Abuztuaren 26an itzuli ziren etxera. Penaturik sumatu al zenituen abiatu aurretik?
B.A Bai. Urduri jartzen hasten dira azken egunak gerturatu ahala. Hasierako urteetan gustura joan ohi ziren etxera. Orain, aldiz, penatuago joaten dira. Dianak, zaharrenak, ez duela joan nahi esaten du.